Presiorik gabe ariko da

Beti Onak-ek Elxen aurka jokatuko du gaur bere historiako lehen kanporaketa. Bera Berak, berriz, Valladolid izango du kontrario bihar, final-laurdenetan.

(ID_13615672) (aitor karasatorre/@FOKU) 2024-02-17, Atarrabia. Eskubaloia
Beti Onak-en denboraldi honetako partida bat. AITOR KARASATORRE / FOKU
Iñaki Berastegi.
2024ko apirilaren 18a
05:10
Entzun

Espainiako Ohorezko Mailan debuta egin zuen aurreko denboraldian Atarrabiako (Nafarroa) Beti Onak eskubaloi taldeak, eta, maila horretan jokatu duen bigarren denboraldian, zortzi onenean artean sailkatzea lortu du. Hala, Miguel Etxeberriaren taldeak Elx liga erregularreko txapelduna izango du kontrario gaur (21:00) Atarrabian, final-laurdenetako kanporaketaren lehendabiziko partidan. «Gure helburu nagusia mailari eustea zen, lortu genuen, eta orain ez daukagu ezer galtzeko. Zortzigarren postuan amaitu genuen liga, eta, hori hobetzea lortzen badugu, bikaina izango da. Beldurrik eta presiorik gabe jokatu behar dugu», azpimarratu du Eider Hernandez (Burlata, Nafarroa, 2001) jokalariak. Ligak izan duen hilabeteko etenaldia «luzea» egin zaiola aitortu du. «Egia da deskonektatzeko egun batzuk izatea beti gustagarria dela, baina jokatu gabe hainbeste denbora egotea luze egiten da».

Lehendabiziko multzoko azken postuan sailkatuta, Beti Onak-i lehen faseko txapelduna, Elx, egokitu zaio final-laurdenetako kanporaketan. «Aurkari oso zaila da. Gure onena ematera aterako gara, eta ea ezustekoa eman dezakegun». Lehen fase horretan elkarren aurka jokatu zituzten bi partidetan, Alacanteko taldea aise nagusitu zen, 25 eta 35 Atarrabian, eta 27 eta 21 Elxen. «Alde handiagatik galdu genituen bi partidak. Postu guztietan kalitate handiko jokalariak ditu, eta talde osoa da». Elxen ezaugarriak aztertuta, partida «fisikoa» espero du Beti Onak-eko jokalariak. «Korrika egitea asko gustatzen zaie, eta, beraz, guk ahalegindu beharko dugu euren korrika saio horiek ekiditen. Horretarako, defentsa gogorra egin beharko dugu, eta hasi eta buka partidari intentsitate handia sartu beharko diogu. Partida eta kanporaketa zaila izango da».

Edozer gerta ere, Beti Onak-entzat «historikoa» da gaurko partida, lehen aldiz jokatuko baitu liga irabazteko kanporaketetako partida bat. «Neurketa festa bat izango da, ligako partida guztiak bezalaxe. Atarrabiako jendea beti joaten da kiroldegira, eta haien babesa asko nabaritzen dugu. Aurreko denboraldia zaila izan zen, azken unera arte sufritu behar izan genuen mailari eusteko, eta orain liga irabazteko kanporaketetan parte hartzea gauza handia da».

«Bi urte atzera ez nuen uste kanporaketa hau jokatuko genuenik ere. Onerako, egoera asko aldatu da. Aurrerapenarekin lortu dugu mailari eustea, eta horrek lagundu egingo dio klubari hurrengo sasoia hobeto planifikatzen». 

EIDER HERNANDEZ Beti Onak-eko jokalaria

Urrats handiak egin ditu Atarrabiako taldeak azken urteetan, eta hirugarren urtez Ohorezko Mailan aritzea bermatua dute. «Bi urte atzera ez nuen uste kanporaketa hau jokatuko genuenik ere. Onerako, egoera asko aldatu da. Aurreparenarekin lortu dugu mailari eustea, eta horrek lagundu egingo dio klubari datorren denboraldia lehenago eta hobeto planifikatzen». Kanporaketaren bigarren partida apirilaren 30ean jokatuko da (20:00), Elxen.

Lehen urratsa

Beti Onak-ek beteta dauka denboraldiko helburu nagusia, eta Bera Berarentzat, berriz, bihar hasiko dira denboraldiko neurketarik garrantzitsuenak. Izan ere, Imanol Alvarezen taldeak hurrengo hilabete eta erdian jokoan egongo diren bi tituluak, liga eta kopa, irabazi nahi ditu, eta horretarako Aula Valladolid kanporatu behar du aurrena ligako final-laurdenetan. Kanporaketako lehen partida bihar jokatuko da (21:00), Valladoliden (Espainia), eta itzulerakoa, berriz, apirilaren 27an (18:00), Donostian.

Hain justu, Valladolidi 42 eta 23 irabazita itxi zuen Gipuzkoako taldeak ligako fase erregularra, eta sailkapeneko hirugarren postuan amaitu zuen, Elxen eta Malagaren atzetik. «Denboraldi honetan ez gara aurrekoetan bezain erregularrak izan. Egia da aurkari zuzenen aurka oso ondo aritu garela, baina beste neurketa batzuetan ez dugu behar bezain ondo jokatu. Neurketa batzuetan oldarkorrago eta intentsitate handiagoz jokatzea falta izan zaigu». nabarmendu du Laura Hernandez Bera Berako jokalariak (Elx, Herrialde Katalanak, 1997). Ligako azken bost neurketak irabazita joan zen etenaldira Bera Bera, eta taldea «ondo» ikusten du Hernandezek azken txanpa honetan lehiatzeko. «Tituluak irabazteko gose handia ikusten dut multzoan, eta baita klubean ere. Bera Bera zerbaitengatik ezberdina bada, irabazteko duen gose horrengatik da ezberdina».

«Valladolid oso talde arriskutsua da kontraerasoan, eta ahalegindu beharko dugu korrika egin ez dezaten. Partidaren uneak kontrolatu behar ditugu, eta ezin diogu joan-etorriko partida bati bide eman». 

LAURA HERNANDEZ Bera Berako jokalaria

Duela hilabete Valladolid aise menderatu bazuten ere, Hernandezek ez du uste neurketa hark zerikusirik izango duenik biharkoarekin. «Valladolid oso talde ona da, eta lehen itzulian asko sufritu genuen haien etxean; 26 eta 26 amaitu zen norgehiagoka. Barneratua dugu oso partida ezberdina izango dela». Bera Berako jokalariaren ustez, neurketaren gakoa partidaren erritmoa «kudeatzea» izango da. «Kontraerasoan oso talde arriskutsua da, eta ahalegindu beharko dugu korrika egin ez dezaten. Partidaren uneak kontrolatu behar ditugu, eta ezin diogu joan-etorriko partida bati bide eman». Bi taldeei korrika egitea gustatzen bazaie ere, Hernandezek uste du jokatzeko modu «ezberdina» dutela. «Defentsako lana da ezberdina. Gure defentsa sendoagoa da, laguntza handiagoa du, eta haiek buruz buruko defentsa egiten dute gehiago. Pazientzia handiz jokatu beharreko partida da».

Bera Bera liga erregularreko txapeldun izan zen iaz, baina, ondoren, finalerdietan Elxek kanporatu egin zuen, eta, azkenik, liga Malagak irabazi zuen. Bi talde horien atzetik amaitu du aurten lehen fasea Imanol Alvarezen taldeak. «Hautagai nagusiaren rola iaz baino banatuago dago aurten. Iazkoaren aldean, oso bestelako egoera batean gaude gu, eta orain lehiaketa berri bat hasiko da. Hemendik aurrera jokatuko ditugun partida guztiak kale edo balekoak dira». Kanporaketak gainditzeko, talde bakoitzak bi partida irabazi beharko ditu, eta, talde bakoitzak partida bat irabaziko balu, markagailua hutsetik hasita, Donostian eta Elxen luzapenak jokatuko lirateke.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.