Luzaroan oroituko den herri kirol apustua irabazi berri du Julen Gabirondok (Urnieta, Gipuzkoa, 1989). Aizkoran hogei kana-erdiko ebaki eta gero, 3.635,5 kilo belar bildu zituen segan joan den larunbatean, Leitzan (Nafarroa). Bi orduz aritu zen lan horietan, Xabier Zaldua aurkari zuela: «Oso kontrario gogorra da, eta urte luzez erakutsi du hori». Hari irabazteko egindako esfortzutik osatzen ari da pixkanaka-pixkanaka.
Larunbatean astindu galanta hartu zuen zure gorputzak. Han-hemengo giharrak bere onera itzuli al zaizkizu?
Oraindik ez, eta geroz eta okerrago ditut. Atzo [igandean] gogortasun pixka bat sentitzen nuen, eta gaur [atzo] gehixeago. Pare bat egunetara izaten da okerrena, eta pentsatzen dut aurki hobetzen hasiko naizela.
Larunbatean jaialdi bete-betea egin zenuten Leitzan: zuen lana, zaleen erantzuna... Horrelako zerbait behar al zuten herri kirolek?
Nik uste baietz, polita izan zela. Jende asko gerturatu zen, eta apustu berezia zen. Orain artean, bi aldiz bakarrik jokatu zen halako bat, eta aspaldi, gainera: azkeneko aldiz orain hamabost urte. Jendea gogotsu zegoen.
Kanpotik begiratuta, aise irabazi zenuen. Sentipen hori izan al zenuen zuk?
Segan, egia esan, uste baino abantaila handiagoa lortu nuen hasieratik. Aizkoran eustera atera nintzen, eta ondo lortu nuen. Segan, belarra nahasia zegoen, eta teknika asko eskatzen zuen. Ikusi nuen Zalduak nik baino aurrerakada gutxiago egiten zuela kolpeko, eta nik bikoitza ematen nuela. Nahiz eta erritmo berean aritu, aldea handitu egin zen.
Aurrez, hogei kana-erdiko ebaki zenituzten aizkorarekin. Zalduak hamabi segundo lehenago moztu zituen. Zer balorazio egin duzu?
Espero bezala aritu nintzen. Etxeko lanak egitera joan nintzen; ez nintzen Zalduari segitzera joan. Nire erritmoan ekin nion. Lan erdietan egur erdi bateko desabantaila nuen, eta aspalditxoan ginen atzerapen horrekin. Ikusi nuen desabantaila ez zela handitzen, eta lasaitu egin nintzen. Banekien tarte horrekin segan hura menderatzeko aukera asko nituela. Gainera, aizkoran bukaera aldera bete egin zen, eta gerturatu egin nintzen.
Enbor batzuetan minutu eta erdiko atzerapena izan zenuen, eta gero, aldea murriztu zenion. Hura bete zelako, edo zuk estutu zenuelako izan zen hori?
Bietatik. Hura bete egin zela uste dut, eta ni apur bat hazi egin nintzen.
Zuk ere sufritu zenuen: zangoa, gerria, sabela...
Toki guztietan izan nuen [barrez]. Aizkoran, lan erdietan-edo, izterretan nabaritu nuen. Iskiotibialak eta koadrizepsa gero. Pentsatu nuen: «Erne, gauzak justuan daude hemen». Fisikoki ondo sentitzen nintzen, hauspoz-eta, baina giharrak ez zeuden behar bezala. Azken hamar kana-erdikoetan saiatu nintzen ur pixka bat gehiago edaten, tarteka egur gainetik jaisten, tentsio kentzeko. Komeriak izan nituen, eta geroz eta gehiago. Sega hartutakoan gihar guztiak heldu zitzaizkidan.
Hori dela-eta larritu al zinen uneren batean?
Bai, dudarik gabe. Segituan larritu nintzen. Segan, lehen mailakada egin, eta altxatu nintzen atzera bueltatzeko, eta giharrak heldu zitzaizkidan. Pentsatu nuen hankeko bolak igo eta lurrean luzaketak egiten hamar bat minutu igaroz gero Zalduak lan handia egingo zuela, eta gero, ezingo nuela harrapatu. Buruak buelta asko ematen ditu. Azkenean, sufrituta, bi orduko lana amaitzea lortu nuen. Pozik nago.
3.635,5 kilo belar ebaki zenituen, Zalduak baino 669 kilo gehiago. Zer hausnartu duzu?
Belar samurra zen, baina karga zuen. Egindako euriarekin zurrunbiloan bezala zegoen, eta itsatsita. Sega sartzean, ez zen erraza era aurkitzea.
Noiz jabetu zinen apustu irabaziko zenuela?
Bukatutakoan. Ikusi nuen abantaila lortzen ari nintzela, baina ez nuen konfiantzarik neure buruarekin: edozein momentutan gelditzeko beldurra nuen. Hanka ez bazen, sabela zen... eta azkenerako, dena txikituta nuen.
Nolako kontrarioa izan da Xabier Zaldua?
Oso gogorra. Xabierrek zer maila duen badakigu. Urte askoan apustu pila bat egin ditu. Badakigu ez duela etsitzen, ez dela gelditzen, eta kontrario gogorra egiten du horrek. Segan oso maila polita eman du. Ezberdina da segan zortzi hilabetez aritzea, edo, nik bezala, hamar urtez jardutea. Teknika aldetik ezberdina da. Gogotsu zegoen, gainera.
Apustu hau nolako esperientzia izan da zuretzat?
Esperientzia polita izan da. Gogorra izan da, entrenamendu eta sakrifizio asko eskatzen baititu, baina gauzak ondo ateratzen direnean polita da. Beste aldera gertatu bazen, beste era batera pentsatuko nukeen, ziur aski.
Bakarkako lehen apustua zenuen. Bide bat zabaldu al duzu?
Ez dakit. Ikusiko dugu, egokitu ahala. Oraingoz, lasai. Egutegia nahiko betea badut, txapelketekin-eta, eta horiek igarotzean ikusiko dugu zer gertatzen den.
Lehen, segalari petoa zinen. Orain modalitate gehiagori begira zaude?
Saltsero samarra naiz, eta bai. Denetara apuntatu naiz. Pentatloian izena emateko asmoa dut; harriarekin landu behar dut orain. Bi hilabete ditut, eta beldurra dut iazko maila ez emateko. Aizkoran ere izena eman dut Gipuzkoako bigarren mailakoan. Denetik ari naiz pixka bat egiten.
Julen Gabirondo. Herri kirolaria
«Pozik nago: sufrituta, baina amaitu nuen bi orduko lana»
Aizkoran eta segan egindako apustua «esperientzia polita» izan dela esan du Julen Gabirondok, nahiz eta garaipenerako bidean izugarri sufritu zuen: «Hauspoa ondo nuen; giharrak, ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu