Lehen denboraldia du Dani Perezek (L'Hospitalet de Llobregat, Katalunia, 1990) Delteco Gipuzkoa Basketen; laugarrena ACB ligan. Pozik dago taldea ondo ari delako eta Porfi Fisacek konfiantza duelako berarengan.
Bi aste daramatzazue partidarik jokatu gabe. Berriro lehiatzeko gogoz egongo zarete, ezta?
Bai. Bi aste hauek indarrak hartzeko eta burua argitzeko balio izan digute, baina taldea berriz jokatzeko irrikaz dago. Zortzi garaipen ditugu, eta ondo kokatuta gaude mailari eutsi ahal izateko. Alde horretatik, burua hotz izan behar dugu. Baina badakigu hemendik aurrera are zailagoa izango dela irabaztea, eta gogoz gaude falta zaizkigun hiruzpalu garaipen horiek ahalik eta azkarrena lortzeko.
Bilbo Basketek bi jokalari fitxatu berri ditu: Ben Bentil eta Nicola Rebic. Bi jokalari horiek zertan alda dezakete bere jokoa?
Ez dut uste asko aldatuko duenik. Haien oinarria orain artekoa izango da: Tabu, Mumbru, Hervelle, Granger, Redivo... Haiek eramango dute jokoaren zama. Baina argi dago bi jokalari horiek gauzak emango dizkietela. Ben Bentil hegal pibot oso fisikoa da. Uztaipean jokatu ohi du, baina kanpotik ere jaurtiketa ona dauka. Nikola Rebic, berriz, joko antolatzaile gaztea da, Serbiako eskolakoa: talentu handia du, eta puntuak erraz sartzen ditu.
Haiek zuek baino bi garaipen gutxiago dituzte, eta estuago daude sailkapenean. Horren presioa antzeman dezakete?
Azken minutuetara emaitza parekatu batekin iritsiz gero, nik uste dute antzeman dezaketela sailkapenaren behealdean egotea eta zaleen aurrean jokatzearen presioa. Hori dela eta, uste dut intentsitate handiz hasiko dutela partida, defentsa gogor bat egiten eta erasoan bizi jokatzen. Errenta on bat lortzea eta hori kudeatuz jokatzea izango da haien asmoa. Guk, berriz, adi ibili behar dugu, eta bizitasun berarekin jokatu. Haien hasierako bultzada hori geratzen badugu, aukerak izango ditugu irabazteko.
Nolako partida komeni zaizue?
Etxetik kanpo garaipena lortu dugun partidetan, kontrarioek 70 puntu inguru sartu dizkigute. Horrenbestez, ez zaigu puntu askoko partida komeni. Haiek 80-90 puntu sartzea lortzen badute, asko zailduko zaigu irabaztea. Beraz, oso sendo egon behar dugu defentsan, eta hortik abiatuta, erasoan ohikoa dugun bizitasunarekin jokatu.
Zertan dira haiek zuek baino hobeak? Eta alderantziz?
Ziurrenik haiek eskarmentu handiagoa dute. ACB ligan urte asko daramatzaten jokalari ugari dituzte, oso errespetatuak direnak, eta ondo baino hobeto menderatzen dituztenak jokoaren eta lehiaren zirrikitu guztiak: Mumbru, Hervelle, Salgado... Guk, ordea, talde gazteagoa dugu. Baina horrek eman behar digu irrika eta indarra halako partidetan ondo lehiatzeko, eta irabazteko. Bestalde, uste dut gu hobeak garela errebotearen zaintzan.
Espero zenuen Bilbo Basket horren behean egotea?
Dituen jokalariei erreparatuta, ez. Baina ACB liga gero eta lehiatuagoa da. Irabaztea gero eta zailagoa da, eta azkenean lehiaketak talde bakoitza bere lekuan jartzen du sailkapenean.
22 minutu jokatu dituzu batez beste. LEB ligatik zatozela eta Kenny Cheryrekin lehiatu behar duzula kontuan hartuta, pozik zaude egiten ari zaren lanarekin?
Bai, oso pozik. Porfi nigan konfiantza duela erakusten ari zait egunero. Gauza sinple bat eskatzen dit: nik dakidan bezala zuzentzeko taldea. Kantxan hartzen dudan edozein erabakiren aurrean babestu egiten nau, eta, horri esker, ni lasaiago eta gusturago nago taldearen barruan.
Zer ematen diozu zuk taldeari Cheryk ematen ez diona?
Kennyri bizi jokatzea gustatzen zaio, eta saskira asko begiratzea. Oso jaurtitzaile ona da. Ni kontrakoa naiz. Zuzentzea gustatzen zait, taldekideei jokaraztea. Gainera, lasaiagoa naiz. Hobeto moldatzen naiz geldikako jokoan.
Zer ikasten ari zara harengandik?
Agian, lotsagabea izaten jokatzean eta uztaiari begiratzean. Baina jokalari bakoitzak bere izateko eta jokatzeko modua dauka, eta badira hark dituen hainbat gauza nik sekula izango ez ditudanak, eta alderantziz.
ACB ligara itzultzeko itxaropena bazenuen?
Bai. 27 urterekin itzultzeko gogoa eta irrika neuzkan. Fuenlabradako azken denboraldian zorte txarra izan nuen. Lesio baten erruz ez nuen nire maila eman. Baina argi nuen, halaber, ez zela erraza izango itzultzea. ACB ligako taldeek gehiago begiratzen dute kanpora, eta LEB ligako jokalarientzat zaila da mailaz igotzea.
Liga asko aldatu da?
Ez. Agian, beheran dauden taldeen maila igo egin da. Sevilla eta Joventut taldeek jokalari onak dituzte, eta harrigarria da horiek hor behean ikustea. Horrek agerian uzten du zein maila dagoen. Aspaldi ez bezala, azken sasoian igoerak eta jaitsierak egon dira, eta LEBeko goialdeko taldeak estutzen ari dira, badakitelako aukera hori egon daitekeela.
Fuenlabradaren eta Kanaria Handiaren pabiloi beroetan jokatzea egokitu zitzaizun, etxeko jokalari gisa. Nola bizi duzu orain Illunbe hutsik ikustea?
ACB ligako azken urteak ez ziren onak izan, eta zaleek etortzeari utzi zioten. Argi dago nabaritzen dela, zaleen bultzadak beti ematen digulako zerbait gehiago. Baina horri buelta ematen ari gara. 2.000 zaletik gora datoz batez beste orain, eta egon dira 4.000 bildu diren partidak. Hori urrats bat da. Porfik hasieratik argi esan zigun:2.000 bazetozen 2.000 horiek urte osoan etor zitezen lan egin behar genuela, eta pixkanaka igotzen joan behar zutela. Gu dena egiten ari gara horretarako.
Dani Perez. Delteco GBCko jokalaria
«Puntu gutxiko norgehiagoka komeni zaigu»
Dani Perezek beste edozein partida bezala prestatu du gaur Miribillan Bilbo Basketen aurka jokatu beharreko derbia (12:30). Halere, aitortu du «emozio aldetik» berezia dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu