TXIRRINDULARITZA

Primoz Roglicek jada eman du lehen kolpea

Red Bull Bora taldeko esloveniarra nagusitu da Espainiako Vueltako laugarren etapan, eta lider jarri. Pico Villuercaseko helmugara zazpi ziklista iritsi dira buruan, tartean Mikel Landa.

Van Eetvelt —ezkerrean— eta Roglic —eskuinean—, aurrez aurre, Pico Villuercaseko helmugan. JAVIER LIZON / EFE
Van Eetvelt —ezkerrean— eta Roglic —eskuinean—, aurrez aurre, Pico Villuercaseko helmugan. JAVIER LIZON / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko abuztuaren 20a
18:15
Entzun

Espainiako Vueltako mendiko lehen etapan, lehen kolpea eman du Primoz Roglicek (Bora). Esloveniarrak laugarren Vuelta irabazi eta Roberto Herasen errekorra berdintzeko lehen urratsa eman du Pico Villuercasen. Leenert van Eetvelt (Lotto) gaztea garaitu du esprinteko azken gerri kolpean, eta lider jarri da.

Sekulako pendizak gainditu behar izan dituzte azken igoeran, eta hiru txirrindulari nabarmendu dira: Roglic, Van Eetvelt eta Enric Mas (Movistar). Halere, azken bi kilometroetan elkarri begira hasi dira, eta atzetik beste lau ziklista iritsi zaizkie, tartean Mikel Landa (Soudal). Soudaleko murgiarra ahalegindu da azken kilometroan aurkariak ezustean harrapatzen, baina Van Eetveltek azkar erantzun dio. Bazirudien Lottokoak irabaziko zuela etapa, baina, garaipena ospatzeko besoa altxatu duenean, Roglicek aurrea hartu dio. Joao Almeida (UAE) helmugaratu da hirugarren postuan, eta Landa zazpigarren izan da, denbora bera lortuta.

Gaur arte lider zenak, Wout van Aertek (Visma), ez du elastiko gorriari eusterik izan. Eta, sailkapen nagusian, Roglic jarri da lehen postuan. Haren atzetik, zortzi segundora dago Almeida, eta 38ra Mas. Landa bederatzigarren postuan dago sailkapen nagusian, liderrarengandik 58 segundora. Gaurko galtzaile nagusiak Richard Carapaz (Education First) eta Adam Yates (UAE) izan dira, minutu eta erdi galdu baitute biek.

Azken igoerako parterik gogorrenean hasi dira nagusikoen arteko lehen mugimenduak, helmugara iristeko bost kilometro falta zirela, eta, gainera, hormigoizko errepidean igo behar izan dute ziklistek. Bide horretan sartu bezain laster mugitu da Pavel Sivakov (UAE), baina Red Bull Bora taldekoek ez diote utzi tarterik hartzen. Felix Gallek (Decathlon) eman dio erantzuna, eta hark bai, ireki du tarte txiki bat. Baina Roglicek jarritako erritmo biziaren eraginez, taldetxoa txikitu egin da, eta Gall harrapatu dute. Baita atzean utzi ere.

Helmugarako bi kilometro eta erdi falta zirela, hirukote bat geratu da buruan: Roglic, Mas eta Van Eetvelt. Azken bi kilometroetan, ordea, pendiz apalagoa eta errepidea hobea topatu dute. Orduan iritsi dira atzetik beste hiru txirrindulari: Almeida, Gall eta Matthew Riccitelo (Israel). Hortik aurrera elkarri begira hasi dira, eta Landa ere iritsi da. Azkenean, zazpikote horrek jokatu du etapa.

Eguneko ihesaldian bost txirrindulari sartu dira, tartean, gaur ere, Kern Pharma taldeko ordezkari bat eta Euskalteleko beste bat. Gaur bi talde gonbidatuetako igotzailerik onenak sartu dira ihesaldian; izan ere, etapako lehen mendateetan osatu da boskotea. Pablo Castrillo izan da Kern Pharmaren ordezkaria, eta Mikel Bizkarra mañariarra Euskaltelena.

Bi horiekin batera, Bruno Armirailek (Decathlon), Sylvain Moniquetek (Lotto) eta Filippo Zannak (Jayco) osatu dute lasterketa buruan ibili den taldea. Helmugarako bost kilometro falta zirenean harrapatu ditu talde nagusiak Castrillo eta Armirail, boskotetik gehien iraun dutenak. Eta gaur lortutako puntuei esker, Moniquet jarri da mendiko sailkapeneko lider. 

Bihar, esprinta Sevillan

Ezustekoa izango litzake biharko etapa ez balitz esprintean ebatziko. Tropeleko ziklista azkarrenek ez dituzte aukera asko izaten Espainiako Vueltan; aurtengoa ez da salbuespena. Portugalen egin dituzten etapetan, bitan amaitu da lasterketa esprintean, baina bihartik aurrera esprinterrak sufritu beharrean izango dira. Hori bai, biharko aukera baliatuko dute. Vueltako antolakuntzak ibilbideko 21 etapetatik bakarra izendatu du «etapa laua»: biharkoa, hain zuzen ere. 

Fuente del Maestre eta Sevilla arteko 177 kilometroetan txirrindulariek ez dute mendate puntuagarri bakar bat ere igaroko. Lehen zatian badituzte gorabehera batzuk, baina azken 40 kilometroak erabat lauak dira. Hori bai, behin Sevillako hirigunean sartuta, zenbait biribilgune eta bihurgune igaro beharko dituzte. Halere, helmugako zuzengunea luzea da, esprint garbi baterako aproposa. Atzoko garailearen eta herenegun besoak jaso zituenaren arteko beste lehia bat espero da, hau da, Van Aerten eta Kaden Grovesen (Alpecin) artekoa. Eta tartean ibiliko dira Pavel Bintter (DSM), Corbin Strong (Israel) eta Jon Aberasturi (Euskaltel).

SAILKAPENAK 

Laugarren etapa

1. Primoz Roglic (Bora) 4.26.49

2. Lennert van Eetvelt (Lotto) d.b.

3. Joao Almeida (UAE) d.b.

4. Enric Mas (Movistar) d.b.

5. Felix Gall (Decathon) d.b.

6. Matthew Riccitelo (Israel) d.b.

7. Mikel Landa (Soudal) d.b.

8.Antonio Tiberi(Bahrain)18ra

9. George Bennet (Israel) 28ra

10. Pavel Sivakov (UAE) d.b.

Nagusia

1. Primoz Roglic (Bora) 14.33.08

2. Joao Almeida (UAE) 8ra

3. Enric Mas (Movistar) 32ra

4. Antonio Tiberi (Bahrain) 38ra

5. Lennert van Eetvelt (Lotto) 41era

6. Felix Gall (Decathlon) 47ra

7. Brandon McNulty (UAE) 50era

8. Mattias Sjkelmose (Lidl) 58ra

9. Mikel Landa (Soudal) d.b.

10. Aleksandr Vlasov (Bora) 1.00ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.