Realeko jokalaria

Elene Guridi: «Pribilegio bat da halako partidak jokatzea, eta gozatu egin nahi dut»

Realak Espainiako Superkopako finalerdia jokatu du gaur, Real Madrilen aurka (19:00, ETB1), Leganesen. Guridik bi gako aipatu ditu finalerako urratsa egiteko: «Arreta handiz aritu behar dugu, eta irmo eutsi behar diogu gure jokatzeko erari».

 Elene Guridi Realeko jokalaria. OSCAR ALONSO
OSCAR ALONSO
ainara arratibel gascon
2025eko urtarrilaren 23a
05:05
Entzun

Aurreko sasoian egin zuen debuta Realaren lehen taldearekin Elene Guridik (Oñati, Gipuzkoa, 2002), eta sasoi honetan egin du bertarako urratsa. Gol bat ere sartu du dagoeneko. Betisi egin zion, Zubietan. Gaztea da, baina zelaian bezain ziur eta ausart mintzo da hedabideen aurrean. Lana eta sakrifizioa ditu bidelagun.

Lehen aldiz jokatuko duzu Espainiako Superkopa Realarekin. Nola helduko diozu?

Ilusio eta gogo handiarekin. Pribilegio bat da halako partidak jokatu ahal izatea. Sekula ez dakizu horretarako beste aukerarik izango duzun, eta bete-betean aritu eta gozatu nahi dut.

Finalerako bidean duzuen aurkaria ez da nolanahikoa: Real Madril. Dena den, igandean galdu egin zuen Eibarren aurka: 0-1. Horrek arriskutsuago egiten al du?

Halako taldeak beti dira arriskutsuak. Buruz buru sekulako jokalariak ditu, erabakigarriak, batez ere aurrean. Oso bizkorrak dira. Partidatik at daudela eman arren, minutu gutxian erabakita utz dezakete. Partida guztietan da garrantzitsua oso adi egotea, baina halako aurkarien aurrean, are gehiago. Horretan sendo egon behar dugu, eta erasoan gure aukerak baliatu. Errespetuz eta umiltasun osoarekin, aurrez aurre lehiatzera joango gara, gure indarguneekin, eta jokatzeko dugun moduari eutsiz: baloia izanda, presioa goian eginez... Irmo egon behar dugu horretan, gu izan, emaitza onak eman baitizkigu. Taldea ondo dago, eta denboraldi polita egiten ari da, batez ere emaitzei erreparatuta. Gainera, hobetzeko tarte handia dugu.

Bartzelona ahaltsua hor egonda, zaila dirudi tituluren bat irabazteak. Beraz, final bat jokatu edo ligan hirugarren geratu aukeratu behar bazenu, zer aukeratuko zenuke?

Ahal bada, biak, txapelketa guztietan lehiatu nahi baitugu ondo. Baina bat aukeratu behar izatekotan, ederra litzateke ligan hirugarren amaitzea, eta Europan jokatzeko aukera izatea. 

«Final bat jokatu, edo ligan hirugarren bukatu? Ederra litzateke ligan hirugarren amaitzea eta Europan jokatzeko aukera izatea»

Zer moduz entrenatzaile berriarekin, Jose Luis Sanchez Verarekin? Exijentzia da gehien erabili ohi duen hitza. Nola islatzen du hori egunerokoan?

Oso gustura nago harekin, eta asko ikasten ari  naiz. Denek ikusi duzue nola bizi dituen partidak; ba, egunerokoan ere horrela da. Intentsitate handia eskatzen du, eta horrek zu ere bete-betean egotera behartzen zaitu.

Pixkanaka ari zara minutuak pilatzen lehen taldean. Nola ikusten ari zara zeure burua?

Ondo, eta ditudan aukerei ahalik eta minutu gehien atera nahian. Kontziente naiz nire tokian lehia handiagoa dagoela: Klara [Cahynova], Andreia [Jacinto]... Sekulako jokalariak dira. Asko ikasten ari naiz haiengandik. KIarak eskarmentu handia du, eta kalitate izugarria. Andreiari buruz, zer esan... Denak ari gara ikusten nolako denboraldia egiten ari den eta nolako gaitasuna duen jokoa ikusteko. Gainera, egunerokoan eredugarriak dira, oso profesionalak. Bai partidetan, bai entrenamenduetan asko erreparatzen diot egiten dutenari. Oso harreman estua dugu, eta aholkuren bat ere eskatzen diet. 

Manuela Vanegasen lesio larriarekin, gerta liteke Cahynovak erdiko atzelari postuan aritu behar izatea, eta zuk jokatzeko aukera gehiago izatea.  

Ikusiko dugu. Hala izanez gero, neure burua prest ikusten dut. Egia da fisikoki eta erritmo aldetik oraindik asko dudala hobetzeko. Izan ere, salto handia dago Espainiako Federazioaren Bigarren Mailatik hona. Are gehiago nire postuan, non erabakiak oso bizkor hartu behar dituzun. Baina aldi berean, uste dut horretan egin dudala urrats handiena. Gero eta hobeto ikusten dut neure burua. Orain lortu nahi dudana da erritmo eta intentsitate horri luzeago eustea. Horretan ari naiz lanean. 

2018an iritsi zinen Zubietara, eta lehen taldean zaude orain. Nola bizi duzu egunerokoa?

Egia esan, mundu honetan oso bizkor gertatzen dira gauzak, eta, askotan, ez dituzu espero. Beraz, iristen direnean bete-betean bizitzea da kontua, eta horretan saiatzen naiz. Hau amets bat da. Are gehiago bigarren taldean taldekide izan ditudanekin bizitzea. Izan ere, taldekide ez ezik lagunak dira.

«Futbolean oso bizkor gertatzen dira gauzak, eta, askotan, ez dituzu espero. Beraz, iristen direnean bete-betean bizitzea da kontua»

Zein da urrats hori egiteko gakoa?

Lana, eta sakrifizioa. Gauza asko utzi behar dira alde batera. Adibidez, ni ezin naiz lagunekin oporretara joan, haiek abuztuan joaten direlako, eta ni entrenatzen nagoelako. Bestalde, orain ere ez ditut nahi beste ikusten asteburuan partidak ditugulako, eta Donostian bizi naizelako. Baina saiatzen naiz Oñatira joaten, lagunak, etxekoak eta aitita eta amama ikustera. Gainera, futbolak ere beste gauza on asko ematen dizkizu. Horrekin batera, funtsezkoa da entzutea: taldekideei, entrenatzaileri... Ikasteko gogoa izan behar da.

Eta futboletik kanpo zer duzu gustuko?

Iaz arte, egunerokoa oso betea nuen. Izan ere, fisioterapia ikasketak egiten ari nintzen. Dagoeneko amaitu ditut, eta, alde horretatik, aurten lasaiago nago, eta arreta osoa futbolean jarrita. Hortik harago, musika gustatzen zait, mota guztietakoa. Txikitan saxofoia jotzen nuen, eta kantatu. Orain bi zaletasun horiek utzita dauzkat, eta pena dut. Baina egunen batean berreskuratuko ditut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.