TXIRRINDULARITZA

Probetxua ateratzen ari dira

Talde gonbidatua izanagatik, jada bi etapa irabazi ditu Kern Pharma taldeak Vueltan. Ibon Ruiz Gasteizko etapa iristeko «gogoz» dago.

Ibon Ruiz ihesaldia gidatzen, Vueltako hirugarren etapan. JAVIER LIZON / EFE
Ibon Ruiz ihesaldia gidatzen, Vueltako hirugarren etapan. JAVIER LIZON / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko irailaren 3a
05:00
Entzun

Ari zaizkio Espainiako Vueltari etekina ateratzen Kern Pharmako ziklistak. Talde gonbidatua da, baina ihesaldietan sartzeaz gainera, dagoeneko bi etapa garaipen lortu dituzte Pablo Castrillorekin, eta zazpi bider sailkatu dira lehen bosten artean. Itzuli hunkigarria ari da izaten Nafarroako taldearentzat, joan den astean taldeko presidente ohi Manolo Azkona hil baitzen, eta egun berean lortu baitzuen Castrillok lehen garaipena. Igandean jaso zituen besoak bigarren aldiz, Cuitu Negru mendatean, aurtengo Vueltako etapa nagusian.

Ibon Ruiz Sedano (Gasteiz, 1999) da Castrilloren gelakidea Vueltan. Arabarrak bosgarren urtea du profesionaletan, eta lehen aldiz ari da hiru asteko itzuli batean. Atzoko atseden eguna «gogotsu» hartu zuen, «are eta gogotsuago igandeko garaipena eta taldea egiten ari den Vuelta ikusita». Adierazi du «itxaropen handia» zutela lasterketarako, baina ez «horren handia».

Ruiz ihesaldietan nabarmendu da. Aurtengo Vueltako lehen ihesaldian sartu zen, bigarren etapan; gero, hurrengo egunean, berriz egin zuen alde; eta beste bi etapatan ere pelotoiaren aurretik ibili da. Guztira, 500 kilometrotik gora osatu ditu alde eginda. «Hori eskatu zidaten: lehen asteko ihesaldietan egotea eta, etapa gogorragoetan, alde egiten zuten taldekideei laguntzea». Eskatu eta bete. Arabarra 11. etapako ihesaldian sartu zen, Padronen (Galizia) hasi eta amaitzen zen etapan. Bertan, Urko Berrade taldekideari lagundu zion, eta hark bosgarren postuan amaitu zuen. «Ihesaldi hura hartuko dut gogoan, taldekideari lagundu ahal izan niolako».

Bestalde, bere gelakide Castrilloz esan du egindakoa «sinetsi ezinik» dagoela oraindik: «Sekulakoa egin du! Ez da, soilik bi etapa irabazi dituela, baizik eta nola irabazi dituen etapa horiek». Halere, logelan bizikletaz «gutxi» hitz egiten dutela jakinarazi du Ruizek: «Egun guztia pedalei eragiten igaro ostean, nekatuta iristen gara, eta nahiago izaten dugu beste gauza batzuei buruz mintzatu».

«Azken aste ona osatu dezakegu, ihesaldietan sartu, eta... zergatik ez hirugarren etapa garaipena lortu?»

IBON RUIZ SEDANOKern Pharma taldeko txirrindularia

Gaur, Covadongako aintziretan amaituko da hamaseigarren etapa. Horrez gainera, beste bost etapa egin beharko dituzte aurtengo Vuelta bukatu aurretik. Ruiz itxaropentsu dago datorrenerako: «Taldea indartsu eta moralez gainezka dago. Azken aste ona osatu dezakegu, ihesaldietan sartu, eta... zergatik ez hirugarren etapa garaipena lortu?». 

Etzi, etxean

Ostegunean, Ruiz etxe inguruko errepideetan arituko da. Gasteizen hasi eta Maeztun (Araba) amaituko da hemezortzigarren etapa. «Egunez egun» ari da itzulia bizitzen, eta ez du etapa askorik aztertu. Baina eguna iristeko «gogoz» dago: «Ihesaldian sartzen saiatuko naiz, eta etxetik alde eginda igarotzen».

Vuelta 16. etapa

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.