Saskibaloia. Munduko Txapelketa

Pronostikoak bete dira

Lituania eta AEBak Munduko Txapelketako finalerdietan dira, Turkia eta Eslovenia kanporatuta.Gaur, Espainia-Frantzia eta Serbia-Brasil

Pronostikoak bete dira.
Julen Etxeberria.
2014ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Ustekabeko gutxi izan zen atzo Bartzelonan, Munduko Saskibaloi Txapelketako final-laurdenetan. Lituania eta AEBak ziren faborito finalerdietarako sailkatzeko, eta ez zuten huts egin. Turkia eta Eslovenia kanporatu zituzten, hurrenez hurren, eta bihar elkarren aurka jokatuko dute, berriz ere Herrialde Katalanetako hiriburuan (21:00). Oraingoan, ordea, finala izango dute jokoan.

Lituania izan zen lehena sailkatzen, Turkiari 73-61 irabazita. Bi selekzioak parean izan ziren minutu askoan, baina azken laurdenean lituaniarrek kolpea eman zuten, 26 puntu sartuta. Roman Seibutis Bilbo Basketeko jokalari ohia izan zen onena: 19 puntu.

Lituaniak baino askoz zailtasun gutxiago izan zituzten estatubatuarrek Eslovenia kanporatzeko (119-76). Esloveniarrek lehen zatian eutsi zioten AEBei (44-49), baina gero etsi egin zuten.

Gaur beste bi final-laurdenak jokatuko dituzte, Madrilen. Aurrenekoan, Serbia eta Brasil ariko dira. Hego Amerikako selekzioa Europakoa baino koska bat gorago dagoela dirudi —ligaxkan 81-73 nagusitu ziren—, baina serbiarrekin ezin da asmatu. Bigarren partidan, ordea, oso garbi dago nor den faboritoa: Espainia Frantziaren gainetik dago. Ligaxkan geratu zen argi, espainiarrek 24 punturen aldeaz irabazi baitzuten elkarren aurkako neurketa (88-64).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.