Ju Wenjun eta Lei Tingje xake jokalariek ikuskizun zirraragarria eskaini dute Munduko Xake Txapelketaren finalean. Hautagaiak, Leik, oldarkor jokatu zuen lehen partidatik, irekitzeetan txapeldunarentzat gordeta zeuzkan ezustekoak erabiliz. Baina Juk desafioa onartu zuen, eta tituluari eutsi zion. Antidoto onak aurkitu zituen partida gehienetan. Patricia Llaneza nazioarteko maisuak gertutik erreparatu zion bien arteko norgehiagokari, eta puntu hori azpimarratu du: «Ez dut soilik nik esaten. Anish Giri eliteko jokalariak ere, zeina irekitzeko prestakuntzengatik baita ezaguna, jokalariek arlo horretan erakutsi duten maila nabarmendu du».
Alde horretatik, Llanezak Leiren lana nabarmendu du bereziki: «Hautagaiak, batez ere norgehiagokako lehen zatian, ezustean harrapatu zuen Ju partida batean baino gehiagotan, eta markagailuan aurrea hartu zuen». Horri aurre egiteko Juk izandako jarrera ere goraipatu du: «Txapelduna indarberritu egin zen, eta, partida erabakigarrian, hark erabili zuen etxetik zekarren prestakuntza. Oso landuta zeukan aldagai konplexua aukeratu zuen Juk, eta, nire ustez, posizio eta plan tipikoak ezagutzeak irabazteko ziurtasuna eman zion momentu kritikoetan».
Partiden aurretik eta horietan Leik egindako lana aho batez goretsi du. Llanezarentzat, neurri batean faboritoa zen: «Leiren aldeko apustua egiten nuen nik. Anbizio handia zeukan, eta sasoi onean zegoen, baina Juren esperientziak pisu handiagoa izan zuen. Behetik gora egin zuen txapeldunak, eta azken bi partidak argi eta garbi menperatu zituen. Juk esperientzia handia dauka halako egoeretan, eta igarri zen haren autokontrolean. Leik, berriz, batzuetan irudi oldarkorra eskaini zuen, doitasun eta praktikotasun txikiagokoa».
Laugarrenez irabazi du Juk Munduko Txapelketa: 2018tik tituluari eutsi dio. 2025ean defendatuko du berriro, eta, horrela, zazpi urtez jarraian txapeldun izango da. Aspaldi ez dio jokalari batek hainbeste urtez eutsi tituluari. Maia Txiburdanidz izan zen azkena halako zerbait egiten. Georgiarrak Sobietar Batasuneko banderarekin jokatzen zuen, eta 1978tik 1991 arte izan zen txapeldun, 13 urtez. Xie Jun txinatarraren kontra galdu zuen titulua.
Egun, argia da Txinako jokalariak direla nagusi emakumezkoen xakean. Gainera, kategoria mistoko txapelduna ere, Ding Liren, txinatarra da. Jakina da duela hamarkada batzuk Txinako Gobernuak, herrialdearen irudia hobetzeko helburuz, kirola eta bereziki xakea bultzatu zituela.
Baina, etorkizunari begira, Llanezak ez du argi ikusten txinatarren nagusitasun hori. «Xakea ez da hain ezaguna Txinan. Haien xake mota propioa daukate. Eliteko jokalari oso onak dauzkate; baina, horiek kenduta, maila baxua da. Gainera, jokalari onek ibilbide motza izaten dute. Egia da orain munduko txapeldun biak txinatarrak direla, eta agian horrek gauzak alda ditzakeela, Estatu Batuetan Fischerrekin, Indian Anandekin edo Norvegian Carlsenekin gertatu zen bezala». Llanezak Asiako beste herrialde batean ikusten du xakearen etorkizuna: Indian.«Antzekotasuna ikusten dut Indian gertatzen ari denaren eta bere garaian Sobietar Batasunean gertatu zenaren artean».
Haren ustez, gobernuaren sustapena ez da nahikoa, eta uste du herrialdean benetako zaletasuna egotea erabakigarria dela: «Indian jokalari gazte eta indartsu asko daude, elitera bizkor igotzen direnak. Gainera, Europako torneo ospetsuenetara jokalarien espedizioak antolatzen dituzte, gobernuak sustatuta, baina baita laguntza pribatuarekin ere».
Prestakuntza eta autokontrola
Ju Wenjun xakelariak azken partidan lortu du munduko txapeldunaren tituluari eustea. Lei Tingjie oldarkor eta sortzaile aritu da, baina Ju gai izan da hari aurre egiteko. Laugarren titulua du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu