FUTBOLA

Puntu bat lortuta egin du Realak Europa Ligako estreina

Realak berdinketa lortu du Nizaren aurka (1-1). Barrenetxeak sartu du txuri-urdinen gola, eta Remirok penalti bat gelditu du bigarren zatian.

Hamaikakora itzuli da Brais Mendez galiziarra. SEBASTIEN NOGIER / EFE
Hamaikakora itzuli da Brais Mendez galiziarra. SEBASTIEN NOGIER / EFE
pettan uralde
2024ko irailaren 25a
23:03
Entzun

Realak berdinketa lortu du Nizaren aurka, Europa Ligako lehen partidan. Barrenetxearen gol batekin aurreratu dira txuri-urdinak, baina atsedenaldiaren aurretik berdinketa izan da. Bigarren zatian, Pachecok penaltia egin du, baina Remirok geldiketa egin du, eta berdinketari eutsi. Argi-itzalak izan ditu Realaren jokoak, baina hobeto sentitzen hasteko lehen pausoa eman du Nizan (Frantzia).

Azken asteetako zurrumurruaren aurrean, Imanol Alguacilek ez du beldurrik eduki enegarren proba egin eta harrobiko bederatzi jokalari zelairatzeko hasieratik. Gaurkoa Europa Ligako lehen partida izanda ere, ez da eragozpena izan entrenatzaile txuri-urdinak sistema berri bat probatzeko, eta defentsako bost jokalarirekin, hiru erdilarirekin eta bi aurrelarirekin atera da Nizaren aurka. Berritasunen artean, Jon Martin eta Pablo Marinen presentzia nabarmendu da. Brais Mendez ere hamaikakora itzuli da, min hartuta azken hiru partidak galdu ostean.

Bosteko defentsa lerroak ez dio erasotzea eragotzi Realari, eta Odriozolak eta Aihen Muñozek ohi baino gorago jokatu dute hasieratik. Haatik, horrek ere eragin zuzena du defentsan. Nizak erraz aurkitu ditu espazioak hegaleko defentsen bizkarrean, eta bizpahiru iritsiera arriskutsu egin dituzte lehen txanpan. 

Zutoinen arteko jaurtiketarik ez du egin Realak, baina haiek ere arriskua sortzeko gai izan dira Nizaren atetik gertu. Zortzigarren minutuan, Brais Mendezek bakar-bakarrik utzi du Oiartzabal area barruan, baina aurrelari eibartarraren kontrola txarra izan da. Baloi hori mendean hartu izan balu, penaltia eragiteko egoeran geratuko zen txuri-urdinen kapitaina, baina huts egin du. 

Joan-etorri bizian aritu dira bi taldeak, zelai erdia guztiz saltatuta, eta ia jokaldi guztietan kontrako arearaino iritsita. Bukaeran, ordea, ez zuten asmatzen, eta atezainek arazo handirik gabe gelditu dituzte jaurtiketak. Baina, halako batean, Niza gehiegi fidatu da baloi irteeran, eta Realak ez dio barkatu. Nizak baloia galdu du bere zelaian, eta Brais Mendezek atezainaren aurrean utzi du Barrenetxea pase batez. Donostiarrak ez du bitan pentsatu, eta zartada batez jarri du baloia angeluan, markagailuan aurreratzeko.

Sutsu ospatu du Barrenetxeak bere gola. SEBASTIEN NOGIER / EFE
Sutsu ospatu du Barrenetxeak bere gola. SEBASTIEN NOGIER / EFE

Reala eroso sentitu da golaren ostean. Txuri-urdinak golik sartu gabe ziren abuztutik, eta zama kendu dute gainetik. Ezin esan partida kontrolpean zutenik, baina eraginkorrago ari ziren zelaiaren bi aldeetan. 0 eta 2koa ere ez dute urruti izan. Kontraeraso azkar bat eginda, Oiartzabal atezainaren aurrean geratu da berriro, baina Clauss atzelaria garaiz iritsi da jaurtiketa aldaratzeko.

Atsedenaldia iristear zen, eta Reala gustura zegoen, markagailuan aurreratuta zegoela kontuan hartuta. Defentsan, ordea, oraindik ere hauskor dabilela berretsi du. Aihen Muñoz baloia urruntzen saiatu da, baina Rosario erdilariari oparitu dio baloia, eta herbeheretarrak berdinketa lortu du jaurtiketa gurutzatu batekin. Momenturik okerrenean etorri da etxeko taldearen gola.

Beste hanka sartze bat

Sendotasun apalez ari da jokatzen Reala bere arean, eta atsedenetik bueltan ere beste hanka sartze larri bat egin du. Korner batean, Pachecok kamisetatik heldu dio Nizako kapitainari, eta VAR-eko epaileek penaltia ikusi dute. Zelaikoak ere bere kideen gauza bera ikusi du pantailatxoan, eta penaltia adierazi du. Guessand aurrelaria arduratu da jaurtiketa egiteaz, eta huts egin du, Realaren mesederako. Remirok bikain eutsi dio jaurtiketari, eta, haren geldiketarekin, berdinketa mantendu da markagailuan.

Egonkortasuna berreskuratzeko bidean, oso lagungarriak izan dira azken ordu erdian Alguacilek egin dituen aldaketak. Pixkanaka, ohiko hamaikakoan aritzen diren jokalariak sartu dira; Becker, Susic eta Javi Lopez, esate baterako. Aldaketekin, txuri-urdinak ez dira gehiagotan iritsi Nizaren atera, baina, era berean, gutxiago sufritu dituzte frantziarren erasoak.

Partida estutuz zihoan heinean, talde baten eta bestearen ahulguneak agerian geratu dira. Realak eragin eskasa izan du erasoan, eta azken minutuetan gertuago izan du porrota garaipena baino. Hain zuzen, Nizako bi erdiko defentsek aukera bana izan dute markagailuan aurreratzeko. Lehena urruneko jaurtiketa izan da, Remirok gelditu duena. Bigarrena area barruko jaurtiketa arriskutsu bat izan da, zuzenean kanpora joan dena.

Berdinketa arriskuan izan arren, Reala ez da kikildu, eta ez da atzean giltzapetu. Azken aukerak baliatzen saiatu da Donostiako taldea, arrakasta handirik gabe, baina gutxienez bere atetik urrundu du Niza. Estreinako partida izanik, eta hasiera batean kanpoan jokatuko duen partida zailenetako bat izanik, Realak puntu baliotsu bat eskuratu du Nizan. Defentsan izan duen sendotasunik ezak urrundu dizkio hiru puntuak, baina ez da modu txarra Europa Ligako bidea hasteko.

NIZA-REALA

Niza. Bulka; Ndayishimiye, Bombito, Dante; Clauss, Pablo Rosario, Louchet (Ndombele, 68.min.), Bard; Bouanani (Diop, 68.min.), Moukoko (Orakpo, 74.min.) eta Guessand.

Alaves. Remiro; Odriozola (Aramburu, 60.min.), Jon Martin, Zubeldia, Pacheco, Muñoz (Javi Lopez, 60.min.); Brais Mendez (Sucic, 69.min.), Zubimendi, Pablo Marin; Oiartzabal (Oskarsson, 79.min.) eta Barrenetxea (Becker, 60.min.).

Golak. 0-1. Barrenetxeak (18. min.). 1-1. Rosario (45. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.