Euskal Selekzioa 2. Irlanda 0

Prest daudela erakutsi dute

Euskal Selekzioa Irlanda baino askoz gehiago izan da, eta lehen zatiko bi golak nahikoa izan dira lehia irabazteko

Euskal Selekzioko jokalariak, Naiara Beristainen lehen gola ospatzen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2014ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Euskal Selekzioa. Tirapu, Iturregi, Paredes, Ane Bergara, Landa, Vanesa, Lizaso, Aintzane Enzinas, Ibarra, Naiara Beristain eta Erika. Gero zelairatu ziren: Nekane, Diaz, Corres, Eguzkiñe, Cornejo, Ramajo eta Orueta.

Irlanda. Badana, O'Gorman, Duggan, Tracy, Mccormack, Graham, Beckett, Hansberry, Rowe, Russell eta Roche. Gero zelairatu ziren: Connolley, Moloney, Gilroy eta Dwyer.

Golak. 2-0. Beristainek (14. min.); 2-0. Beristainek (39. min.).

Epailea. Gorka Sagues.

Bestelakoak. 1. 000 ikusle inguru Azpeitiko Garmendipe zelaian. Minutu bateko isilunea egon zen Badajozen (Espainia) trafiko istripuan hildako bost futbolari gazteen omenez.

Euskal Selekzioak nazioartean jokatzeko prest dagoela erakutsi zuen atzo, Irlandaren aurka jokaturiko partidan maila bikaina eskainiz. Bi urteko geldialdiaren ondoren, jokalariek beti hain berezi izaten den partidaz gozatzeko aukera izan zuten. Etxekoentzat lagunarteko hutsa baino gehiago zen. Aldarrikapenaren aldeko festara gerturatu zirenek partida amaierako emaitza lagun izan zuten Garmendipen.

Irlandako selekzioaren jokoaz, akaso, gehiago espero zen. Sue Ronanen taldeak, ordea, itxura kaskarra eskaini zuen Azpeitian. Irlandarrak Munduko Koparako sailkapen fasea jokatzen ari dira, eta beren multzoan hirugarren postuan daude, Alemania eta Errusiaren atzetik. Eskura dute historia egitea, Irlanda ez baita inoiz Munduko Kopa jokatzeko sailkatu. Sailkapenerako partida horietan egindako horren arrastorik ez zen ikusi, ordea, atzokoan. Neurri handi batean, parean eduki zuten taldeak punta-puntako jokoa egin zuelako.

Euskal Selekzioak lehen minututik hartu zuen partidaren kontrola. Goiko lerroetan Aintzanek eta Elik presio gogorra egiten zuen bitartean, atzealdean Ainhoa Tirapuk apenas eduki zuen ustekaberik. Baloia alde batetik bestera mugitu zuten euskaldunek, batez ere Lizasoren agindupean. Zarauztarra eta Vanessa bere kasa ibili ziren Garmendipeko zelai erdian. Etxekoen lehen abisua seigarren minutuan iritsi zen, Beristainek areaz kanpotik egindako jaurtiketa gogor baten ondoren. Badanak baloia kornerrera bidali zuen. Hurrengo jokaldian, korner horretan bertan, Ane Bergararen errematea zutoinera joan zen.

Jose Alvarezen taldearen gola gertu zegoen, eta Euskal Selekzioak izan zuen hurrengo arriskuko jokaldian, gola egin zuen. Eta nolako gola, gainera. Beristainek bolea ikusgarri batekin bidali zuen baloia ate barrura, areaz kanpotik. Irlanda itota zebilen, eta euskaldunak, berriz, gozatzen. Baloiaren zuela aprobetxatuz, etxekoek bigarren gola nahi zuten. Beristainek, Elik eta Aintzanek jokaldi zoragarria egin zuten ezker hegalean, baina Realeko jokalariak kanpora bidali zuen burukada. Euskal Selekzioaren minuturik onenak ziren.

Orduantxe iritsi zen etxekoen bigarren gola. Lehen zatia amaitzeko bost minutu geratzen zirenean, Beristainek, beste behin, erremate bikaina egin zuen area ertzetik. Euskaldunak lehen zatiko lana borobiltzear egon ziren, Iraiak zelai erditik egindako jaurtiketa batekin. Athleticeko jokalariak ustekabean harrapatu nahi izan zuen irlandarren atezaina, baina baloiak langan jo zuen.

Bigarren zatia, estuagoa

Aldageletatik bueltan, partidak beste itxura bat hartu zuen. Euskal Selekzioak joko onarekin jarraitu bazuen ere, Irlandak, aldaketei esker, bere lerroak zertxobait luzatu eta etxekoen ate ingurura gehiago gerturatu zen.

Minutuek aurrera egin ahala, gainera, Alvarezen jokalariek hirugarren gola egiteko abaguneak ere izan zituzten. Azkenean, lehen zatian Beristainek sarturiko golak nahikoak izan ziren, eta Euskal Selekzioak 2-0eko emaitzarekin biribildu zuen aldarrikapenerako eguna.

Nazioartean lehiatzen ari den talde baten aurka irabazi ondoren, erronka berriak nahi ditu Euskal Selekzioak. Partida amaierako adierazpenetan, jokalari guztiek lehia gehiago nahiko lituzketela nabarmendu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.