Saskibaloia

Presioa nork kudeatuko

Baskonia irabazteko behar gorrian iritsiko da asteburuko euskal derbira. Bilbo Basket ere goitik behera ari da azkenaldian, eta garaipena behar du denboraldi hasieran bezain ongi sentitzeko berriro.

Hlinason Bilbo Basketekoa eta Diop eta Sedekerskis Baskoniakoak, iaz, derbian. ADRIAN RUIZ HIERRO/EFE
Hlinason (Bilbo Basket) eta Diop eta Sedekerskis (Bilbo Basket) iaz, derbian. ADRIAN RUIZ HIERRO/EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko abenduaren 7a
05:05
Entzun

Euskal derbia jokatuko dute bihar Bilbo Basketek eta Baskoniak, Miribillan (12:30, Movistar). Bolada txarrean daude bi taldeak ACB ligan, eta presiopean arituko dira biak ala biak. Bi taldeen egoera aztertu du Igor Mintegiak (Donostia, 1974): «Bilbo Basketek gorago egoteko moduko taldea dauka, eta Baskoniak 3-6ko balantzea izatea sinestezina da».

Baskoniarena da egoerarik kezkagarriena. Arabarrak hainbestean ari dira Euroligan; sei partida irabazi dituzte, eta garaipen bakarrera dauzkate kanporaketa aurreko postuak. ACB ligan, berriz, kinka larrian da taldea. Jokatu dituen bederatzi partidetatik hiru baino ez ditu irabazi, eta Valentziaren aurka txistu hotsa nabarmendu zen partida amaieran. «Talde egokia zirudien. Jokalari garrantzitsuek taldean jarraitu dute, eta, besteak beste, Luwawu-Cabarrot eta Donta Hall jokalariak iritsi dira. Taldea ez da oso luzea, eta aulkiko jokalari batzuek ez daukate Euroligan laguntzeko gaitasunik», adierazi du Mintegiak.

Bi arazo nabarmendu ditu Mintegiak. Alde batetik, eta nabarmenena, defentsako «lan eskasa» azpimarratu du: «116 puntu jasotzea 40 minutuan ezin da jasan. Hausnarketa egin behar dute, zalantzarik gabe». Beste alde batetik, Howard ez aurkitzea ere arazoa dela nabarmendu du. Taldeko izarrak 21 hiruko jaurtiketa huts egin zituen jarraian Euroligako aurreko lau partidatan, nahiz eta Fenerbahceren eta Bayernen aurka hobeto aritu zen. «Zaila da ulertzen. Lasok egin nahi duen jokoa egokia da Howardentzat, baina scouting-a oso garatua dago gaur egun, eta aurkariek badakite zein den bere jokoa. Hala ere, jaurtitzaileen izateko era ere kontuan hartu behar da. Puntuak behar dituzte, eta lortzen ez dituztenean krisian sar daitezke». Datuak argigarriak dira: Hiru puntuko jaurtiketen %38,5 sartzen ditu ACB ligan, eta bi puntuko jaurtiketen %36.

Baskoniarentzat albisterik onena da Espainiako Kopako postuak soilik bi garaipenera dituela. Azken urteetan behin baino gehiagotan gelditu da taldea Kopan parte hartu gabe, baina hori porrot mingarria da arabarrentzat. Orain, bertan egoteagatik, garaipenak lortzeko premia gorria dauka taldeak, eta presa ager daiteke. Hala adierazi du Mintegiak: «Baskonia Kopan ez sartzea beti da deigarria, Baskonia eta Kopa urteetan lotuta egon diren bi kontzeptu direlako. Beharra eta presioa Baskoniak izango du asteburuan, eta hori kudeatzen jakin behar da».

Zalantzak Bilbo aldean

Bilbo Basketen kasua desberdina da, baina badu antzekotasunik. Bi taldeek uztartzen dute ACB Liga Europako txapelketa batekin, horrek daukan nekearekin. Baina Bilbo Basketek orain arte izan dituen aurkarien mailak ez dauka zerikusirik Baskoniak izan dituenekin. Hala ere, hainbeste partida jokatu beharrak eragin zuzena dauka bilbotarren jokoan. Ondo hasi zuten denboraldia, Real Madril etxean garaituz, baina nabarmena izan da beherakada. Baskoniak bezala, hiru garaipen baino ez dituzte lortu Jaume Ponsarnaurenek.

Taldeari dagokionez, Melwin Pantzar eta Triggvy Hlinason denboraldi bikaina egiten ari dira, eta, ezbairik gabe, bi horiek dira taldeko izarrak, gaur egun. Hala ere, estatubatuarren beharra dauka taldeak. Muhammad-Ali Abdur-Rahman eta Marvin Jones kirol zuzendaritzaren bi apustu izan dira, eta, orain arte, ez dira ematen ari haiengandik espero zena. «Estatubatuarrek beherakada argia izan dute azken partidetan. Ataka zailetan erantzukizuna bere gain hartuko duen jokalari bat falta zaio taldeari. Talde jokoa egiteko taldea osatu dute, baina halako jokalari baten falta sumatzen ari dira», nabarmendu du Mintegiak. Gainera, Xavi Rabaseda min hartuta dago, eta denbora batez ez da jokatzeko prest egongo. Haren hutsunea «nabarmena» dela iritzi dio Mintegiak: «Estatistiketan ez da ikusiko, baina haren isilpeko lidergoa oso garrantzitsua da taldearentzat».

«Baskoniak irabazteko beharra dauka, eta presio horrekin jokatu behar du Ponsarnauren taldeak. Lasok, berriz, presio hori bideratzen jakin behar du»

IGOR MINTEGIA Saskibaloian aditua

Etxean emaitza onak lortzen dituen taldea da Bilbo Basket. Miribillak beti lagundu izan dio taldeari, eta aurten ere etxean lortu ditu emaitzarik onenak. Aurten, ordea, taldeak aurrerapauso bat emango zuela zirudien, eta, etxetik kanpo hobetzea lortuko balute, Kopan eta kanporaketetan egoteko lehian izango lirateke. «Helburua ACB-n mantentzea izan behar da, eta horretan errealistak izaten ari dira arduradunak. Baina aurten azken urteetan izandako orekarik handieneko taldea daukate, gorago begiratzeko modukoa».

Derbiari dagokionez, Mintegiak argi dauka presioa arabarrek izango dutela, eta Bilbo Basketek, etxean jokatzen duenez, izango duela aukerarik: «Bilbo Basketek berdin-berdin egin behar du erasoko lana, eta defentsa gogortu. Baskoniak irabazteko beharra dauka, eta presio horrekin jokatu behar du Ponsarnauren taldeak. Lasok, berriz, presio hori bideratzen jakin behar du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.