Kepa Peñagarikano. Pilotaria

«Puntan denbora gehiago egon ez izanak eman dit pena»

Bere ibilbidearen inguruko hausnarketa egin du Kepa Peñagarikanok. Ez du uste zaleek beragandik espero zutena zama handia izan denik. Jarraituko luke, baina etapa baten amaiera dela barneratu du.

Kepa Peñagarikano pilotaria, Azpeitiko pilota eskolako umeetako batzuekin. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Azpeitia
2014ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Profesionaletan hamahiru urte eman eta gero, azkenengo partida jokatuko du gaur, Azpeitian, Kepa Peñagarikanok (Azpeitia, Gipuzkoa, 1981). Azpeitiko frontoi txikitik mintzo da; ehunka ordu sartu zituen han txikitan, pilotarekin jolasean. Elkarrizketa egin aurretik, adio egin die hara gaztetxoen partidak ikustera joandakoei. Harmailak jendez gainezka daude, eta Peñagarikanok ere hala egotea espero du azken partida izango duen horretan.

Aspek ez dizu berritu kontratua, eta zure azken partida izango da San Ignazio egunekoa. Uzteko garaia dela uste duzu, edo jarraitzeko indarrez ikusten zenuen zeure burua?

Uste dut gai naizela beste pare bat urtez ondo aritzeko. Baina enpresak ez dit aukera hori eman. Nik uste dut nortasun agiriari ere begiratzen diotela, zein den beteranoagoa. Gazteak ere atzetik datoz, eta, gazte bat sartzeko, beste batek irten behar du. Eta aurten niri egokitu zait ateratzea.

Azken partida debuta egin zenuen frontoi berean jokatuko duzu, Izarraitzen. Zer esan nahi du zuretzat azken partida Azpeitian jokatzeak?

Hamahiru urte pasatu dira hemen nire lehenengo partida jokatu nuenetik, eta, dudarik gabe, esperientzia polita izan zen. Eta espero dut azken partida hau ere horrelakoa izatea. Urduritasun pixka bat badut azken partida honetarako. Nik uste dut jendea etorriko dela ikustera, eta ea itxura ona ematen dugun.

Atzera eginda, zein oroitzapen dituzu hasierako garaietatik?

Debuta beti da berezia. Ondorengo urteak ere ilusio handiarekin gogoratzen ditut: onenen kontra jokatzeko gogoa nuen: Errasti, Errandonea, Armendariz... Atzelari beteranoen aurka jokatu nituen partidak... Ondoren, profesionaletan hasi nintzen: 2003a izan zen urterik bereziena niretzat, lehen aldiz jokatu nuelako titular binakako txapelketan. Gainera, jarraian Bigarren Mailako txapela lortu nuen. Oroitzapen on asko ditut.

Asegarcen hamar urtez aritu eta gero, ez zenuten lortu kontratua berritzeko akordiorik. Zure ibilbide profesionalaren amaiera izan zitekeela pentsatu zenuen orduan?

Hala da, erabakia hartuta zegoen: ez nuen segituko. Orduan orain baino askoz okerrago pasatu nuen, ez nuelako espero erabaki hori. Artean 30 urte nituen oraindik, eta adin horrekin pilota utzi behar izatea oso gogorra zen niretzat. Zorionez, Asperekin bi urteko kontratu bat sinatu nuen. Nik uste dut hori mugarri bat izan zela niretzat: hortik aurrera, beste filosofia batekin hartu nuen pilota. Ikusi nuen hau ez dela betirako, eta ikasketak eta pilota tartekatzen hasi nintzen. Egia esan, hiru urte hauek gozatzeko hartu ditut, eta une oso politak izan ditut.

Aspek kontratu hura eskaintzea ezuste handia izan al zen zuretzat?

Bai. Normalean, nahiz eta elkarren kontra aritu, bi enpresak beti daude elkarrekin hitz egiten eta komunikatuta. Batek ez badizu kontratua berritzen, zaila da bestearen ateak irekiak izatea. Nik ateak irekita aurkitu nituen. Etsita nengoen, baina berriro itxaropena berreskuratu nuen pilotan jarraitzeko. Eta urte onak izan dira azken hauek; orain dela bi urte, bi partida jokatu nituen binakakoan Zubietaren ordez... Joan den urtean ere hamaika partida irabazi nituen jarraian... Bigarren aukera hori uste dut ondo aprobetxatu dudala.

Hamahiru urtez egon zara pilota profesionalean, baina txapel bakarra daukazu: 2003ko Bigarren Mailako txapela. Titulu falta horrek min egiten dizu?

Txapel faltak baino pena handiagoa ematen dit Lehenengo Mailan jarraitutasun handiagoa eduki ez izanak. Adibidez, binakako txapelketan, titular bi aldiz soilik jokatu dut, 2003an eta 2004an. Nik uste dut erregulartasun falta izan dudala ibilbide guztian, eta horrek ematen dit pena handiena: gorenera iritsita puntan denbora gehiago egon ez izanak.

Oso hasiera indartsua izan zenuen profesional mailan, eta jendeak asko espero zuen zugandik. Uste duzu presio horrek eragina izan zuela gerora zure ibilbidean?

Ez dut inoiz izan irudipen hori. Ez dut presiorik sentitu. Neure buruari nik jarri izan diot beti presioa, eta asko exijitu izan diot beti. Hamahiru urteotan bakoitzak duena eman du, eta urte hauetan horrela aritu izan banaiz, bada, hau izango da nire maila. Kontua da denbora izan dudala nire jokoa erakusteko, eta erakutsi ez badut, zerbait falta izan zaidalako da. Urte hauetan eskuetako arazo asko ere izan ditut, behar bezala entrenatzen eta lehiatzen utzi ez didatenak, eta niretzat hori nolabaiteko traba bat izan da. Uste dut horrek ere ez didala utzi nik nahi nuen bezala aritzen.

Zure ibilbidean, nabaritu al duzu aldaketarik pilotan?

Bai, dezente. Batik bat pilotak aldatu dira. Punpak sartu dira, 2005 edo 2006an. Horrekin, uste dut aldaketa nabari bat izan dela jokoan: pilotak askoz azkarragoak dira orain. Partiden kopurua ere asko aldatu da. Orain dela hamar urte, 60-70 partida jokatzen ziren urtean, eta, orain, 50 jokatzea asko da. Nik uste dut hau gazteentzako desabantaila bat dela, zeren eta gazte batek partida asko jokatu behar ditu hobetzeko, eta gaur egun enpresek ez dute ematen aukera hori.

Ba al duzu asmorik enpresa txikiago batean jarraitzeko?

Ez, erabaki dut hau etapa baten amaiera izango dela. Saninazioetan jokatu, eta, esaten den bezala, «takoak zintzilikatu egingo ditut». Uste dut denbora tarte batean ez naizela ibiliko pilota gogorrarekin. Pilota goxoarekin jokatzea, lagunartean gozatzeko, asko gustatzen zait, eta horretan jarraituko dut. Frontoia ez dut alde batera utziko, baina bai pilota gogorrarekin jokatzea.

Zeintzuk dira zure planak etorkizunera begira?

Azken urteetan masaje kurtso batzuk egin ditut; praktikak ere bai, Zestoako futbol taldean. Hortik jarraitzea gustatuko litzaidake, masajearen mundutik. Kirolaren munduan jarraitu nahi dut, eta iruditzen zait masaje emaile gisa era polita izan daitekeela kirolaren eta pilotaren munduarekin harremanetan jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.