Osasunako jokalaria

Ante Budimir: «Pozik nago golekin, baina zapore hobea dute taldeak irabazten duenean»

Egoera gogorrean hazi zen Budimir, baina oroipen gozoak ditu umezaroaz. Futbolaria izan nahi zuen, eta atezain hasi zen kalean. Golegile bihurtu zen gero, eta sena finduz joan da. Orain, ez dago area barruan geldituko duenik.

ANTE BUDIMIR.
MIKEL SAIZ / OSASUNA
enaut agirrebengoa
Iruñea
2023ko abenduaren 2a
05:05
Entzun

Taxoaretik irteten azkenekoetakoa izaten da beti Ante Budimir (Zenica, Bosnia eta Herzegovina, 1991). Entrenamendua bukatu ostean, ez du zuzenean aldagelarako bidea hartzen. Atera jaurtiketak egiten gelditzen da askotan, bera bakarrik. Harreman intimoa izan nahi du golekin. Oraingoan, berriz, gimnasiora jo du, eta masajea eman diote gero: fisioterapeuta bat hanka bakoitzean. Goizak luze jo dio, baina ez du presarik etxera itzultzeko. Ate aurrean erakusten duen patxada berarekin erantzun die galderei.

Oso hauskor zabiltzate atzean, eta kamuts samar erasoan. Horrela, oso zaila da partidak irabaztea.

Azken bi partidetan aurkaria baino hobeto aritu gara, baina markagailuan aurretik jartzea falta izan zaigu. Lehen kolpea eman ezean, ezin da partida biribilik egin. Beste partida batzuetan eraginkorrago aritu gara. Adibidez, bi gol sartu genizkien Gironari eta Getaferi, baina ez zen aski izan puntu bakar bat ere lortzeko. Beste urte batzuetan baino errazago sartzen dizkigute golak.

Haizearen kontra ibili zarete sasoia hasi zenetik. Zer aldarte duzue talde barruan?

Futbolean, beste edozein kiroletan bezala, irabaziz gozatzen duzu. Sasoi honetan aurrekoan baino gutxiago ari gara irabazten, eta ez gaude horren kontent. Normala da. Hala izan behar du: aldatzeko gogoa dugula erakusten du. Partida biribil bat egitea falta zaigu. Ez gara ezkorrak: zelaian gauza onak ari gara erakusten. Oraindik asko dugu esateko.

Handia da iragan sasoiko arrakastaren zama?

Kanpotik ez dut presiorik nabaritzen. Zaila da Osasunarenak baino zale eskuzabalagoak aurkitzea. Beti ilusioz ikusten ditut. Nik bai, iazko emaitzak errepikatu nahi ditut, eta, ahal bada, hobetu. Denboraldi bat ez dut hasten hamazazpigarren izateko. Azkenean hala baldin bada, ederki. Mailari eustea itzela da. Baina, hasieran, aurrez egindakoa hobetzeak izan behar du helburua.

Zer ondorio izan du Europatik kanpo gelditu izanak?

Ez zen tragedia bat izan. Sari bat zen Europa, betebehar bat baino gehiago. Baina, bestalde, gutxienez sei partida jokatuko genituen, eta horien falta sumatzen dugu.

Bolada txarrean egon arren, sailkapenean ez zaudete larri: sei puntura dituzue jaitsiera postuak.

Egoera ez da kezkagarria. Iraganeko bolada txarretan, sailkapenean hondoa jota ibili ginen. Orain, ordea, jaitsieratik kanpo egonik, ez dut sentitzen bolada txarrean gaudenik ere. Ez dakit zenbat partida daramagun irabazi gabe [lau dira]. Ez gaude horren gaizki.

«Titulu bat irabazi nahi dut Osasunan, eta sasoi honetan gauza handiak gerta daitezke oraindik»

Buruari buelta asko ematen diozu gauzak oker ateratzen direnean?

Ez. Partidak, hori bai, errepikatuta ikusten ditut beti, xehetasunez jabetzeko eta nire ondorioak ateratzeko. Entrenatzailearen hausnarketak ere gustura entzuten ditut. Neurketak neure kasa ikusten ditudanean, batez ere nigan jartzen dut arreta: atzelariek edo erdilariek baloia dutenean ni non nagoen, espazioak ondo bilatzen ditudan…

Eta pozik zaude orain arte ikusi duzunarekin?

Egoera logiko batean ikusten dut neure burua. Aurtengo udara arte, Osasunan ezin izan ditut sasoiak behar bezala prestatu. Denboraldiaurre on bat egiteko beharra nuen, lehen jardunaldira indartsu eta buru argitasunez iristeko. Hala gertatu da, eta gauzak nahi bezala atera zaizkit zelaian. Hasiera ez zen horren ona izan, aurreneko partidetan ez bainuen golik sartu. Baina pozik egon behar dut lehen herenean egin dudanarekin. 

Zu pozik zaude, baina burumakur dabil taldea. Nola sentiarazten dizu kontraesan horrek?

Aurrelari batentzat, ez dago golak sartu eta garaipena lortzea bezalakorik. Zortzi gol sartu ditut orain arte, aurreko denboraldi guztian bezainbat. Baina askoz ere zoriontsuago nintzen orduan. Partida askotan golik sartu ez arren, aldagelan pozik ikusten nuen jendea, eta poz hori kutsatu egiten da. Era berean, nire golek garrantzi handiagoa eta zapore hobea dute taldeak irabazten duenean.   

