Psikologoari deika ari da

Jorge Lorenzok, berriz ere, azken momentuan kendu dio 'pole'-a Valentino Rossiri, Kataluniako Sarian

unai zubeldia
Donostia
2009ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Handietan handiena da, eta luzaroan jarraituko du handiena izaten. Baina Valentino Rossi (Yamaha) nekatzen hasita egongo da. Pareta batek bereizten ditu Yamaha etxeko bi pilotuak, Rossi bera eta Jorge Lorenzo, italiar beteranoak gazteei ez baitie erraztasunik eman nahi izaten. Baina Rossi saiatuko da azkenean pareta hori botatzen. Oilartu egin zaio taldekidea, eta modurik gogaikarrienean gainera. Munduko Txapelketako sailkapen nagusian Rossiren (81) aurretik dago Lorenzo (86), bigarren postuan -Casey Stoner Ducatiko australiarra dago lider, 90 punturekin-, eta sailkapen probetan ere kolpe txikiak eman eta eman ari da gaztea.

Atzo, beste behin ere, azken momentuan kendu zion Lorenzok pole-a Rossiri, eta gaur lehen postutik irtengo da Kataluniako Sari Nagusian. Italiarra psikologoari deika hasita egongo da dagoeneko, min egin baitiezaioke pole-a hamahiru ehuneneko aldearekin galtzeak. Rossik orain arte MotoGP mailan parte hartu duen 123 lasterketetan 11 aldiz soilik lortu du puntu gehiago bere taldekideren batek, eta horietatik seitan Lorenzok egin du balentria. Zerbait esan nahi du horrek, nahiz eta Rossi beti igo den podiumera Kataluniako Sari Nagusian, MotoGP mailan. Bost aldiz irabazi du, hiru aldiz izan da bigarren eta beste behin hirugarren. Gustuko zirkuitua du.

Bederatzi puntuko tartea

Munduko Motoziklismo Txapelketako seigarren proba jokatuko da gaur, Katalunian, eta ikuskizunarentzat menu aproposa eskainiko duela esan daiteke. Stoner, Lorenzo eta Rossi bederatzi puntuko tarte estuan daude sailkapen nagusian, eta hiru horiek irtengo dira gaur lehen hiru postuetan. Laugarren sailkatua, berriz, Dani Pedrosa (Honda) kataluniarra, erori egin zen atzo, eta, kolpe handirik hartu ez bazuen ere, eskuineko aldea mindu zuen berriz ere -denboraldi-aurrean ebakuntza egin zioten bertan-. Gaur zortzigarren postutik irtengo da, eta atzo esan zuen pozik legokeela punturen bat pilatuta. Dena den, denboraldi honetan erakutsi du edozertarako gai dela. Oso irteera onak egin zalea da, eta gaur ere saiatuko da hasieratik aurreko multzoan sartzen.

Baina, itxura batean, kataluniarra txapelketa irabazteko lehiatik kanpo geratu denez, hiru piloturen artean egongo da aurtengo txapelketa. Qatarren eta Italian irabazi zuen Stonerrek-txapelketako lehen proban eta orain arteko azkenekoan-, Japonian eta Frantzian Lorenzok, eta Espainian Rossik. Emaitzaren arabera, gaur has daiteke txapelketa pixka bat gehiago argitzen.

250 cc-ko proban Hector Barbera (Aprilia) izan zen azkarrena atzo, Alvaro Bautista (Aprilia) eta Marco Simoncelliren (Gilera) aurretik. Bautistak eta Simoncellik lehia estua daukate sailkapen nagusian, Apriliakoa lider dagoen arren, italiarrak 16 puntu jan baitizkio azken bi probetan. Hain zuzen ere, bi pilotu horiek lortu zuten atzo, ia une oro, denborarik onena, baina Barberak azken itzuli ikusgarria eginda harritu zituen denak. Sailkapen nagusian Hiroshi Aoyama (Aprilia) dago bigarren postuan, baina japoniarra seigarren irtengo da. Zortzigarren eta seigarren izan da azken bi probetan, Frantzian eta Italian.

Eta 125 cc-ko proban Julian Simon munduko txapelketako bigarren sailkatua (Aprilia) irtengo da pole-tik. Bi ehuneneko aldea atera zion Pol Espargarori (Derbi). Bradley Smith (Aprilia) sailkapen nagusiko liderra, berriz, zazpigarren postutik irtengo da. Efren Vazquez bilbotarrak (Ducati) ez zuen entrenamendu saio onik egin, eta 20. postutik irtengo da gaur Kataluniako Sari Nagusian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.