Futbola Espainiako Lehen Maila

Puntu positiboa erdietsi du Alavesek Vila-realen aurka

Bana berdindu du Alavesek Vila-realen aurka, eta valentziarrekin duten bi punturen aldeari eutsiko diote babazorroek.

(ID_13588653) (Endika Portillo/@FOKU) 2024-02-10, Gasteiz. Futbola
Alex Solak jaraipena eman dio Bartzelonaren aurka egindako partidari eta bikain aritu da gaur. ENDIKA PORTILLO / FOKU
pettan uralde
2024ko otsailaren 10a
16:00
Entzun

Alavesek 1-1 berdindu du Vila-realen aurka, erritmo handia eta erasoko jokaldi ugari izan diren norgehiagoka batean. Lehen zatia zoroa izan da. 25. minutuan Alaves aurretik jarri da, Samu Omorodionen golari esker, baina, atsedenaldira iristeko bi minutu eskas falta zirela, berdinketa lortu du kanpoko taldeak, korner batean. Bigarren zatiak ere bide beretik jo du, baina defentsan nabarmen hobetu dute, eta ez da talderik gailendu.

Hobe sartu da Vila-real partidara, kontrol eta eraso gehiagorekin, baina segituan berdindu dituzte indarrak babazorroek. Lehen bost minutuak baloiaren atzetik eman ondoren, markagailua irekitzeko aukera argia izan du Alavesek. Baloi solte bat jaso du Guridik area barruan, Alavesen kontraeraso on baten ondoren, baina erdilariaren jaurtiketak Jorgensenen atearen ezker zutoina jo du.

Talde valentziarrak erantzun nahi izan du, eta, aukera izan duen arren, huts egin du. Kiko Femenia babazorro ohiak baloi bat lapurtu du korner baten irteeran, eta atezainaren aurrean bakarrik jartzeko aukera izan du. Baina ez du bere lasterketan sinetsi, eta baloia eman dio desabantailan zegoen Alex Baenarri, eta jokaldia are gehiago korapilatu du horrek.

Partida zoratzen hasi da orduan, talde baten eta bestearen joan-etorriekin, inongo geldialdirik gabe. Alavesek aukera bikoitza izan du; lehenik, Solak egin du jaurtiketa area barrutik, Jorgensenen erantzunaren aurrean. Baina aldaratzean, beste jaurtiketa bat egitea lortu du Blancok, atezain horiarekin berriro topo egin duen arren.

Eta hurrengo jokaldian Vila-realena izan da aukera argia. Kontraerasoan egin dute, Sorlothen ekintza on batean, eta Gerard Morenori baloi bikaina uzteko patxada izan du. Morenok kanpora bidali du jaurtiketa, baina partida izaten ari zuen erritmo biziaren erakusle izaten ari ziren jokaldi guztiak.

Partida baretzen ari zenean jo du Alavesek lehena. Kontraerasoa harrapatu dute, Solaren gidatze bikain batekin, eta erdiraketa ederra egin du babazorroen 9 zenbakiaren burura. Samu Omorodionek, defentsetatik aldenduta, denbora eta patxada nahikoa izan du Jorgensenen irteeran aurkako zutoinean baloia ipini eta gola sartzeko. Jadanik bederatzi gol sartu ditu Ligan 19 urteko aurrelari gazteak.

Berdinketa momentu onenean

Baina futbola apetatsua da, eta etxeko taldea momentu onena igarotzen ari zenean iritsi da berdinketa. Vila-real suspertu ezinik zebilen, eta eskuin hegalean Solak behin eta berriz egiten zituen erasoak pairatzen ari zen. Hala ere, geldikako jokaldietan dena berdindu egiten da, eta asmatu ezinik zebilen Vila-Realek gola sartu du atsedenaldiaren aurretik. Korner jaurtiketa batean, Cuenca gailendu da denen gainetik, eta bikain errematatu du Siveraren eskuin zutoinetik sartzeko.

Gogotsu irten da berriro Alaves bigarren zatirako, eta, baloiaren jabetzatik hasita, haziz joan nahi izan du Luis Garcia Plazaren taldeak. Baina atsedenaldian hainbat zuzenketa egin ditu Vila-realek, eta etxeko taldeak ez ditu aurkitu lehen zatian topatu dituen espazioak. Berdindu egin dira bi taldeen indarrak, eta oreka horretan segurtasun gehiago lortu du Vila-realek Alavesek baino.

Berdinketa emaitza positiboa litzateke bi taldeentzat, baina ez diote uko egin erasoari, eta berriro irekitzen hasi da partida. Lehenik Vila-realek izan du berdinketa puskatzeko aukera. Ilias jokalari gazteak Sorloth area barruan aurkitu du jokaldi bikain baten ostean, eta norvegiarraren jaurtiketa Siverak baztertu du primerako geldiketa batekin. Erantzuna Carlos Vicentek egin du, Guridiren erdiraketa buruz errematatu duena, baina langaren goialdetik joan da.

Lan bikaina egin dute bi taldeek hiru puntuen bila, baina horrelako kasuetan hobe da puntu bat eskuan, haizean hiru baino. Eta bai Alavesek eta bai Vila-realek defentsa lehenetsi dute erasoa baino gehiago. Omorodionek izan du aukera xume bat luzapenean, baina kanpora joan da errematea, eta berdinketarekin amaitu da norgehiagoka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.