Horren adibide da Kroaziarekin sartu zenuen azken gola. Eurokoparako sailkatzeko balio izan zizuen. A zer momentua, ala?

Oso pozik nago! Partida erabakigarria zen guretzat. Kroaziarroi ilusio handia egiten digu halako txapelketak jokatzeak, eta nortasun handia erakutsita sailkatu gara. Selekzioarekin balio bereziko gol bat sartzea falta zitzaidan, eta iritsi da azkenean.

Brontzezko domina lortu zenuten azken Munduko Kopan. Osasunarekin ez ezik, Kroaziarekin ere gauza ederrak bizi izan dituzu azkenaldian.

Miraria agian ez, baina balentria handia izan zen Munduko Kopakoa. Oso harro sentitzen naiz talde honen parte izateaz. Kroazia finko bihurtu da nazioarteko txapelketa handietan, eta guretzat sekulakoa da hori. Berriz ere amets egingo dugu datorren udaran. Ea ametsaren parte izan naitekeen.

Marka da: orain golegile fina zara, baina umetan atezain aritzen zinen kalean.

Garai hartan ez nuen beste aukerarik. Ume asko aritzen zen futbolean, eta ni besteak baino gazteagoa nintzen. Jokatzeko txandaren zain egoten nintzen, eta, momentua iristean, atezain aritu behar. Inork ez zuen atezain izan nahi! Halere, helduagoekin aritu ahal izatea ederra zen niretzat. Hegan egiten nuen, Sergio Herrerak bezala. Belaunak odolduta ibiltzen nintzen.

«Nik ez nuen aita ezagutu, eta, esatea gogorra den arren, ez nuen aukerarik izan haren galera sentitzeko»

Jaioberria zinela, aita istripu batean hil zen, eta Bosniatik Kroaziara joan zinen familiarekin, gerratik ihesi. Arrastoa utzi zizun horrek guztiak?

Oso txikia nintzen. Sei bat hilabete nituenean joan ginen Kroaziara, eta 5 urte nituela bukatu zen gerra. Ez nintzen egoeraren larritasunaz jabetu. Eta aitaren galeraz ere, beste horrenbeste esango nizuke. Nik ez nuen ezagutu, eta, esatea gogorra den arren, ez nuen aukerarik izan haren galera sentitu eta hutsunea sumatzeko. Nire errealitatean ez dut inoiz aitarik eduki. Ordea, hazi ahala, jabetu naiz ez dudala izan aitaren figura, eta horretan zerbaiten falta nabaritzen duzu, noski.

Futbolari moduan, Italian hasi zinen hegalak astintzen. Han jarri zizuten Beltxarga ezizena, Van Bastenen antza zenuelakoan.

Hark ere Italian jokatu zuen, eta zaleek eta kazetariek antzekotasunen bat ikusi zuten. Emaitza aldetik, ezin naiz inolaz ere alderatu Van Bastenekin. Haren partidarik ez nuen ikusi, txikia nintzela erretiratu baitzen; beraz, ezin dut esan antza dugun edo ez. Jendeak agian ez daki ezizena nondik datorren, baina hala deitzen didate oraindik.

Futbolari moduan orain arte egin duzun bideari begiratuta, zer ikusten duzu?

Ez dut inoiz egin ariketa hori. Ea. Erantzun azkarra: bide zaila izan da, lan asko egin behar izan dut, eta konfiantza izan nigan, inork sinistu ez duenean. Gorabeherak izan arren, ekinean jarraitu dut beti. Eta, era berean, bideaz gozatzen saiatu naiz. Gauza txarrak irakasgai moduan hartu ditut.

Zure tokia aurkitu duzu Iruñean?

Iruñea eta Nafarroa nire bizitzaren parte izango dira betiko. Jendea oso adeitsua da, eta toki egokia da familia bat osatzeko. Hiru semeak hemen jaioak dira. Seme zaharrena Iruñera iritsi eta aste batera jaio zen, hau da, bat datoz Osasunan daramadan denbora eta semearen adina. Inoiz ahaztuko ez dudan data bat da.

Urrian 2027ra arte luzatu zenuen kontratua Osasunarekin. Luzaro jarraitu nahi duzu talde horretan?

Kontratua hor dago, eta hemen gustura nagoelako eta klubak hala nahi zuelako sinatu dut. Futbolean, ordea, edozer gerta daiteke. Adibidez, Braulio udan Sevillara joan izan balitz, haren ordezkoak agian ez zidan kontratua luzatuko. Batek daki. Nik hobetu besterik ez dut egin nahi futbolari moduan. Horrek zer ondorio izango duen? Berdin zait.

Lehen Mailan Osasunaren seigarren golegilerik onena zara. Erronkatzat daukazu sailkapen horretan gora egiten jarraitzea?

Ez. Ez dut inorekin alderatu nahi. Golak sartu, eta partidak irabazi; hori besterik ez dut buruan. Gauza handiak gerta daitezke oraindik sasoi honetan. Liga oso luzea da, eta Superkopan, titulutik bi partidara gaude. Eta Kopa ere hor dago. Titulu bat irabazi nahi dut Osasunan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.