FUTBOLA

Puntuak lortzeko aurkari zailak

Athleticek Txapeldunen Ligako postuetan amaitu dezake eguna Gironari irabaziz gero. Alavesek Bartzelona liderra jasoko du etxean, eta Realak, Atletico Madril.

ATHLETIC GIRONA
Athleticen eta Gironaren arteko partida bat, joan den denboraldian, San Mamesen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
inaut matauko rada
2024ko urriaren 6a
05:00
Entzun

Osasunak Getaferen aurka puntu bat erreskatatu ostean, gainontzeko euskal taldeen txanda da gaurkoan. Hirurek, baina, Txapeldunen Ligan jokatzen duten taldeak izango dituzte aurrean. Athleticek Gironari egin behar dio bisita Montilivin (14:00, Movistar +), Alavesek Bartzelona jasoko du Mendizorrotzan (16:15, Movistar +), eta eguna Realaren eta Atletico Madrilen aurkako partidak itxiko du, Anoetan (21:00, Movistar +).

Txapeldunen Ligako postuetan sartzeko aukera du gaur Athleticek. Gain behera doan Girona bisitatuko du Ernesto Valverderen taldeak, eta, hiru puntuak lortuta, goian jarraitzeko kapaza dela erakutsiko du. Bolada gozoan daude zuri-gorriak: azken lau partidetatik hiru irabazi eta bat berdindu dute, hamar puntu bilduz. Oso bestelakoa da Gironaren egoera, azken lau partidetan bi puntu eskuratu baititu soilik.

Hala ere, Valverderenek gogor egin beharko dute lan, Girona bere onenean ez badago ere, joan den denboraldian ligako talde onenetako bat dela demostratu baitzuen. Horrez gain, Txapeldunen Ligan partida onak jokatzen ari da, nahiz eta ez duen punturik lortu.

Seigarren postuan dago ligan Athletic —atzo pasatu zuen Osasunak—, eta laugarrena, Atletico Madril, bi puntura du. Liga hasiera zaila izan zuen Athleticek, aurkari zailen aurka aritu baitzen: besteak beste, Atletico Madrilen eta Bartzelonaren aurka. Hala ere, jardunaldiek aurrera egin ahala, iazko joko ona berreskuratu dute lehoiek, zaleei gogoraraziz ligako talde onenetakoa dela. Europa ligan ere hori erakutsi zuen ostegunean, 2-0 garaitu baitzuen AZ Alkmaar.

Taldeko golegileetako bat berreskuratu du, gainera, Valverdek: Sancet. Europa ligako partidan itzuli zen, aurrez bi partida galdu eta gero, gainkarga txiki batengatik. Yeray Alvarezek lesionatuta jarraitzen du, eta Nico Williams eta Vesga ere etxean geratuko dira. Beñat Prados eta Ander Herrera deialdira itzuli dira.

Onenen aurka

Realak gogor egin beharko du lan gaur puntuak eskuratu ahal izateko, Atletico Madril jasoko baitu Anoetan. Azken urteetako liga hasiera kaxkarrena egin du Imanol Alguacilen taldeak: lau partida galdu ditu, bi berdindu, eta bi soilik irabazi ditu. Txuri-urdinetan ohikoa bihurtu da denboraldia ondo hasi, eta azken hilabeteetan behera egitea, baina aurten ez dute abiada hori hartu hasieran.

Hamalaugarren postuan dago Donostiako taldea, eta, egoera zailean badago ere, puntuak bildu ditu azkenaldian. Ligako azken partidan aise irabazi zuen Valentziaren aurka (3-0), Orri Oskarssonen bi golekin, baina ostegunean 1-2 galdu zuen Anderlechten aurka. Ligan erakutsitako hobealdi horrek Atletico Madrili gogoz aurre egiteko lagundu diezaieke txuri-urdinei.

Zakharyanek eta Traorek lesionatuta jarraitzen dute Realean, eta Zubeldia, Odriozola eta Becker itzuli dira taldera. Elustondo eta Turrientes ere ez dira hautatuak izan partidarako.

Dudarik gabe, Alavesek du zailen gaur puntuak lortzea. Mendizorrotzan jasoko du Bartzelona, ligako liderra. Puntu gehien bildu duen taldea da Bartzelona, baita hoberen jokatu duena ere, alde handiz. Ligako azken partida galdu bazuen ere, Txapeldunen Ligan 5-0 menderatu zuen Young Boys Suitzako taldea.

Nahiz eta azken bi partidak galdu, ederki hasi du Alavesek liga, hamar punturekin 11. postuan kokatuta. Helburu nagusia lehen mailan geratzea du taldeak, eta, liga luzea bada ere, zaila dirudi helburu hori ez betetzea. 18. postua, jaisteko postuetan lehena, bost puntura du, eta inguru horretako taldeak baino gehiago dela erakutsi dute zelaian babazorroek.

Sendategia nahiko hutsik duen arren, paziente berriak ditu Luis Garcia Plazak. Novori Sedlar eta Guridi gehitu zaizkio erietxera, baina Abqar azkenean deitu egin ahal izan du entrenatzaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.