Gurasoek seme-alabei nola, horrela hitz egiten dio Aitor Galdosek (Ermua, Bizkaia, 1979) Garikoitz Bravori (Lazkao, Gipuzkoa, 1989). «Huts asko egindakoa» da ermuarra bere ibilbidean, eta ez luke nahi Caja Ruralen taldekide duen gazteak huts horiek berak egiterik. Grina nabari zaio Galdosi hizketan, eta hasiberriaren urduritasuna Bravori.
BERRIA. Elkarren definizio txiki bat eginez hasi beharko duzue elkarrizketa...
AITOR GALDOS. Oso-oso txirrindulari ona da Gari; oraindik ere asko landu beharreko diamantea da. Izugarrizko bertuteak dauzka, baina lehiatzeko modua hobetu beharra daukala esango nuke. Onenen ondoan egon daitekeela sinetsi behar du. Uste dut denboraldi honetatik aurrera hasiko garela ikusten Gari Bravorik onena.
GARI BRAVO. Txirrindulari beteranoa da Aitor, Euskaltel-Euskadiren gisako talde handietan egondakoa. Arrazoia dauka oraindik ikasteko gauza asko dauzkadala esaten duenean. Txirrindulari gazteen gainean egoten da beti, eta bere ondoan ikas dezagun saiatzen da. Beti egoten da gainean, tarteka gehiegi ere bai [barrez hasi dira biak]. Belarriak tapatu behar izaten ditut batzuetan, baina eskertzekoa da bere gisako txirrindulariak gazteon gainean egotea. Ea ikasten dugun...
B. Gazteen gainean egoten zarela esan du Garik. Ez zaitu, nonbait, gazte ikusten...
A. G. Ez, ez. 32 urte dauzkat, eta urte asko daramatzat jada mundu honetan. Baina, sarritan, neure burua ikusten dut haiei begiratzen diedanean, eta ez dut nahi nik egindako hutsak egin ditzaten. Dauzkan bertuteekin, amorrua eta pena ematen dit %100 ez baliatzeak lehiatzeko moduagatik, pentsatzeko moduagatik, edo dena delakoagatik. Denbora oso azkar pasatzen da, eta horregatik saiatzen naiz beti hain gainean egoten. Egunen batean, zerbait lortzen dutenean, esaten dizkiedan gauzak baloratzea espero dut.
G. B. Denboraren kontuan arrazoi guztia dauka. Datorren urtean, adibidez, jada ezingo dut parte hartu Etorkizuneko Tourrean. Izugarria da. Azkar ikasi beharra dago. Horregatik, eskertzekoa da inguruan Aitorren gisako pertsonak edukitzea.
B. Denbora aipatuta, noiz arte jarraituko duzu pedalei eragiten, Aitor?
A. G. Ez dakit zenbat urte geratzen zaizkidan tropelean, baina argi daukat erretiroa hartu ondoren ere txirrindularitzari lotuta jarraitu nahiko nukeela lanean. Asko gustatzen zait kirol hau, eta egunero saiatzen naiz zerbait ikasten. Kirol hau maite dutenen esku dago txirrindularitzaren etorkizuna; diruari eta ezeri begiratu gabe lanean jarraitzeko prest daudenen esku. Erromantikoentzat egindako kirola da hau, eta horietakoa naiz ni.
G. B. Ikusi duzu nola hitz egiten duen? Izugarria da. A zer gaitasuna! Txirrindulari ona da, zuzendari bikaina izan daiteke, kazetarien aurrean ez da beldurtzen... Harrigarria da. Ea guk ere ikasten dugun!
B. Orain bi urte euritakoa jantzita jo zuen erasoa Bravok Andaluziako Itzulian. Horrelako gauzak dira ikasi beharrekoak, ezta?
A. G. 30 urterekin egin izan balu, gehiago arduratuko nintzen. Euritakoa jantzita jo zuen erasoa egun hartan, bai, eta hurrengoan zapatila pedalean sartu gabe edukiko du agian. Baina oso gaztea da oraindik. Hutsak egiteari ez zaio beldurrik eduki behar; berriz ez egitea da kontua.
B. Egun hartan uste dut Juanma Garate gerturatu zitzaizula zerbait esatera...
G. B. Bai, bai. Profesionaletako bigarren eguna nuela uste dut, eta harrituta geratu nintzen. Ez nintzen gai izan erasoa jo zutenen gurpila harrapatzeko, eta tropelera itzulitakoan esan zidan hurrengoan euritakoa kenduta jotzeko erasoa. Ikasi nuen.
A. G. Indar asko alferrik gastatzen duela, hori da Gariren bekatua. Txirrindulari asko ezagutu ditut urteotan, eta badakit Garik zenbateko gaitasuna daukan. Oso gauza politak egin ditzake ondo lehiatzen dakien Gari horrek.
B. Maisu lanetan ari da Aitor, baina gauzak ondo egitea hain erraza ere ez da izango, Aitorri berari ere proba bat egin ziotelako Caja Ruralen sartu aurretik. 30 urteren ondoren probak egin beharra ere...
G. B. Egia da, egia da. Baina Aitorrek asko balio du, eta ez zegoen proba horren beharrik. Argi zegoen honetarako balio zuela. Asko ari zaio ematen taldeari, eta, nire ustez, talde barruan gauzak ondoen egiten dituenetako bat da. Zentzu guztietan da beteranoa.
B. Eskolan ez dakit zer moduzkoa zinen, baina Caja Ruralen azterketa gainditu zenuen...
A. G. Gainditu nuen, bai... Aukerak baliatu egin behar direla ikasi dut txirrindularitzan, eta Caja Ruralen deia jaso nuenean, ez nuen bi aldiz pentsatu. Profesional izateko ilusioa berreskuratzen lagundu dit talde honek, eta balio handia ematen diot horri. Gazte hauen ondoan egoteak indarberritu egin nau, eta, Gariren kasuan, talde honen etorkizuna berea dela ikusten dut. Ibilbide horretan pixka bat laguntzeko gai banaiz, urte batzuk geroago eurek egiten dutenaren zati bat niri esker ere izan dela sentituko dut.
B. Une hori iristen denean, eurak ahaztu egingo dira, agian, zurekin...
A. G. Agian, bai; nork daki! Baina lorpen handiren bat eskuratutakoan gogoratuko direla uste dut. Ez dakit onerako edo txarrerako izango den, baina gogoratuko dira.
B. Taldean psikologo bat ere badaukazuela uste dut. Bisita gehien nork egiten ditu?
G. B. Talde guztiari laguntzen digu asko, ez pentsa.
A. G. Taldean lan egiten dugu normalean. Bakarkako lana ere egiten du hala nahi duenarekin, baina taldea da oinarria. Hala ere, psikologoarengana joatea ez da txarra. Taldekideon arteko harremanak estutzen laguntzen du bakoitzaren arazoak eta historiak entzuteak. Itzulian pozen bat ematea espero dut, merezi du eta!
Euskal Herriko Itzulia. A zer parea...
Psikologo lanetan «diamantearekin»
Hamar urteko aldea dago Aitor Galdos eta Gari Bravoren artean. «Harribitxi» hitza erabili du ermuarrak Bravo definitzeko; eta zentzu guztietan «eredugarritzat» dauka lazkaotarrak Galdos.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu