Presiorik gabeko agurra

Arrate eta San Antonio erabat lasaituta ariko dira gaur, Asobal ligako azken jardunaldian, ia ezer ez dutelako jokoan

Erredakzioa
Donostia
2011ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Asobal ligak eman ditu eman beharrekoak. Ekaina badator, eta oporrak ate-joka daude. Indarrak gastatuta daude talde gehienak, eta Arratek eta San Antoniok ere atseden hartzeko premia ederra daukate. Kirol arloan eta kirol arlotik kanpo, oso gogorra izaten ari da gipuzkoarren denboraldia, arazo ekonomikoak tarteko, izugarri sufritzen ari direlako jokalariak. Julian Ruiz entrenatzaileak aste honetan jakinarazi du ez duela jarraituko taldean. Nafarrentzat, berriz, uste baino hobea izan da sasoia, ez jaisteko borrokan egongo zirela uste zutelako eta Europako postuetarako lehian ibili direlako. Zazpigarren postuan daude orain, eta zeruak eta lurrak bat egin beharko lukete gaur zazpigarren postu hori galtzeko.

Port Sagunten pistan jokatuko du Arratek ligako azken partida (18:30). Gipuzkoarrek inoiz ez dute jokatu han. Etxekoak ere lasaituta daude, mailari eustea lortu dutelako. Paella jana antolatu dute partidaren atarirako, eta festa giroan ibiliko dira zaleak. Jokalarien aldetik ere tentsio handirik gabeko jokoa espero da. Voncina atezaina min hartuta dago Arraten, eta Igor Moyuak jokatuko du atepean.

San Antoniok, berriz, Guadalajararen aurka jokatuko du, etxean (18:30). Kalterik ez dio egingo gutxienez berdinketa lortzeak, baina, galduta ere, zaila izango da Cuencak zazpigarren postua kentzea. 18 punturekin, salbu dago gaurko aurkaria. Azken bi partidetan dezente findu da nafarren jokoa, eta maila horri eutsita agurtu nahi dute Asobal liga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.