Baikoko pilotaria

Jon Ander Albisu: «Presioa daukagu, baina presiopean aritu gara ondoen»

Peñak eta Albisuk galdu egin dute lehenbiziko partida finalerdietako ligaxkan, baina atzelariak zehaztu du egon direla okerrago. «Sinatuko genuen egoera honetan egotea».

Jon Ander Albisu. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Jon Ander Albisu, Eibarko Astelena frontoiko harmailan eserita. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko martxoaren 7a
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Hamabost urte daramatza profesionaletan Jon Ander Albisuk (Ataun, Gipuzkoa, 1990), eta, hamalaugarrenez ari da jokatzen Binakako Txapelketa. Hain zuzen, esperientzia horrek lagundu dio Ezkurdiaren eta Rezustaren aurka egindako partida txarra ahaztu eta aurrera begira jartzen.

Nola igaro dituzu azken egunak?

Igandean partida txarra jokatu nuen, eta penatuta etorri nintzen etxera. Astelehenean bertan, ordea, hurrengo partidari begira jarri nintzen bete-betean.

Igande gaua izan zen okerrena? 

Buruari bueltaka ibili nintzen, gaizki zer egin nuen pentsatuz, baina, ondo egin nuen lo; ez dut arazorik lo egiteko.

Halako egun txarretan non bilatzen duzu babesa?

Etxean. Etxekoak dira nirekin gehien gozatzen dutenak, baina baita gehien sufritzen dutenak ere. Ez dute batere disfrutatzen ni kantxan horrela ikusita; haiek ordaintzen dute gero nire jenio txarra. Oso eskertuta nago haiekin. Une txarrak pasatu egiten dira bi alabekin nagoenean.

Lerroburuek hamabi huts egin zenituela nabarmendu zuten. Halakoek min egiten dizute?

Ez. Sekula ez diot garrantzi handirik eman prentsari; ez dut asko irakurtzen. Neronek badakit zer egin dudan ezer irakurri gabe.

Esperientzia mesedegarria da?

Bai, noski. Une onetan eta txarretan izan behar dira oinak lurrean. Nik hala ditut, eta, horri esker, errazago pasatzen da trantzea.

Prentsa irakurri ez, baina ikusi duzu partida telebistan?

Ezta ere; ez dut ohiturarik nire partidak ikusteko. Hamabost urte daramatzat profesionaletan, eta nik jokatutako bost partida baino ez nituen ikusiko. Badakit zer egin dudan ondo eta zer gaizki. 

«Une onetan eta txarretan izan behar dira oinak lurrean. Nik hala ditut, eta, horri esker, errazago pasatzen da trantzea»

Igandean zer egin zenuen gaizki?

Beldurrez hasi nintzen. Josebari [Ezkurdiari] pilota kentzen saiatu nintzen, baina ez nuen lortu. Gure erritmoa ezarri nahi genuen, baina ez genuen lortu, eta nahi eta ezin horretan gozatu ezinik ibili nintzen hasieratik. Eta, gaizki hasiz gero, zaila da buelta ematea. 

Txapelketa oso ona egiten ari zinen. Amorru handiagoa ematen du horrek?

Ni beti izan naiz pilotari irregular samarra, eta badakit halako egunak izaten direla. Kontua da garai desegokian izan dudala. Lehen ligaxkaren bigarren itzuli osoan aritu gara presiopean, partida guztiak irabazi beharrean, eta, bigarren ligaxkan hutsetik hasi garenez, tentsio falta sumatu nuen hasieran. Bi partida falta zaizkigu, biak tentsio handikoak eta irabazi beharrekoak; ea bigarren itzulian bezain ondo aritzen garen.

Hain zuzen, huts gutxiago egiteagatik aritu zineten horren ondo bigarren itzulian.

Hala da. Lehen itzulian, jokatzeko geunden, baina zenbait partidatan, une erabakigarrietan huts egin, eta garaipena aurkariei oparitu genien. Argi genuen huts gutxiago eginez gero, irabaz genezakeela. Eta horixe egin genuen bigarren itzulian. Horregatik ari gara finalerdietan.

Zer duzue orain buruan?

Lanean segitu behar dugula bigarren itzulian bezain ondo aritzeko, eta igandean beste jarrera batekin kantxaratu behar dugula.

Okerrago egon zarete: lehen itzulian partida bakarra irabazi zenuten.

Aste gogorrak izan ziren horiek, nahitaez irabazi behar baikenuen. Zorionez, presiopean ondo aritu gara. Orain, irabazi beharreko bi partida ditugu. Presioa dugu, baina presiopean aritu gara ondoen.

Atzera eginda, sinatuko zenukete oraingo egoeran egotea, ezta?

Dudarik gabe. Lehen itzulia ikusita, sinatuko genuen kanporaketa jokatzea, eta, horretan arituta, finalerdiak jokatzea. Orain, berriz, finala jokatu nahi dugu. Lehen partida galdu dugu, baina beste bi ditugu. Ea ondo ateratzen diren.

Lasoren eta Iztuetaren aurka jokatuko duzue horietatik lehena, igandean, Eibarren (Gipuzkoa). Zer itxura hartzen diozu?

Partida zaila izango da. Eibarren jokatuta, erritmoa jartzen duen bikoteak gertu izango du irabaztea. Bi bikoteak saiatuko gara horretan. Haiek bikote indartsua osatu dute: Unai asko ari zaio laguntzen Martxeli, eta, Martxel berea ematen ari da: bi eskuekin asko luzatzen dabil, kantxa betetzen... bikain ari da. Saiatuko gara Unai jokoan ez sartzen eta erritmoa guk jartzen.

Harritu egin zaitu Iztueta horren ondo aritzeak?

Ez. Debutatu aurretik harekin entrenatu nintzen, eta ikusten zitzaion kantxako erritmoa hartzen zuenean atzelari handia izan zitekeela. Hori erakusten ari da. Fisikoki ere gora egin du: lehen, gehixeago nekatzen zen, baina, orain, gehiago eusten dio. Pilotari osoa da. Lesio larririk ez badu, urte askoan egongo da goian.

«Unai ohituta dago halako partidak jokatzera; Martxel, berriz, lasai dabil. Bete-betean ariko dira»

Ligaxkan, partida bakarra jokatu duzue elkarren aurka, eta 22-15 irabazi zenieten Bilbon. Horrek konfiantza ematen dizue?

Bai. Zera esan nahi du: gurea egiten badugu, bikote oso ona gara, eta edozeini irabaz diezaiokegu. Bigarren itzulian erakutsi dugu: finalerdietan ari diren beste hiru bikoteei irabazi diegu.

Bi bikoteek galdu duzue lehen partida, beraz, berriro galtzen duena aukerarik gabe geratuko da. Zuek presiopean aritu zarete aste askoan. Laso eta Iztueta, ordea, ez dira larri ibili. Hori igartzen da?

Ez dakit. Astelena azkarra da, eta, ondo hasiz gero, frontoi aproposa da. Aldiz, gaizki hasiz gero, kosta egiten da buelta ematea. Unaik eta Martxelek txapelketa bikaina egin dute, eta, ez dute izan presio handirik, baina, ziur nago bikote indartsua egingo dutela. Unai ohituta dago halako partidak jokatzera; Martxel, berriz, lasai dabil. Zera pentsatu behar dugu: haiek bete-betean ariko direla, eta, guk ere horrela aritu beharko dugula.

Frontoi azkarra izanik, hortxe du aukera Peñak.

Bai, baina Unairentzat ere ona da: aproposa da erasora jokatzeko; zaila, ordea, defentsan aritzeko. Erritmoa jartzen badugu, Jon Anderrek aukerak izango ditu; ea aprobetxatzen dituen. Gora egin du, eta konfiantza hartu errematatzeko unean.

Azken partida kenduta, nola moldatu zara?

Gustura aritu naiz, txinpartarekin, eta gozatzen. Bizpahiru partida txar egin ditut, baina besteetan nahiko ondo aritu naiz. Ez dut izan eskuko minik.

Apirilean bukatuko zaizu kontratua. Hasi zarete hizketan?

Ez. Txapelketa bukatzean hitz egingo dugu. Gustura nabil, sasoiko, eta eskuetatik ondo. Gai ikusten naiz urte batzuetan goi mailan aritzeko. Segitu egin nahi dut. 

35 urte betetzear zaude, eta gazteak indartsu datoz. 

Bai, baina txapelketan ikusi da oraindik gerra eman dezakedala. Hori ikusten dudan eta ilusioari eusten diodan bitartean, jarraitu egingo dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.