Prigionik hartuko du lema

Jokalari ohia izango da Baskoniaren entrenatzaile berria. Talde bat zuzentzen duen lehen aldia da. Sito Alonso Bartzelonak fitxatu du

Imanol Magro Eizmendi.
2017ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Baskoniak lemazain berria izango du heldu den sasoian. Berria bai, baina lagun zaharra era barean, Pablo Prigioni izango baita entrenatzailea. Oraindik teknikari titulua ez duen arren, Josean Kerejetaren zuzendaritzak haren esku jarriko du taldea. Prigionik Sito Alonso ordezkatuko du, hark eta Baskoniak kontratua eten baitute. Alonsok Bartzelona zuzenduko du heldu den sasoian.

Bi zurrumurru bolo-bolo zebiltzan azken egunetan Buesa Arenan, eta biak atzo baieztatu ziren, ordu gutxian. Lehenbizi, Sito Alonsok taldean ez zuela jarraituko jakinarazi zuen Baskoniak, eta gero, arratsaldean, jakinarazi zuen Prigionik bi urterako kontratua sinatu duela. Tartean, Alonsorekin akordio bat egina zuela zabaldu zuen Bartzelonak. Orain, argitzeko dago noiz aurkeztuko duten Prigioni.

Pablo Prigionik iragan urtarrilaren 9an hartu zuen erretiroa. 20 urteko ibilbidearen ondoren, Gasteizen esan zuen agur. Antolatzaile ohiak, baina, ez du hiria utzi, eta askotan agertu da Buesa Arenan. Gerora jakin zen goi mailako entrenatzailearen ikastaroa egiten ari zela, eta zurrumurruak hasi ziren. Are gehiago Baskoniaren denboraldi amaiera ikusita. Sasoiko une erabakigarrienetan taldea ez zen hain ondo lehiatu, eta jakina da Josean Kerejetari ez zaizkiola halakoak gustatzen.

Prigionirena apustu arriskutsua da; izan ere, jokalari gisa ibilbide luzea egin eta argitasun harrigarria erakutsi arren, ez du eskarmenturik entrenatzaile karguan. Logikoki, Baskonia izango da zuzenduko duen lehen taldea, eta exijentzia oso handia da ACB ligan eta Euroligan. Gauzak hala, litekeena da taldeak itzal luzeko eta esperientzia handiko entrenatzaile laguntzaile bat fitxatzea. Ibon Navarrok ez du Manresan jarraituko, eta zurrumurruetan agertu da, baina bere garaian esan zuen ez zela Gasteizera itzuliko bigarren entrenatzaile izateko.

Baskoniak ohar bidez eman zituen Prigioni aukeratzeko arrazoiak. Zaleen «idolo» gisa aurkeztu zuen, «Baskonia izaeraren ikur», eta taldearen filosofiarekin «erabat identifikatuta» dagoen pertsona gisa. Antolatzaileak zazpi denboraldi eta erdi egin zituen Baskonian, eta taldearekin partida gehien jokatu duten jokalarien artean hirugarrena da.

Horretaz gain, egungo taldeko jokalari askoren alboan ibilitakoa da, eta kide asko izan ditu bere ibilbidean. Besteak beste, Shane Larkinek askotan goratu du Prigioni, eta amu ona izan daiteke hark taldean jarraitu dezan lortzeko. Taldeak, oraingoz, eskaintza egin dio Larkini.

Alonsorekin, maisuki

Prigionik Sito Alonsoren tokia beteko du. Hark beste urte baterako kontratua zuen, iragan sasoian lorturiko helburuengatik, baina taldeak eta teknikariak etetea erabaki dute. Baskoniak, gainera, bikain negoziatu du, Kataluniako hedabideek atzo zabaldurikoaren arabera Bartzelonak bere gain hartu baitu Alonsok jaso beharreko kalte-ordaina.

Alonsok denboraldi bakarra egin du Gasteizen, eta zuzenduriko 75 partidetatik 44 irabazi ditu. Euroligan final-laurdenetara iritsi zen, eta ACB ligan, finalerdietara. Taldeak, baina, gabezia nabarmena izan du: bere maila ematea kosta egin zaio kanporaketetako partida erabakigarrietan.

Bestalde, Jose Ramon Cuspinera entrenatzaile getxoztarrak Zaragoza ACBko taldea zuzenduko du heldu den sasoian. Azken urteetan lan handia egin du Fuenlabradan. Ondorioz, uda hastear dagoela, badirudi hiru izango direla ACBn egongo diren euskal entrenatzaileak: Cuspinera, Pablo Laso Real Madrilen, eta Txus Bidorreta Tenerifen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.