Arrauna

Probak egin, goraka joateko

Amaitu dira traineruen jaitsierak. Bi hilabete soilik gelditzen dira Euskotren eta Euskolabel ligak abiatzeko, eta prestaketen azken xehetasunetan dabiltza jada Ramon Erostarbe (Tolosaldea) eta Igor Makazaga (Donostiarra).

Iazko Orioko traineruen jaitsiera. JON URBE / FOKU
Iazko Orioko traineruen jaitsiera. JON URBE / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko maiatzaren 1a
05:05
Entzun

Azken urteetan ekainera aurreratu dute arraun denboraldiaren hasiera. Herrialdeetako txapelketak eta Euskadiko Txapelketak ekainean jokatzen dira, eta jada ez dira udan pilatzen estropada guztiak. Eusko Label eta Euskotren ligak ekainaren 29an hasiko dira, baina txapelketetarako prest egon nahi izaten dute entrenatzaileek. Hala ere, prestakuntza ez da gehiegi aldatu; traineruen jaitsierak baliatzen dituzte test moduan.

Neguan lan iluna eginda, traineruen jaitsieretan hartzen dituzte arraunlariek aurreneko berotuak. Jada amaitu dira aurten egitekoak ziren guztiak, eta Igor Makazaga (Pasaia, Gipuzkoa, 1972) eta Ramon Erostarbe (Pasaia, Gipuzkoa, 1966), Donostiarrako gizonezkoen eta Tolosaldeako emakumezkoen entrenatzaileak hurrenez hurren, «gustura» daude egindako lanarekin.

Makazagak aitortu du «estropada kaxkarren bat» izan dutela tartean, baina nabarmendu du «etengabe goraka» egin dutela: «Orokorrean pozik nago, eta probetxuzko estropadak izan direla esango nuke. Hobeto edo okerrago, baina beti eraman dugu zerbait positiboa etxera, baita zer zuzendua ere». Tolosaldeak, berriz, bi jaitsieretan soilik hartu du parte, baina Erostarbek adierazi du balantzea «oso positiboa» izan dela. «Arraunlari guztiei aukera emateko tartea izan dut, eta traineruan proba batzuk egiteko ere baliatu dut. Jaitsierak ez ditut gehiegi prestatzen, eta aurrekoetatik oso gertu aritu gara. Hortaz, oso pozik nago».

Jaitsierak zertarako baliatu nahi izaten dituzten galdetuta, bat etorri dira bi prestatzaileak. Arraunketan zuzenketak edo material berriren bat bilatu nahi izaten dute, eta horretarako «oso baleko testak» direla adierazi du Makazagak: «Probak egiteko garai onena da, nahiz eta udan batzuetan ere egin behar izaten diren [barrez]». Bestalde, Erostarbek nabarmendu du horrelako testek «egunerokotik deskonektatzeko» balio diela arraunlariei, jende gehiagorekin egoteko baliatzen baitute. Bestela, Makazagaren bide beretik jo du: «Traineruarekin, arraunketarekin eta arraunlariekin probak egiteko baliatzen ditut. Ez dugu ehuneko ehunean lehiatzen, eta emaitzak bost axola dit. Entrenamendu exijenteago bat da azken finean, eta datuei erreparatu nahi izaten diet, eta trainerua nola doan ikusi, itsasoan zein ibaian».

Bi hilabete barru hasiko dira Euskotren eta Eusko Label ligak, baina ekainean jokatuko dira Gipuzkoako, Bizkaiko eta Euskadiko txapelketak. Lehen udan egiten ziren, baina, egutegia arintzeko helburuarekin-edo, aurreratzea erabaki zuten. Ordurako «ahal dela etxeko lanak eginda» iritsi behar dela nabarmendu du Makazagak. Hala ere, azken urteetan arraunlarien egoera fisikoan izandako aldaketa ere azpimarratu du Donostiarrako prestatzaileak: «Garai batean neguan lehiatzeak oso berde harrapatzen gintuen. Orain desberdina da. Arraunlarien egoera fisikoa ez da hainbeste aldatzen, berdintsuagoa da».

Ustekaberik ez

Iazko prestaketarekin alderatuta, Donostiarran ez dute aldaketa askorik egin. «Urtero gauza desberdinak egiten ditugu, baina planifikazioaren funtsa bera da», nabarmendu du teknikariak. Tolosaldean, berriz, aldaketa batzuk egin nahi izan ditu Erostarbek. Iñaki Arratibelek egiten zituen orain arte medikuaren eta prestatzaile fisikoaren lanak. Orain, berriz, Naroa Becerril arraunlariak Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua amaitu duela baliatuta, hark hartu du entrenamendu fisikoa prestatzeko ardura. «Entrenamenduen egitura ere aldatu dugu, eta oso gustura nago egin ditugun aldaketekin», azpimarratu du.

Jaitsieretan ikusi dutenarekin ez dute ustekabe handiegirik hartu bi entrenatzaileek. Hondarribia eta Getaria «beste urte batzuetan baino baxuago» ikusi ditu Makazagak, baina argi dauka probak egiten aritu direla, zeozeren bila. «Norberak jakiten du nola iristen den, eta ez dago ezer garbirik ateratzerik besteari begiratuta». Gainontzean, «esperotakoa» ikusi du Makazagak: «Bermeok hirutik hiru irabazi ditu, eta berriro ligan gailendu nahi duela erakutsi». Erostarbek ere ez du espero ez zuen ezer ikusi. Ligari begira, lehen lau postuak estuago egongo direla uste du: «Iaz Ohorezko Txandan aritu ginen lau ontziak egongo gara aurrean, eta uste eta espero dut elkarrengandik hurbilago egongo garela. Errematea zutoinaren ondotik joan zitzaigun askotan, eta aurten gola sartu nahi dugu [barrez]».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.