Santiago Gonzalez. Xakeko nazioarteko maisua

«Prestakuntza izan da irabazteko gakoa»

Bigarren urtez irabazi du xakelari bilbotarrak Euskadiko Txapelketa. Nagusitasunez gailendu da, partidarik galdu gabe, eta goi mailako aurkariak gaindituta. Belaunaldi berriaren ordezkari onenetakoa da.

GROSXAKE.COM.
Josu Tornay.
Donostia
2011ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Zornotzan jokatu da aurten Euskadiko Xake Txapelketa, Bizkaian, apirilaren 23tik 28ra. Santiago Gonzalez bilbotarra nagusitu da han. 27 urte ditu, eta bigarrenez jantzi du txapela. Haren atzetik sailkatu dira Iñigo Argandoña, Mikel Huerga, Igor Villalta, David Astasio eta Mario Gomez. Belaunaldi berria ari da bere tokia egiten, eta Gonzalez da haren ordezkari nagusietako bat. «Guardia zaharra beherantz joanda», aitortu du berak.

Euskadiko Txapelketa irabaztea gogorra da, baina zuk egin duzun moduan —partidarik galdu barik eta Huerga, Astasio eta Gomez gaindituta— meritu berezia dauka. Zein izan da sekretua?

Uste dut gakoa nire prestakuntza izan dela. Irekitzeak oso ondo landu ditut, eta saria izan dut partidetan. Zorte apur bat ere izan dut une batzuetan. Bestalde, Donostiako irekian beste jokalari batzuek parte hartu dute, eta nik ez. Nahiago izan dut Euskadikoa hobeto prestatu, eta ondo irten zait.

Ezustekorik izan al da? Zer irizten diozu Igor Villalta eta Alvaro Diaz gazteen jardunari?

Biek torneo ederra egin dute. Igorrek oso jarrera ona erakutsi du, posizio berriekin esperimientatzen, eta laugarren geratu da. Alvaro oso langilea da, eta badu etorkizuna. Erregulartasuna falta zaio, baina.

Zure taldekide Iñigo Argandoña ere ongi aritu da, partidarik galdu barik, eta hasiera ikusgarriarekin. Haren urtea izan zitekeela zirudien, bainaAstasio eta Limeresekin jarraian lortutako bi berdinketek kendu zioten nagusitzeko aukera. Partidaren batean zertxobait gehiago egiteko aukera izan zuela uste duzu?

Iñigo taldekidea eta laguna dut, eta espero dut urteren batean berak irabaztea txapela, ilusio handia egiten diola badakidalako. Astasiorekin abantaila handia izan zuen, eta hori ez aprobetxatzea izan zen gerora arazoa. Limeres oso jokalari sendoa da pieza zuriekin, eta kontzeptu estrategiko sakonak ditu. Hor, berdinketa baino zebait gehiago ateratzeko aukera gutxi izan zituen.

Bigarren aldiz irabazi duzu Euskadiko Txapelketa. Neurria hartu diozula dirudi. Mario Gomezen maila —bederatzi txapela— lortzea oraindik urrun daukazu. Baina txapela berriz lortzen baduzu, Jesus Iruzubieta eta Felix Izeta berdinduko dituzu. Daukazun adinarekin, asko duzu esateko. Ilusio berezia egiten al dizu torneo honetan arrastoa uzteak?

Egia esan, bai. Ilusio handia daukat torneo honetan. Hala ere, denbora izango dut marketan pentsatzeko. Agian, erretreta gertu ikusten dudanean. Momentuz, asko falta zait horretarako.

Torneoko sailkapenean ikus daitekelehen bost sailkatuak belaunaldi berriko jokalariak zaretela eta, gainera, lurralde guztietakoak (bi arabar, gipuzkoar bat, bizkaitar bat eta nafar bat). Esan daiteke xakelari belaunaldi berriak lekukoa behin betiko hartu duela?

Zalantza barik. Guardia zaharra azken urteotan beherantz joan da. Hori bai, uste dut Mario Gomezek eta beste jokalari batzuek oraindik torneo politak egin ditzaketela, baina haien une onenak atzean geratu dira. Belaunaldi berria ahaltsua da, eta beheak eta goiak irensteko gogoarekin dago.

Eta hurrengo belaunaldia nola ikusten duzu? 5-10 urte barru zuei postua kentzeko egon beharko luketenak bide onean doaz?

Badator beste belaunaldi ahaltsu bat, eta ibilaldi luzea dauka datorren hamarkadan. Hala ere, nire ustez, horietako batzuek ez dute aurrera egingo. Ikusiko dugu gogor lan egiteko prest dauden.

Umeek torneoetan parte hartzeko bere egunean Eusko Jaurlaritzak ipinitako muga suntsitzailea izan al da euskal xakerako?

Muga hori da dagoena eta egin dezakeguna horretara moldatzea da. Gure belaunaldi berriak polikiago garatzen dira, eta Euskaditik kanpo lehiatzeko, oztopo handiak dauzkagu. Baina benetan suntsitzaileak Eusko Jaurlaritzako hezkuntza ibilbideak dira. Hauek ez dute kontuan hartzen oztopo hori, eta gutxiengoen kirolak hil egiten ditu. Gure gazteek zailtasunak dauzkate laguntzak lortzeko, eta luzera begira aritzea oso zaila da. Pobrezia tranpa baten harrapatuta gaude.

Zure ustez, zelan dago euskal xakea gaur egun?

Oraingoz ondo dago, baina gauzak badaude hobetzeko. Baina luzera begira oso egoera korapilatsua daukagu. Gure agintariek ez dituzte ikusten mehatxu horiek. Egoera analizatu beharko litzateke, eta egitasmo estrategikoa garatu beharko litzateke, zortzi edo hamabi urtera begira. Ekintzak argi daude, eta aldaketa handiak egin behar direla ikusiko litzateke. Jende askok garrantzi handiagoa izan beharko luke: monitoreek, entrenatzaileek, epaileek, torneoen antolatzaileek, klubeko presidenteek, kazetariek...

Aste hasieran BERRIAn Kortxnoiri buruzko artikulu bat atera zen. Zer iritzi duzu jokalari horri buruz?

Ederra da 80 urte baino gehiago edukita zelan jokatzen duen ikustea. Ilusioari eta borrokarako espirituari duela 60 urte bezala eutsi die. Leontxo Garciak dioenez, Kortxnoi adibide argia da xakearen buruko gimnasiak nola lagun dezakeen zahartzaroa hobetzen.

Nazioartean zein jokalari dituzu gustuko? Noiz arte eutsiko dio Anandek munduko tituluari?

Ni guztiengandik saiatzen naiz ikasten. Eredu zehatz bati bereziki jarraitzeak irtenbiderik gabeko egoera batera eramaten zaitu beti. Bestalde, eliteko jokalari gisa, Anandi denbora gutxi geratzen zaio. Haren aurkariak asko dira, gazteak eta talentudunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.