GIRONA 0-0 REALA

Puntu gazi-gozoa lortu du Realak Gironan

Bi taldeak nor baino nor gehiago aritu dira, baina ez dute asmatu atearen aurrean. Odriozolak, Beckerrek eta Oiartzabalek min hartu dute.

(ID_13563761) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Mikel Oiartzabal, etsita, min hartu eta gero. SIU WU / EFE
Julen Etxeberria.
2024ko otsailaren 3a
23:20
Entzun

Onik eta txarrik izan du Realak gaur gauean Gironan (Herrialde Katalanak) jokatu duen partidak—hutsean berdindu du—. Alde ona, Imanol Alguacilek entrenatutako taldea nor baino nor gehiago aritu dela Espainiako Lehen Mailako bigarren sailkatuarekin. Haren zelaian aritu da, gainera. Meritu handia du horrek.

Emaitzan ez ezik, jokoaren beste zenbait alorretan ere berdindu dute. Biek izan dituzte oso aukera garbiak gola sartzeko, baina ez dute asmatu atearen aurrean: Gironan, Yangel Herrerak; eta Realean, Brais Mendezek. Bietan atezainak bikain aritu dira. Biei ere gol bat baliogabetu diete jokoz kanpo egoteagatik: Gironan, Yangel Herrerari, eta Realean, Oiartzabali. Azkenean, berdindu egin dute.

Baina neurketak ere izan du alde txarrik Realarentzat, hiru jokalarik hartu baitute min: Odriozola hasi eta berehala lesionatu da; Becker, bigarren zatia hasi eta gutxira; eta Oiartzabal, luzapenean. Hirurek utzi behar izan dute zelaia. Kezkagarria da, talde txuri-urdinak hiru egun eskas barru jokatuko baitu berriro. Gainera, oso neurketa garrantzitsua da: Mallorcan (Herrialde Katalanak) ariko da astearte gauean, Espainiako Kopako finalerdietako joaneko partidan. Ikusteko dago hiru jokalari horietatik zenbat osatuko diren norgehiagoka horretarako.

Egoera ikusita, Imanolek izugarri eskertuko du gaur Afrikako eta Asiako kopetan gertatutakoa. Malik eta Japoniak agur esan dute final-laurdenetan; beraz, Realeko entrenatzaileak nahi izanez gero, Hamari Traorek eta Take Kubok Mallorcaren aurka joka dezakete. Berri oso ona da. Ikusteko dago zer-nolako sasoia duten, baina taldeak edozeinen laguntza eskertuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.