Erroma 1-1 Athletic

Puntu bat batuz itzuli da Athletic Europara

Zuri-gorriek bana berdindu dute Erromaren zelaian. Etxekoak jarri dira aurretik, eta 85. minutuan buruz egin du banakoa Paredesek. Buruarekin baino gehiago, bihotzarekin lortutako puntua izan da.

(ID_14289456) ITALY SOCCER
Berenguer eta Paredes, azken horrek sartutako gola ospatzen. FABIO FRUSTACI / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko irailaren 26a
23:15
Entzun

Sei urte eta erdiren ostean Athletic Europara itzuli da. 2.387 egun ziren kontinente zaharrean jokatu gabe, eta ilusio handia zegoen jokalarien, teknikarien eta zaleen artean bueltarekin. Gainera, agertoki ederra zuen horretarako: Erromako estadio olinpikoa. Aurrean, gainera, aurkari handi bat zegoen: Erroma, Izan ere, Italiako taldeak Europa ligako finala jokatu zuen duela bi denboraldi, eta iaz finalerdietara ailegatu zen. Bada, balio handiko puntu batekin itzuli dira zuri-gorriak Bilbora.

Athleticek ondo ekin dio partidari, baina ondoren Erroma nagusitu da, eta neurketan izan dituen minutu onenak baliatu ditu aurretik jartzeko. Lehen zatia azken txanpan sartzen ari zela izan da. Bigarrenean, Athleticek lan egin du berdinketa lortzeko. Bururekin baino gehiago bihotzarekin egin du, une batzuetan argitasuna falta izan baitzaio jokoan. Ahaleginak azkenean saria izan du, geldikako jokaldi batean Aitor Paredesek gola egin baitu buruz, 85. minutuan. Hala, lehen puntua batu dute ligaxkan. Athleticek hurrengo ostegunean jokatuko du Europa ligako hurrengo neurketa, AZ Alkmaarren kontra, San Mamesen.

Igandean Celtaren aurka jokatuko partidarekin alderatuz, Ernesto Valverdek bost aldaketa egin ditu hasierako hamaikakoan. Leganesena kontra orkatilan min hartu zuen Nico Williamsek, eta Celtaren aurkako norgehiagoka kanpoan geratu ostean, gaurkoan aulkian hasi du partida. Djalo aritu da beste behin haren ordez. Ernesto Valverdek nahiago izan du arriskurik ez hartu. Bestalde, Sanceten tokia Unai Gomezek hartu du. Sancet Bilbon geratu zen atzo, hura ere min hartuta. 

Athleticek ondo ekin dio neurketari. Zelaian ondo jarrita egon da, eta oso goian egin dio presioa Erromari baloia ateratzekoan. Beraz, baloia eduki arren, etxeko taldeak zailtasunak zituen zuloak topatzeko eta gora egiteko. Hori baliatu du Athleticek, eta pare bat aldiz gerturatu da Svilarren atera. Iñaki Williamsen eta Guruzetaren jaurtiketak, ordea, kanpora joan dira.

Minutuak aurrera joan ahala, ordea, partida aldatu egin da. Zuri-gorriek egindako presioa ez da horren eraginkorra eta oldarkorra izan, eta Erromak hartu du aginte makila. Valdanzi eta Dybala azaltzen hasi dira, lerro artean min eginez. Pare bat pase luze eman dizkiote Dovbyki, eta Agirrezabalak bizkor atera behar izan du arriskua aldatzeko. Gainera Athleticeko zelai erdiko eta aurrealdeko lerroen arteko aldea handitu egin da. Ondorioz, gehiago kostatzen zitzaion Svilarren atera iristea. Athletic bere zelaian sartuta zegoen, eta Erroma baloiaren jabe zen.

Hala, 32. minutuan italiarren gola iritsi da. Erromako atzelari batek baloia lapurtu dio Guruzetari, eta bizkor atera da erasora. Baloia Dybalari iritsi zaio eskuinean, baina argentinarrak ondo aldatu du jokoa ezkerrera. Handik azaldu da, bizi, Angeliño. Erdiraketa neurketa jarri du, eta atzetik etorrita gola egin du buruz Dovbykek. 

Lehen zatiko azken txanpan Athleticek apur bat gehiago izan du baloia. Izan ere, Erromak urrats bat egin du atzera, kontraerasoa bilatu, eta errenta handitu nahirik. Lehen 45 minutu horien luzapenean Athleticek aukera ona izan du norgehiagoka berdintzeko, Guruzetari area ertzean egin dioten falta batekin. Baina Djaloren erremate gogorra kanpora joan da.1-0 bukatu da lehen zatia. 

Saria, geldikako jokaldi batean

Lehenengo zatiari bezala, presio estua egiten ekin dio bigarrenari Athleticek. Lehen minutu horietan bi korner behar ditu Valverdek zuzentzen duen taldeak. Gainera, italiarrek baloi irteeran egindako akats baten ostean, Unai Gomezek abagune ona izan du norgehiagoka berdintzeko; bigunegi errematatu du, ordea. Erromak ere ez du aparte izan gola. Paredes trabatu eginda da, eta ia erori egin da. Soulek hori aprobetxatu du baloia berreskuratu eta area ertzetik errematatzeko. Agirrezabalak eskua atera, eta gelditu ona egin du.

60. minutuan Valverdek Nico Williams eta Herrera zelairatu ditu Djaloren Pradosen ordez. Neurketa parekatu egin da minutu horietan. Ez talde batek ez besteak ez dute lortu arriskua sortzea. Erroma Dovbyki bidalitako baloi luzeen bidez ahalegindu da min egiten. Nico Williams, berriz, buruz buruko jokaldien bidez saiatu da arriskua sortzen. Gainera, beste txispa bat eman dio zuri-gorrien erasoari. Ondoren Berenguer ere zelairatu da, eta horrek ere beste abiadura bat eman dio Athletici.

Athleticek estutzen eta bultzatzen jarraitu du, eta Svilarren atera gertutzen hasi da, batez ere Iñaki Williamsen erremateei esker. Azkenean, falta batean iritsi da gola. 85. minutuan izan da. Berenguerrek bigarren zutoinera atera du, han buruz jo du baloia Unai Nuñezek, eta gol arrastoan sareetara bidali du Paredesek; hark ere buruz. Nuñez minutu batzuk lehenago irten da zelaira, Vivianek aurpegian min hartu eta gero. Azken minutuetan Athletic hobea izan da, baina emaitza ez da aldatu. Zuri-gorriek pozik egin dezakete etxerako buelta.  

Partida amaieran Oscar De Marcos eta Iñaki Williams Athleticeko zaleak zeuden gunera bertaratu dira, gola eta gero bengalak jaurti dituzten zaleen jarrera salatzera. «Ez dute gure zalegoa ordezkatzen», esan du De Marcosek.

ERROMA-ATHTLETIC

Erroma:Svilar; Mancini, Ndicka, Hermoso, Celik (Abdulhamid, 71. min.), Kone (Paredes, 80. min), Cristante, Baldanzi (Pisilli, 63. min.), Angeliño; Dybala (Soule, 47. min.) eta Dovbyk (Shomurodov, 80. min.).

Athletic: Agirrezabala; Gorosabel (De Marcos, 68. min.), Vivian (Unai Nuñez, 79. min), Paredes, Yuri; Prados (Herrera, 60 min.), Galarreta; Iñaki Williams, Unai Gómez (Berenguer, 68, min.), Djalo (Nico Williams, 60. min) eta Guruzeta.

Golak: 1-0: Dovbykek (32. min.). 1-1; Pardesek (85. min.)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.