Atleta

Asier Martinez: «Presenteegi eduki dut hesiak botatzeko arriskua Olinpiar Joko hauetan»

Parisen ez duela gozatzerik izan nabarmendu du Martinezek, baina baikor da etorkizunari begira: «Entrenatzen ondo sentitzeak eta teknikoki beti nahiko ondo moldatu izanak konfiantza ematen didate».

Asier Martinez korrikalaria Parisen, olinpiar hirian. OLI ARTOLA APEZTEGIA
ainara arratibel gascon
Paris - Berriemaile berezia
2024ko abuztuaren 10a
05:05
Entzun

Dopinaren kontrako kontrol bat pasatu ostean, eta Iruñera itzuli baino ordu batzuk lehenago ailegatu da elkarrizketa tokira Asier Martinez atleta (Iruñea, 2000). Olinpiar hiriaren atarian, Jokoetan egin duen lana aztertu du.

Finaletik kanpo geratu ostean, esan zenuen Jokoetan ez zarela ondo lehiatu eta teknikoki ez zinela ondo sentitu. Egun batzuk igaro ostean, zein hausnarketa egiten duzu?

Finalerdiaren ostean egindakoaren antzekoa. Beroan egindako adierazpenak eta analisia izan ziren, baina ez dira aldatu. Nahiko balorazio txarra egiten dut, ez bakarrik Jokoez, baizik eta urteaz oro har. Une oro ibili naiz sentipen txarrei buelta eman nahian, horretarako ditudan tresna psikologikoekin. Baina ez naiz gai izan. Lehia horretan aritu naiz neure buruarekin azken unera arte. 

Borroka hori fisikoa izan da, mentala baino gehiago?

Egia esan, ez dakit non dagoen arazoa. Nik uste dut merezi dugula analisi sakon bat egitea, egoerari behar bezalako azalpen bat aurkitzeko. Baina, bai, izan daiteke. Argi dago entrenamenduetan ondo sentitzen nintzela, baina gero ez naizela gai izan pistan erakusteko. Halako txapelketa batean, ezin zara egon azken unera arte tentsio puntu horrekin, eta, ondoren, egoerari buelta eman. 

Finalerdian hamar hesietatik bederatzi bota zenituen. Hori ez da ohikoa zugan. Azalpenik badu?

Oraindik psikologikoki ahul gaude, eta emozio puntu horrekin. Baina argi dago ez dela normala, eta zerbaiten isla dela. Hasieratik jakitun ginen lasterketa oso gogorra izango zela, eta marka dotore bat lortu beharko genuela finalean egoteko. Hori jakinda, ez ginen gai izan egoera behar bezala kudeatzeko. 

Korritu zenituen hiru lasterketen artean zeinetan sentitu zinen ondoen?

Bakar batean ere ez. Ez da gaurko edo atzoko egoera bat. Azken hiruzpalau hilabeteetan izan dugun egoera berri baten ondorio da emaitza. Bagenekien nola ginen fisikoki, baita psikologikoki nola lehiatzen ari ginen ere. Zein zen joera lehiaketetan. Horri buelta ematen saiatu gara, baina ez da posible izan.

Bigarren aukerako lasterketan aritu ostean, aipatu zenuen beldurtzen hasia zinela hesiekin eta huts egiteko arriskuarekin. Konfiantza falta duzu hesiak parez pare dituzunean?

Hainbat lehiaketatan trakets arituz gero, normala da hori, normala da psikologikoki konfiantza galtzea. Baina, aldi berean, garbi dut konfiantza hori berreskuratzen dela, eta hori dela nire hurrengo pausoa. Hainbat tresna eta laguntza ditut horretarako. Lasai nago, baina, aldi berean, egoera berria da niretzat, sekula bizitu ez dudana. Horrek eragiten dit ezinegona.

Zer behar duzu egoera hori aldatzeko?

