Liderraren etxetik puntu batekin itzuli da Athletic etxera. Bilbotarrek 1-1 berdindu dute Montilivin, Gironaren aurka. Erritmo biziko partida izan da, eta bi taldeek aukera ugari izan dituzte gol bat baino gehiago sartzeko. Atzeko lanean arazo gehiago izan dituzte, ordea. Bigarren zatian iritsi dira bi golak. Girona aurreratu da, Tsygankoven gol batekin, baina Iñaki Williamsek berehala egin du banakoa. Hortaz, Gironaren aurka punturen bat lortu duen hirugarren taldea da Athletic. Aurrez Realak eta Real Madrilek soilik lortu dute, sasoi honetan. Berdinketari esker, Europa Ligako postuetan da Athletic, 25 punturekin Realarekin berdinduta.
Joan-etorrikoa izan da lehen zatia. Bi taldeek izan dituzte bizpahiru aukera argi markagailuan aurreratzeko. Erasoan joko bizia erakutsi dute biek. Baloiaren jabetzan paseak azkar kateatuz Gironak, eta ohikoa duen joko zuzenarekin Athletic. Atzeko lerroan, berriz, behartu gabeko akatsak egin dituzte bi taldeek, eta horrek gauzak erraztu dizkie aurrelariei. Bi atezainek, ordea, giltzarrapoa jarri diote ateari Paulo Gazzanigak eta Unai Simonek. Gironak gola egitea lortu du ordu erdia bete gabe zegoenean. Baina jokoz kanpo zegoen Savinho golaren pasea egin aurretik. Cristian Stuanik ere izan du etxekoak aurreratzeko beste aukera garbi bat, baina haren burukada gutxigatik joan da kanpora. Zuri-gorriek ere izan dituzte haien aukerak. Gorka Guruzetak eta Oscar de Marcosek izan du garbiena. Biak gelditu dira bakarrik Gazzanigaren aurrean, baloia oinetan zutela. Baina aurrelariak eskuetara bidali dio baloia atezainari, eta atzelariak, berriz, kanpora.
Athleticek ohiko jokoa egin du lehen zati horretan. Presio itogarria baloia galtzen zuen bakoitzean, eta hegaletatik bideratutako joko zuzena baloia berreskuratu duen bakoitzean. Lan horretan fin aritu da Nico Williams. Ezker hegaleko marrari itsatsita arrisku handia eraman du Gazzanigaren atera baloia izan duen bakoitzean. Hark egin duen lan bera egin du Savinho brasildarrak etxekoentzat. Majo sufritu dute Valverderenek ligako liderraren izarretako bat gelditzeko. Hala ere, golik gabe atsedenaldian: partida bizia, aukera ugarikoa, baina markagailua hutsean.
Golak bigarren zatirako
Lehen zatiari falta izan zaion gol hori bigarren zatia hasi eta berehala iritsi da. Gironak hiru pase azkar kateatu ditu ezker hegalean, eta Savinhok areara erdiratu du baloia, Stuani zegoen tokira. Uruguayko aurrelaria ez da iritsi baloi horretara, baina Tsygankovek, atzetik, ez du barkatu bigarren aukeran. Kontrolik ere egin gabe, lehen kolpean sarera bidali du baloia: 1-0 55. minutuan. Bigarrena sartzeko gertu egon da etxeko taldea, baina Athleticek berehala berdindu du partida. Baloia bere arean berreskuratu dute zuri-gorriek, eta kontraeraso bizia egin dute. Hiru pasetan egin dute areatik arearako bidea, eta Iñaki Williamsek erremate aparta egin du ezkerrarekin, banakoa jartzeko.
Athleticen golarekin iritsi dira etxekoen kezkak. Hori baliatu nahian aurrera dute zuri-gorriek, eta aldaketekin aurrerapausoa egin du Valverdek. Izan ditu aukera batzuk Gazzanigaren atera hurbiltzeko, baina aukera garbirik lortu gabe. Azken minutuetan, Girona bigarrenaren bila aritu da. Zaleen aupada eta bizi duten garai gozoa baliatuz, beldurrik gabe aritu dira partida irabazi nahian. Pablo Torre zelairatu berriak izan du garaipenaren gola sartzeko aukera, baina ongi gurutzatu da Vivian errematea oztopatzeko.