Europako maila gorenera jauzi egin du Olatz Riverak (Bilbo, 1996): UEFAko elite mailako epaile izendatu berri dute, eta, hala, beste urrats nabarmen bat egin du bere ibilbide oparoan. Nazioarteko goi mailako partidetan arbitratu ahalko du aurrerantzean, kluben artekoetan nola selekzioen artekoetan. Egunotan Errumanian da, lagunekin bidaiatzen, eta saioa egin ostean hartu dio telefonoa BERRIAri: «Proba fisikoak ditut hilabete barru, eta, Gabonetan etenaldia egin dudanez, ondo entrenatzen hasi nahi nuen».
UEFAko elite mailara igo zaituzte. Nola hartu zenuen albistea?
Ba, begira: egiaz, beste herrialde bateko berriemaile batek zoriondu ninduelako enteratu nintzen. Zerrendan ez nuen arreta ipini, eta idatzi zidanean, zera pentsatu nuen: zer gertatu da? Izugarrizko sorpresa hartu nuen.
Nolako garrantzia du zuretzat?
Denboraldian egindako lanagatiko sari moduko bat da. Orain, ulertu nahi dut partida garrantzitsuagoetan ariko naizela. Beste pauso bat da nire ibilbidean.
Zure helburuetako bat zen UEFAko elite mailako epaile izatea?
Tira, helburua baino gehiago, amets bat. Partidaz partida joatea gustatzen zait. Ez dut nahi izaten denboraldi batean helburu jakin bat jarri, gero lortzen ez badut ez dudalako desengainua hartu nahi. Prozesuaz disfrutatu nahi izaten dut, ezer espero gabe; izendapen hau amets bat da.
Lan asko dago lorpen honen atzean, ezta?
Bai, urte asko dira, eta sakrifizio handia egin dut. Gauza pertsonal asko sakrifikatu ditut, eta niretzat hori da epaile izatearen alderik txarrena. Baina, azkenean, esfortzuak badu saria.
Maila honetan arituko den lehen euskal epailea zara.
Niretzat harro egotekoa da. Ja ez naiz Bilbon bizi, baina beti egon naiz Euskadiko Epaileen Batzordean, eta hor segitu nahi dut. Harro nago nire eskualdea, herria ordezkatuko dudalako.
Uztailean Eurokopa jokatuko da Suitzan. Gustatuko litzaizuke han egotea?
Nahiko nuke. Baina, esan bezala, ez dut nahi horretan pentsatu. Etortzen bada, ondo, eta, bestela, hurrengoan izango da. Nahikoa egin dut ja; ondo hasi dut urtea.
Eta badago bereziki arbitratzea gustatuko litzaizukeen partidarik?
Egia esan, gustatuko litzaidake egunen batean euskal derbi batean epaile izatea. Giroa, ez dakit nola esan, berezia-edo izaten da. Baina hangoa naizenez, ezin dut. Partida guztiek dute zerbait, baina bat aukeratu beharko banu, hori litzateke.
Urrats garrantzitsuak egin dituzu. Orain arteko ibilbidetik zer nabarmenduko zenuke?
Jarraitutasuna eta ilusioa azpimarratuko nituzke. Batez ere, ilusioa. Ez da erraza, gorabehera asko daude, eta momentu txarretan ere izan dut ilusioa. Bestalde, familia beti egon da hor, ni babesten, eta hori ere nabarmenduko nuke. Haiek dira ni orain hemen egotearen arrazoietako bat.
Espero zenuen noizbait maila honetara heltzea?
Inolaz ere ez. Bi urtez aritu nintzen futbolean jokatzen eta epaile izaten. Momentu horretan, futbola zen niretzat garrantzitsuena, eta jokalari moduan maila gorenera iritsi nahi nuen. Ez nuen Lehen Mailako maila, baina asko gozatzen nuen jokatzen, eta oso serio hartzen nuen. Epaile lanetan probatze aldera hasi nintzen: ez zen nire bokazioa. Orduan ez nuen espero lortutakoaren erdiaren erdia ere.
Azkenean, baina, epaile izatearen aldeko apustua egin zenuen.
Ez nintzen onena jokalari gisa, eta beti gustatu izan zait epaile aritzea. Azkenean, bi aukerak jarri nituen mahai gainean, eta erabaki behar izan nuen.
Eta jarraitzen duzu lagunartean bada ere futbolean jokatzen?
Ez, batere ez. Asko zaintzen ditut lesioak... ez dut arriskatu nahi.
