Aretz Iginiz. Baionako jokalaria

«Presio gutxiago izan dugu azken lehietan, eta mesede egin digu»

Bihar Castresen aurkako partida erabakigarria huts-hutsean irabaztea baino gehiago, hasi eta bukatu «ongi jokatzea» du helburutzat Aretz Iginizek. Beste emaitzei begira egon beharrik gabe, Top 14ari modu horretan eutsiko diotela uste du lapurtarrak.

SYLVAIN SENCRISTO.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2014ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Biharko Castresen aurkako partida garrantzitsuaren atarian, entrenamenduaren ostean hartu du Aretz Iginizek (Hendaia, Lapurdi, 1983) BERRIArekin hitz egiteko tarte bat. Mailari eusteko bidean, azken oztopoari egoki aurre egiteko asmoz azaldu da hendaiarra, eta denboraldi honetako beste partida batzuetan presio handiagoa ukan dutela onartu du.

Sasoiko azken partida heldu da, Castres txapeldunaren aurka. Nola dago taldea partida garrantzitsu horren atarian?

Motibazioz gainezka gaude. Badakigu zailtasunak izan ditugula urte osoan, baina, azken bi partidetan sei puntu lortu eta gero, geure esku dago mailari eustea. Anitz poztu gara egoera horrekin, orain badakigulako irabaziz gero beste denboraldi batez Top 14an mantenduko garela. Alde horretatik, gogo anitz daukagu partida irabazi eta gure etorkizuna segurtatzeko.

Gauza anitz aldatu dituzte Grenobleren aurka Bustos Moyanok sartutako hiru puntuek (21-21). Galdu bazenute, gauzak arras desberdinak izanen ziren.

Grenobleren aurkako partida baino lehen, bagenekien Perpinyak ez zuela punturik sartu eta Oyonnaxek berdinketa lortu zuela. Beraz, bi puntu behar genituen, gutxienez, sailkapenean egoera oso makurra ez ukaiteko. Azken minutuko tanto horiek oso garrantzitsuak izan dira guretzat. Orain, gure eskuetan dago mailari eustea.

Azken partidetan presio anitzekin jokatu duzue. Taldeak, hala ere, ondo erantzun du Stade Française eta Grenobleren aurka. Lasaitasuna eman dizue horrek?

Egia da ligako azken bi partida hauetan presio handia genuela, baina libreago aritu gara jokoan. Top 14an aurretik etxean jokatutako partidetan presio handiagoarekin jokatu izan dugu. Bordeleren aurka, adibidez, izugarrizko presioa sentitu nuen nik —22-23 galdu zuen Baionak—. Partida horren ondotik, ihes egin zigun behar-beharrezkoa genuen garaipenak. Orduan konturatu ginen geure jokoari begiratu behar geniola eta ez hainbeste irabazi beharrari. Irabazteko jokatu behar genuela, ez galtzeko helburuarekin aritu ordez. Gainera, Pariseren aurka Anoetan jokatu genuen, eta horrek presioa gutxitu zigun. Libreago aritu gara, eta jokoan ikusi da hori.

Aldaketa hori nabaritu duzu? Normalean, azken partidak iritsi ahala, presioa areagotu egiten da, emaitza guztiak direlako oso garrantzitsuak.

Bai, egia da. Baina mailari eusteko geure jokoa egin behar genuela ikusi dugu azken asteotan. Etxean Toulonen eta Bordeleren aurka galdu eta gero, deus galtzekorik gabe joan ginen Grenoblera. Eurak ari ziren etxean, eta guk baino presio handiagoarekin jokatu zuten. Argi ikusi zen hori, bigarren zatian haien aitzinetik pasatu ginelako. Urduritu egin ziren. Guk, aldiz, Pariseren aurka gertatu bezala, beste jarrera batekin jokatu genuen, eta horrek presioa kendu digu sasoi bukaerarako.

Hala ere, Castresen aurka berretsi behar da orain mailari eustea. Azken urteotan ohituta zaudete egoera horretara. Ona al da hori?

Egia da Baiona Top 14ra itzuli zenetik, bi sasoi kenduta, beti sufrituz lortu dugula mailari eustea. Baina, denboraldi honetan, aspaldiko partez, etxean jokatuko dugu geure azken partida. Gure aurkariek —Perpinya, Oyonnax eta Grenoble— etxetik kanpo jokatuko dute, gainera, eta abantaila txiki hori baliatu nahi dugu.

Hiru puntuko tartean lau talde zaudete ez jaisteko lehian sartuta. Ez irabazita ere, agian, aski izan daiteke mailari eusteko.

Puntu bat sartzea izanen da gutxienekoa, horretan ez dago dudarik. Ondoren, badakigu Perpinya Clermontera doala eta oso zaila izanen duela irabaztea, eta Oyonnax ere pattalago ari da etxetik kanpo. Joan den astean baino aukera gehiago dugu orain mailari eusteko. Baina, lasai egoteko, irabazi egin nahi dugu; horrela ez dugu kalkulurik egin beharko.

Hiruko berdinketarekin konbinazio anitz dago. Kalkulu guztiak egin dituzue?

[Barrez]. Egia erran, ez gara geldirik egon! Berdinketa kasuak alde ditugu. Hiruko berdinketa badago, ez gara jaitsiko. Lauko berdinketan ere, Grenoble jaitsiko da. Oyonnaxekin berdinduz geroz, mailari eutsiko diogu. Perpinyarekin berdintzea da saihestu behar duguna, orduan guk galduko genukeelako maila.

Azken partidetan gutxiago jokatzen ari zara. Nola daramazu egoera hori?

Jokalari baten bizia da hori. Azken urteetan anitz jokatzeko aukera izan dut. Orain, aulkian egotea tokatu zait. Hala ere, azken partidan eskuinean jokatu nuen, eta hori ona da niretzat, uztartzearen bi aldeetan jokatzen ahal dudala erakutsi baitut.

Aulkitik aterata, uztartze irekietan baloi garrantzitsu batzuk lapurtzen ikusi zaitugu. Freskotasun hori eskaintzen saiatu zara?

Beti saiatu izan naiz defentsan baloiak lapurtzen, azkenaldian, agian, gutxiago lortzen nuen arren. Baina, aulkitik ateratzean, freskotasuna nabaritzen da, eta besteen nekea erabiltzen saiatu behar izaten da taldeari jokaldi positibo batzuk emateko.

Zer moduz moldatzen ari zarete Manu Merin presidente berriarekin? Zer moduz sartu da taldean?

Egunero Baionan egoten da, eta hurbiltasuna eman digu horrek —Alain Afflelouk Londrestik zuzentzen zuen kluba—. Nahiz eta ez den iritsi errugbi mundutik, badaki enpresa bat zuzentzen, eta Baionako futbol taldean ere gauza politak egin zituen. Erran zigun bezala, nahiz eta erabaki txarrak ere hartuko dituen tartean, hemen dago, egunerokoan presente da, eta lasaitasun handia ematen du horrek.

Nola ikusten duzu hurrengo denboraldia? Afflelouk murriztu egingo du aurrekontua eta taldeak berregokitu egin beharko du.

Presidentearen lana izanen da hori kudeatzea. Diru gutxiago izanen dugu, eta aldaketak ekarriko ditu horrek. Jokalari batzuek ez dute jarraituko taldean, eta harrobiko gazteekin beteko dira zuloak. Fase berri hori ongi prestatzen badugu, eta gazteei laguntzen badiegu, taldeari mesede egingo diogu etorkizunerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.