Joseba Fernandez. Pedreñako entrenatzailea

«Pozgarria da aukera hau izatea, Urdaibaikoa eta gero»

Euskal Herrian ez du lekurik aurkitu Fernandezek, Urdaibaitik kaleratua izan ondoren, eta Pedreñara itzuliko da. 2005ean eta 2006an egon zen han, eta liga nagusira igotzea da asmoa.

JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun

Iaz garai honetan baino lasaiago dabil Joseba Fernandez (Pasai Donibane, Gipuzkoa 1974): «Duela urtebete, Urdaibain, telefonoa eskuan nenbilen, taldea egiten. Aurten, aldiz, dena ondo bideratuta daukagu Pedreñan». Hara itzuliko baita, 2005ean eta 2006an egon zen lekura.

Ate bat itxi, eta beste bat ireki.

Urdaibain bukatu nuen moduan bukatuta, pozgarria da beste denboraldi batez ere entrenatzeko aukera izatea. Sekulako apustua egin du Pedreñak nire alde, eta asko eskertzen diot. Entrenatzaileen mugimenduak aurten ez dira iaz bezain handiak, eta zaila zegoen lekua aurkitzea. Baina Pedreñaren egitasmoa asko gustatu zait, eta hara noa berriz.

Aukeran Euskal Herrian geratzea nahiago izango zenuela garbi asko esan duzu.

Bai. Familia kontuengatik, askoz erosoagoa zait etxe inguruan ibiltzea, baina ez dut eskaintza zehatzik izan. Deitu, deitu didate klub batzuetatik, jakiteko zertan nabilen edo zer asmo nituen, baina eskaintza zehatzik ez dut jaso.

Zertara zoaz Pedreñara?

Erronka berri bat da niretzat. Inoiz ez naiz entrenatzaile izan KAE 1 ligan, eta orain izango dut ezagutzeko aukera. Eskaini didaten egitasmoari dagokionez, Eusko Label ligara igotzea da asmoa, eta, aldi berean, kirol arloa indartzea. Horrelako erronka batean ere ikusi nahi dut neure burua.

Anbizio handiko egitasmoa da.

Bai, baina gehien gustatu zaidana izan da zuzendaritzakoen apaltasuna. Oso garbi daukate egitasmo honi umil ekin behar diogula, pausoak banaka emanez, eta hori asko gustatu zait. Ados nago.

Uztartze moduko bat da egitasmoa? Irabazle izan nahi du batetik, baina proiektu berri bat eraiki ere bai, bestetik.

Hori da, bai. Ni egon naizen taldeekin alderatuta, izan daiteke Urdaibairen antzekoa, irabazi nahi dugulako, eta liga nagusira igo. Baina nire lana San Juanen egin nuenaren modukoa ere izango da: talde berri bat eraiki beharko dut. Bi ikuspegi horietatik ikusita, ez zait arrotza egingo Pedreñan aurkituko dudana.

Nola antolatuko zara joan-etorriak egiteko?

Neguan, ostegunetik igandera joango naiz hara, eta astelehenetik ostegunera etxe aldean ibiliko naiz, baina egun solte batzuetan ere hara joango naiz. Gero, udan, Pedreñan izango naiz traineru denboraldiak irauten duen bitartean, familiarekin.

2014an Pedreñak maila galdu zuenetik, ez du ezer egin KAE 1 ligan. Nola lortuko duzu taldea gora begira jartzea?

Lan eginda, beste toki guztietan bezala. Ez dago beste sekreturik. Oraingo egitasmo honek antza du duela hamabost urte han bertan egin nuenarekin, eta, orduan, liga nagusiko ohorezko txandan kokatu genuen trainerua.

Behar zuen Pedreñak zu bezalako entrenatzaile bat lozorro horretatik ateratzeko?

Taldeko arraunlari batzuek eskaintzak izan dituzte taldea uzteko, baina zain egon dira nik zer erantzungo Pedreñaren eskaintzari. Azkenean, nik baiezkoa emanda, geratzea erabaki dute. Aurtengo taldeko arraunlari guztiekin hitz egin dut banaka, eta badira bost duela hamabost urte ere nirekin ibili zirenak, garai hartako taldean. Haietako batek esan dit ez duela ulertzen nola ibili diren hain gaizki uda honetan, taldea ikusita bazegoela gaitasuna KAE 1 ligako lehen hiru sailkatuen artean ibiltzeko. Haren ustez, aurtengoa izan da Pedreñaren aspaldiko porrotik handiena.

Taldea indartzeko beharra izango al duzu?

Ari gara, bai. Astillerotik lau arraunlari fitxatu ditugu: Peña, Crespo, Perez eta Hernando, eta Camargotik pare bat ere etorriko dira, agian. Galiziatik kanpo ibili den arraunlari bat batzeko aukera ere bada.

Zer geratu zaizu Urdaibaiko bukaeratik?

Oso itsusia izan zela ni kalera botatzea. Ni egon naizen aldian, 27 garaipen lortu ditugu, eta asko dira, nik uste nuen baino gehiago, gainera. Lan oso ona egiten ari ginen, eta ez nuen horrelako amaierarik merezi, nire onena eta gehiago ematen aritu naizelako Bermeon.

Arreta guztia jarri ahal izan duzu aurtengo denboraldiko lanean, ala zure bizitzako konturen batek galarazi egin dizu hori?

Nondik atera da hori? Ez da egia. Aurreko bi denboraldietan bezala, lanean nire onena ematen aritu naiz, eta ez dago niri ezer leporatzerik.

Urdaibaik kaleratu eta segituan, adierazpenak egin zenituen, eta gauzak garbi esan ere bai. Uste duzu horrek guztiak kalte egin dizula beste talde batzuek zuri eskaintzak egiteko garaian?

Garbi daukat baietz. Urdaibaitik atera ninduten bezala ateratzeak ez dit mesede egin, eta ziur naiz talde batzuek horregatik egin dutela atzera niri eskaintza egiterakoan. Azkenean, gauzak garbi esaten ditut, horrelakoa naizelako, eta, orduan, beroaldian, esan nituenak esan nituen. Baina ez ziren gezurrak. Esan nuen arraunlarien babesa behar nuenean ez nindutela babestu. Hala ere, esan nuen, baita ere, Urdaibairen aurtengo emaitzen erantzule nagusia ni naizela, baina hori ez da hainbeste nabarmendu.

Autokritika zintzoa ere egin zenuela, alegia.

Jakina. Hamasei denboraldi segidan daramatzat entrenatzaile lanetan, eta hamahirutan emaitza onak lortu ditut. Hirutan bakarrik egin dut kale, eta nik ere badut huts egiteko eskubidea, ez bainaiz besteengandik ezberdina. Begira iaz zer gertatu zitzaion Joni [Salsamendi] Orion, adibidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.