ERREMONTEA. Bihar ekingo diote berriro lehiari erremontean, hiru hilabete eta erdiko etenaldiaren ondoren (16:00, ETB1). Esanahi handiko txapelketa batekin hasiko da lehia, Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuaren, erremontearen katedralaren 50. urteurrenarekin. Bihar hasiko da Oriamendi 2010 enpresak eta EITBk elkarlanean sustatutako txapelketa hori, eta bost aste iraungo du, uztailaren 18an jokatuko baitute finala, Galarretan bertan.
Lau bikote ariko dira: Urriza-Zubiri; Ansa II.a-LarraƱaga; Juanenea-Urrutia II.a; eta Goikoetxea-Barrenetxea IV.a. Larunbatez jokatuko dituzte partida guztiak; ligaxkakoak (bi jaialdiko), bihar, hilaren 27an eta uztailaren 4an. Lehen sailkatuak finalerako sailkatuko dira zuzenean; bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdia jokatuko dute, uztailaren 11n; eta azken sailkatuak kanpoan geratuko dira.
Biharko jaialdian 300 ikuslerentzako tokia izango da, baina Oriamendiko arduradunek espero dute osasun egoerak horretarako aukera ematen badu hurrengo jaialdietan kopuru horrek gora egitea: 1.500 ikusle inguru sartzen dira Galarretan. Horri lotuta, erremontistek protokolo zorrotza bete beharko dute. Baita ikusleek ere. Azken horiek maskara eraman beharko dute, ezingo dira zutik egon, eta segurtasun distantzia mantendu beharko dute. Erremontistek, bestalde, kamerak eramango dituzte kaskoan, eta horri esker, irudi ikusgarriak ikusteko aukera izango da.
Prest da Galarreta frontoiaren 50. Urteurrenaren Txapelketa
Hurrengo bost larunbatetan jokatuko da, eta lau bikote ariko dira. Hasteko, 300 ikusle sartu ahal izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu