Presioa, alboko ontziari

Portugalete, Ondarroa eta Donostiarra konfiantzaz daude asteburuko kanporaketari begira. Portugaletek mantendu egin nahi du San Miguel ligan, eta Ondarroak eta Donostiarrak, mailaz igo, baina ez da «ezinbestean» lortu beharreko emaitza.

Ondarroa behean eta Donostiarra goian, denboraldi honetan, Pasaian jokatutako estropadan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2016ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Heldu da San Miguel ligako kanporaketa ere. Bihar eta etzi jokatuko dute, Bermeon eta Portugaleten (Bizkaia), erlojuaren aurka. Lau talde ariko dira lehian: Euskal Herritik, Portugalete, Ondarroa eta Donostiarra, eta, Galiziatik, Ares. Bik bakarrik lortuko dute datorren urtean liga nagusian arraun egiteko aukera. Helburua lortuz gero, mailari eutsiko lioke Portugaletek, eta maila nagusira jauzi egingo lukete Ondarroak, Donostiarrak eta Aresek.

Prestaketa bete-betean, Euskal Herriko hiru talde horietako ordezkariekin hitz egin du BERRIAk: Portugaleteko patroia da Joseba Mancebon, Ondarroakoa Iñigo Larrinaga, eta Donostiarran egiten du arraun Mikel Zapirainek. Hiruren hitzetan, oso garbi geratu da presiorik ez dutela nahi, eta saiatu dira zama izaten den hori aurkariei pasatzen.

JOSEBA MANCEBON

Portugaleteko patroia

«Ez da erraza izango, baina badakigu gure esku dagoela»

«Oso entrenamendu onak ari gara egiten aste honetan, eta konfiantzarekin gabiltza. Guretzat, urte osoko lanari etekina ateratzeko bigarren aukera da kanporaketa. Ligan ezin izan dugu baliatu lan hori, eta orain beste aukera bat daukagu. Badakigu ez dela erraza izango, baina uste dugu gure esku dagoela. Azkenean, liga nagusian lehiatu gara, aurkari onenekin, eta horrek beste lehiakortasun bat ematen du.

Aurkarien inguruan, Ondarroa eta Ares izan dira KAE 1 ligako eta Galiziako ligako irabazleak, hurrenez hurren, eta hori ez du edozeinek lortzen. Donostiarrak bi estropada on egin ditu Kontxako Banderan, eta maila ona dauka.

Iruditzen zait Bermeoko estropadak ia erabakita utziko duela kanporaketa. Izan ere, bi metroko olatuak eta haize zakarra dago emanda, eta aldeak handiagoak izan daitezke baldintza horietan. Presioaren inguruan, zabaltzen ari da Ondarroa eta Donostiarra gu baino gehiago direla, eta ona da guretzat, presioa haien gain dagoelako horrela».

IÑIGO LARRINAGA

Ondarroako patroia

«Lehiatu gabe egon gara egun asko, baina ez gaitu batere kezkatzen»

«Gogoa eta ilusioa sobera dauzkagu. Inoiz ez gara aritu San Miguel ligara igotzeko kanporaketan, eta taldean antzematen da zerbait berezia; baita herrian ere, zaleen artean. KAE 1 liga bikaina eginagatik, ez diogu geure buruari aparteko presiorik jarri mailaz igotzeko. Guk geure buruari talde barruan jarri dioguna daukagu, ez besterik. Denboraldi hasieran, helburua zen kanporaketan sartzea, eta beteta daukagu hori.

Lehiatu gabe egun asko daramatzagu, Kontxarako sailkatzeko estropadatik, baina ez gaitu kezkatzen. Kontxakoa termometroa izan zen guretzat, jakiteko non gauden liga nagusiko taldeekin alderatuta, eta emaitza oso ona izan zen. Lehiak ematen duen tentsioa ordezkatzeko, Bermeon eta Orion ibili gara entrenatzen, betiko ohiturak aldatzea ona delako buruarentzat. Aurkarien artean, Portugalete koska bat gorago dago, liga nagusiko taldea delako. Donostiarra ondo ibili da Kontxako bi estropadetan, eta ilusio handiarekin daude igotzeko; gainera, behetik gora datoz errendimenduan. Aresen inguruan, berriz, ezin dut ezer esan, Kontxako sailkatze estropadan eman zuen maila ez dakigulako benetakoa zen edo ez.

Bermeorako iragarrita dauden baldintzek ez gaituzte beldurtzen. Uda osoan erakutsi dugu ondo gabiltzala itsasoan. Gerta daitekeena da baldintza horietan aldeak handiagoak izatea».

MIKEL ZAPIRAIN

Donostiarrako arraunlaria

«Kontxako erritmoari eusteko gai bagara, aukera handia daukagu»

«Mesede handia egin digu Kontxako Banderan lehiatzeak. Jakin nahi genuen liga nagusiko taldeen estropadako erritmoan aritzeko gai ote ginen edo ez, eta erakutsi dugu gai garela. Konfiantza berezia eman digu hori lortzeak. Lehen igandetik bigarren igandera gauza batzuk aldatuta lortu genuen erritmoarena. Kanporaketan erritmo horretan ibiltzeko gai bagara, igotzeko aukera handia izango dugu. Baina, jakina, bi egun zehatzetan erakutsi behar dugu hori, alferrik delako orain hemen jardutea. Gertatzen dena da Portugaletek eta Ondarroak ere badutela guk lor dezakegun erritmo hori. Ez dakit Ares zertarako gai izango den.

Presioaren inguruan, egia da Donostian kolpetik halako eztanda moduko bat gertatu dela taldearen emaitza onen inguruan, baina ez dugu presiorik. Zuzendaritzak ez digu eskatu igotzeko. Guk taldean daukaguna da presiorik onena: nahi dugu erakutsi gai garela zerbait handia egiteko, eta gure artean badago tentsio berezi bat; on egingo digu.

Bi estropada zeharo ezberdin izango dira, biharkoa itsasoan delako, eta etzikoa, ibaian. Bermeorako, biharko, oso baldintza txarrak daude emanda, baina talde guztientzat izango dira txarrak. Alde horretatik, ez nau asko kezkatzen. Gerta daitekeena da ia erabakita geratzea bihar, oso zaila izango delako Portugaleteko ibaian bihar galdutako segundo mordoa berreskuratzea, galera hori izaten badu, behintzat, talderen batek. Bermeoko baldintzetan, burua hotz eduki beharko da, eta itsasoari eta ur-lasterrei neurria hartu. Beroketatik hori egitea lortzen badugu, lan ona egingo dugu. Gainera, itsasoko estropadetan, Lekeition eta Zarautzen esaterako, oso gertu ibili gara Ondarroakoengandik, eta uste dut bihar ere egingo dugula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.