Espainiako Vuelta

Primoz Roglicek laugarren aldiz irabazi du Espainiako Vuelta

Stefan Kung nagusitu da azken eguneko erlojupekoan. Esloveniarrak Roberto Heras espainiarraren marka berdindu du.

Primoz Roglic, alboan Ben O'Connor eta Enric Mas dituela, gaur, Madrilgo podiumean. JAVIER LIZON / EFE
Primoz Roglic, alboan Ben O'Connor eta Enric Mas dituela, gaur, Madrilgo podiumean. JAVIER LIZON / EFE
Mikel Rodriguez - Paulo Ostolaza
2024ko irailaren 8a
20:30
Entzun

Ez da ezustekorik izan azken eguneko erlojupekoan, eta Primoz Roglicek (Bora) irabazi du Espainiako Vuelta. Laugarrena du esloveniarrak. Gaur ere fin ibili da Madrilgo etapan, baina ezin izan du hautsi Stefan Kungek (FDJ) ezarritako marka, eta suitzarrarentzat izan da etapa garaipena. Roglicek hiru irabazi ditu aurtengo Vueltan. 

24,6 kilometroko erlojupeko laua izan da. Kungek 26 minutu eta 28 segundo behar izan ditu lanak amaitzeko, Roglicek baino 31 gutxiago. Mattia Cattaneo (Quick-Step) izan da hirugarrena, eta AG2R taldeko Ben O'Connor 11.a; gainera, O'Connorrek sailkapen nagusiko bigarren postuari eutsi dio. Enric Mas (Movistar) bederatzi segundo eskasera zegoen erlojupekoa hasi aurretik, baina australiarra hobeto aritu da, eta Movistarrekoak podiuma osatzearekin konformatu behar izan du. 

Sailkapen nagusiko lehen euskal herritarra Mikel Landa (Quick-Step) izan da, zortzigarren postuan amaituta. Gainontzean, erregularrenaren elastikoa Kaden Grovesentzat izan da (Alpecin), mendikoa Jay Vinerentzat (UAE), gazte onenarena Mattias Skjelmoserentzat (Trek) eta taldekako sailkapena UAErentzat.

Herasen pare

Emaitza horrekin, Roglic eta Heras dira Vuelta gehien irabazi dituzten txirrindulariak orain. Herasek 2000n irabazi zuen lehenbizikoa, eta, ondotik, 2003tik 2005era bitarte, hiru irabazi zituen jarraian. Roglicek alderantziz egin du: 2019tik 2021era bitartean hiru irabazi zituen jarraian, eta aurten lortu du laugarrena.

Frantziako Tourra eta Italiako Giroa Tadej Pogacarrek irabazi dituela kontuan hartuta, aurtengo hiru itzuli handiak herrialde bereko ziklistek irabazi dituzte. Gizonezkoen txirrindularitzaren historian hirugarrenez gertatu da hori. Lehenbizikoz, 1964an izan zen: Jacques Anquetil frantziarrak irabazi zituen Tourra eta Giroa, eta Raymond Poulidor herrikideak Vuelta. 2008an, berriz, Alberto Contador espainiarrak irabazi zituen Giroa eta Vuelta, eta Carlos Sastre herrikideak Tourra. 2018an Erresuma Batuko herritartasuna duten hiru ziklistak irabazi zituzten hiru itzuliak, baina nazio diferentetakoak ziren: Chris Froome Giroaren garailea, Kenyan jaio eta hezitako arbaso ingelesduna; Geraint Thomas Tourreko irabazlea, galestarra; eta Simon Yates Vueltako garailea, ingelesa.

Primoz Roglic helmugara iristen, gaur, Madrilen. JAVIER LIZON / EFE
Primoz Roglic helmugara iristen, gaur, Madrilen. JAVIER LIZON / EFE

Euskal txirrindulariei dagokienez, emaitza ona izan dute aurtengo aldian. Urko Berrade nafarrak etapa bat irabazi du, zein-eta Euskal Herrian jokatu zena, Gasteizen eta Maezturen artean —hemezortzigarren etapan—. Igor Anton eta Mikel Iturria ziren Euskal Herrian Espainiako Vueltako etapa bat irabaztea lortu zuten azken euskal txirrindulariak —bizkaitarrak Bilbon irabazi zuen, 2011n, eta gipuzkoarrak Urdazubin (Nafarroa), 2019an—. Nafarroako Kern Pharma taldearen Vuelta bikaina biribildu du Berraderen garaipenak, Pablo Castrillo espainiarrak beste bi etapa irabazi baititu. Vueltan etapa bat irabaztea lortu duen Euskal Herriko 64. txirrindularia da Berrade; Ion Izagirre izan zen 63.a, 2020an garaipena lortuta.

Sailkapen nagusian, berriz, Landa izan da onena: zortzigarren. Arabarrak ez du nahi bezala bukatu, itzuliko egun gehienetan bosgarren egon baita, podiumerako lehian sartuta. Baina Berradek etxeko etapan loria lortu bazuen, Landari zoritxarra egokitu zitzaion, Herrerako mendatean beste faboritoen gurpila galdu, eta sailkapenean amildu baitzen. Azken buruan, ordea, hamar onenen artean sailkatu da, eta denboraldi ona biribildu du, besteak beste, Tourrean bosgarren bukatzea lortu baitzuen.

Bere ibilbidean bigarren aldiz lortu du urte berean hamar onenen artean bukatzea bi itzuli handitan —2019an, seigarren izan zen Tourrean, eta laugarren Giroan—. Zazpigarren euskal txirrindularia da hori behin baino gehiagotan egiten: gizonezkoetan, bai Miguel Indurainek eta bai Marino Lejarretak bost aldiz egin zuten, Miguel Mari Lasak hiru aldiz, eta Jesus Loroñok eta Patxi Gabikagogeaskoak bi aldiz; emakumezkoetan, berriz, Joane Somarribak lortu zuen hori, hiru bider. Gainera, guztira, Landak hamargarren itzuli handia bukatu du hamar onenen artean. Euskal txirrindulariei dagokienez, lauk baino ez dute gainditzen kopuru hori: Lejarretak hamabost bider egin zuen, eta Indurainek, Lasak eta Paco Galdosek, 11 aldiz. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.