Behin multzoen fasea igarota, zirt edo zart egiteko momentua iritsi da Alemaniako Eurokopan. Bi eguneko atsedena izan dute lehen galbahea pasatu duten hamasei selekzioek, eta final-zortzirenak jokatuko dituzte lau egunez, gaur hasita. Talderik entzutetsuenak presiopean ariko dira. Gehienek maila apalagoko aurkariak izango dituzte, eta, horregatik, behartuta daude irabaztera. Gainera, finala urrun dago oraindik. Onenentzat porrota da etxerako bidea horren goiz hartzea. Kontrara, selekzio apalagoek ilusioz gainezka ekingo diete kanporaketei. Ia beti izaten da ezusteko gonbidaturen bat finaletik hurbil; azken bi aldietan, adibidez, Danimarka (2021ean) eta Gales (2016an) finalerdietaraino iritsi ziren. Haien ereduari heldu nahi diete handienen itzalean daudenek.
Kanporaketetan egote hutsa gauza handia da Georgia eta Esloveniarentzat. Lehen aldiz gainditu dute multzoen fasea selekzio independente moduan dihardutenetik. Georgiarrek meritu berezia dute, lehen parte hartzea baitute Eurokopan. Hirugarren sailkatu ziren F multzoan, Portugal eta Turkiaren atzetik. Defentsan eta kontraeraso bizietan oinarritu dute beren jokoa. Hiru gol sartu ditu Georges Mikautadzek, beste inork baino gehiago, eta atepean ikusgarri dabil Giorgi Mamardaxvili. Beste mirari baten beharra izango dute bihar georgiarrek, Espainia izango baitute aurkari (21:00). Sailkatze faseko bi partidetan, hamar gol sartu zizkien. Halere, Georgiak hobera egin du geroztik, eta Portugali irabazi berri dio. Preseski, Portugal izango da Esloveniaren aurkaria, etzi (21:00). Lehiarik galdu gabe iritsiko dira esloveniarrak; oso sendoak dira.
Faborito gehienak gozakaitz aritu dira multzoen fasean, eta zalantza artean jokatuko dituzte final-zortzirenak. Italia modu agonikoan sailkatu zen, Kroaziaren aurka azken momentuan berdinduta. Gaur Suitza izango du aurrean (18:00). Aurkari gogorra da. Galde diezaiotela Frantziari –kanporatu egin zuen azken Eurokopako final-zortzirenetan–. Edo, bestela, Alemaniari: oso estu hartu zuen azken jardunaldian. Azkenean onik atera ziren etxekoak, eta Danimarkaren aurka ariko dira gaur (21:00). Lehen bi partidetako sentsazioak berreskuratzen saiatuko da. Ingalaterra, berriz, guztiz etsigarri aritu da neurketa guztietan. Bakarra irabazi du, eta, asko hobetu ezean, berandu gabe bidaliko dute etxera. Asmo hori izango du bihar Eslovakiak (18:00).
Frantziako selekzioan ere, jokalarien maila eta taldearen jokoa ez dira bat etorri. Kritika ugari egin dizkiote hautatzaileari, Didier Deschamps baionarrari. Multzoko lidergoak ihes egin die, eta, ondorioz, Belgikaren aurka ariko dira astelehenean (18:00). Domeniko Tedescoren taldea ere bigarren sailkatu da bere multzoan, aurkari nahiko xumeak eduki arren. Ezustean, aurrea hartu dio Errumaniak. Eurokopan kale edo baleko fasera iritsi den bigarren aldia da. Final-laurdenak jokatu zituen 2000. urtean, eta beste horrenbeste egin nahi du orain, asteartean Herbehereei irabazita (18:00). Laranjak gutxi izan du mekanikotik: hirugarren sailkatu da, Austria eta Frantziaren atzetik.
Hain justu, harrigarria izan da Austriaren jarduna, joko nahiz emaitza aldetik. Lehen aldiz sar daiteke final-laurdenetan, asteartean Turkiari gailentzen bazaio (21:00). Pronostikoak betetzen badira, sekulako partidak jokatuko dira hurrengo fasean: Espainia-Alemania eta Portugal-Frantzia koadroaren alde batean, eta Ingalaterra-Italia eta Austria-Herbehereak bestean. Alabaina, ustekabe bat baino gehiago egon daiteke final-zortzirenetan; ilusioa presioa baino akuilu hobea da.