Beharbada, gutxiago pentsatzea. Azken hilabeteetan gehiegi pentsatu dut egoeraren inguruan: ohean nengoenean, bakarrik... Jokoetan ere hori gertatu zait. Presenteegi eduki dut hesiak botatzeko eta huts egiteko beldurra. Ez bakarrik lehiaketan, baita aurretik edo berotzen ari nintzenean ere. Gehiegi jabetu naiz huts teknikoak egiten ari nintzela, eta abiadura proba batean hori ez da ona. Horrek baldintzatu nau.

Entrenamenduetan ez zenuen gauza horietan pentsatzen. Horregatik hobeto sentitzen zinen?

Bai, dudarik gabe. Entrenamenduetan ondo sentitzeak eta teknikoki beti nahiko ondo moldatu izanak konfiantza ematen didate, eta hori da helduleku nagusia etorkizunerako. 

Gozatzeko tarterik izan duzu bigarren Olinpiar Jokoez?

Egia esan, ez; eta pena dut behar bezala disfrutatu ez izanaz. Baina kirolariontzat disfrutatzea gauzak ondo egitea da, eta ez da horrela izan. Ondo lehiatu nahi genuen, eta ez dugu lortu. Gutxienez familiaz gozatu ahal izan dut, hemen egon baitira ni ikusten. Babes handia izan dira. Lagunen mezuek ere asko lagundu naute. Baina egonaldia luzea egin zait, nahiz eta astebete eskas egon naizen hemen. Etxera itzultzeko gogoz nago.

Tokioko Olinpiar Jokoen ostean izan dituzun gorabehera guztiek ba al dute zerikusirik gertatzen ari zaizun honetan?

Bizi izan dudana, batez ere azken bi urteetan, abiadura handiko prozesu bat izan da. Tokioren ondoren, bi hilabetean, brontzezko domina irabazi nuen Munduko Txapelketan, eta urrea Europakoan. Gero, denbora luzez egon nintzen lesio batekin. Ondo bueltatu nintzen, baina azken hilabeteetan ez dut oinarri psikologiko bat jarri ahal izan, aipatu dudan egoerari aurre egiteko. Bi urte hauetan ez dugu tarterik izan gauza onekin gozatzeko, ezta txarrekin sufritzeko ere. 

«Azken bi urteetan ez dugu tarterik izan gauza onekin gozatzeko, ezta txarrekin sufritzeko ere»

Iaz urte osoa eman zenuen lehiatu gabe. Burutik pasatu zitzaizun atletismoa uztea?

Ez. Hainbeste denbora lehiatu gabe egotea izan da bizi izan dudan egoerarik gogorrena. Argi dut hau dela nahi dudana. 

Beste hilabete bat arituko zara lehian, oporrak hartu aurretik. Zein helbururekin?

Bi lehiaketa izango ditut, eta egoerari buelta emateko urratsak egiten segitu nahi dut. Presiorik gabe lehiatuko naiz. Gero atseden hartuko dut, gaur-gaurkoz horren beharra baitut.

Eta horren ostean, nola helduko diozu konfiantza berreskuratzeko prozesu horri?

Orain arte izan ez dudan lasaitasunarekin eta denborarekin.

Lehengo jauzilari bizkor eta konfiantzaz betetako hura itzuliko al da?

Ziur nago baietz. Profesionalki oso babestuta nago; oso kapital profesional handia, dotorea eta boteretsua daukat egunerokoan, eta zorte handia dut. Denek azterketa bera egiten dugu egoeraz, ikuspuntu desberdinetatik bada ere.

Garai batean aipatu zenuen inguruak zinen baino hobea zinela sinetsarazi zizula, eta hori ez zela ona kirolari batentzat. 

Kanpoko inguruaz ari nintzen, baita mediatikoaz ere. Inguru hurbila, aipatu bezala, oso sanoa daukat; oso jende onaz inguratuta nago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.