«Orain arteko ibilbidetik jarraitutasuna eta ilusioa azpimarratuko nituzke. Batez ere, ilusioa. Ez da erraza, gorabehera asko daude, eta momentu txarretan ere izan dut ilusioa»
Zein izan dira zure erreferenteak?
Epaile hasi nintzenean, Ricardo de Burgos Bengoetxeari erreparatzen nion; Lehen Mailan zegoen orduan. Gero, emakumezkoetan, Marta Frias, Marta Huerta... Oztopoak gaindituz joan diren emakumezkoei erreparatu izan diet beti, horiek izan dira nire erreferenteak.
Haien lan egiteko moduan jartzen duzu arreta?
Nahiago izaten dut nigan zentratu, baina gustatzen zait besteei arretaz begiratzea. Gabezia asko ditut, eta badaude gauzatu nahiko nituzkeen gauza batzuk. Horiek kontuan izaten ditut, nahiz eta batzuetan zaila izaten den.
Adibidez?
Nire kide Marta Huerta, esaterako, oso lasaia da. Erabakiak patxadaz hartzen ditu, eta hori asko gustatzen zait. Nahiko nuke nik ere hala jardun.
Eta zuk, epaile moduan, nola definituko zenuke zeure burua?
Asko hitz egiten dut; batzuetan, agian, gehiegi. Baina gustatzen zait erabaki bat hartzen dudanean hura azaltzea, eta elkar ulertzea. Horrela kudeatzen ditut nik partidak.
Nolakoa da lanbidea barrutik? Nola entrenatzen zara?
Lehia egunaren arabera planeatzen ditut entrenamendu fisikoak: astez aste noa. Bestalde, partida guztien ondoren txosten bat egin behar izaten dugu, hartu ditugun erabaki guztien inguruko ebaluazioa egiteko. Hor ikusten dugu ze akats egin ditugun, eta zertan aritu garen ondo. Akatsetatik ikasteko balio du horrek. Eta gero, astean zehar, online bilerak egiten ditugu, azken jardunaldietako jokaldien errepaso bat egiteko eta irizpideak bateratzeko.
Epaile izateak ere badu alde ilun bat: irainak, presioa... Nola daramazu?
Uste dut azkenen ohitu egiten zarela horretara. Badakizu zer mundutan zauden. Hasi nintzenean gazteagoa nintzen, eta gauza batzuek gehiago eragiten zidaten. Orain, ordea, partidetan jartzen dut arreta, eta ez dut kanpoko ezer entzuten. Eta gero ere, uste dut hobeto dela besteek esaten dutenari jaramonik ez egitea.
Mailaz igo ahala, presio handiagoa nabaritu duzu?
Nabari da partidek audientzia handiagoa dutela. Jende gehiagok ikusten dituzte, eta zure akatsak gehiago kritikatzen dira. Baita ondo egindakoak ere, uste dutelako erroreak direla.
«Gustatzen zait erabaki bat hartzen dudanean hura azaltzea, eta elkar ulertzea. Horrela kudeatzen ditut nik partidak»
2022an sinatu zen emakume epaileak profesionalizatzeko hitzarmena. Gauzak hobetu dira?
Izugarrizko aldea sumatu dut, batez ere estresari dagokionez. Aurretik eskola batean egiten nuen lan, irakaslea nintzen, eta kaosa zen. Aste barruan partidaren bat banuen, klaseak aldatu behar izaten nituen. Ikasleentzat ez zen ona, eta irakasleentzat ere ez. Hitzarmena lortu zenetik, soilik epaile lanetan jarduteko aukera dut, eta lasai bizi naiz orain. Jokalariek borroka egin zuten hitzarmena lortzeko, eta haiei esker egin genuen guk ere aurrera.
Hala ere, asko dago egiteko.
Bai, beti. Urte batzuk atzera egiten badugu, eta progresioa aztertu, uste dut nahiko esanguratsua dela. Baina beti dago hobetzeko tartea. Gauzak pixkanaka doaz, baina bide onetik.
Besteak beste, VAR sistema ez dago emakumezkoen Lehen Mailan, baina bai nazioarteko beste lehiaketa batzuetan. Zer iritzi duzu?
Egiaztagiria badugu; beraz, pausoa ematen bada, prestatuta gaude. Gauzak pixkanaka doaz. Uste dut badela akatsak saihesten lagundu ahal digun erreminta bat. Aurrerapen guztiak dira ongi etorriak.
Zer da epaile izatetik gehien gustatzen zaizuna?
Gauza asko daude. Baina poz handienetakoa ematen didana zera da: partida bat amaitu eta sentitzea bi taldeak gustura daudela nik egindako lanarekin. Asetasun horrek ia aste osoa irauten dit.