Pozaren malkotan, gozo

Oiartzun ez dago jaitsieran, azken hiru partidetan zazpi puntu atera eta gero. Azken garaipenean, erabakigarriak izan ziren Anne Mugarza eta Eguzkiñe Peña.

Eguzkiñe Peña eta Anne Mugarza, Oiartzungo jokalariak, Karla Lekuona futbol zelaian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Oiartzun
2017ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Futbolak itzuli egiten omen du kendutakoa. «Nik sinesten dut horretan», esan dio BERRIAri Eguzkiñe Peñak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1992), Oiartzungo aurrelariak. «Bat zor zidan futbolak», gehitu du, burutik ahora ekarriz azkeneko jardunaldiko azkeneko jokaldia. «Mila bider ikusi dut», esan du Anne Mugarzak (Lezo, Gipuzkoa, 1985), goleko pasea eman zion taldekideak. «Nik ere bai», Peñak. «Negarrez hasi nintzen Eguzek [Eguzkiñek] gola sartu zuenean, eta hamar bat minutuz aritu nintzen zotinka», kontatu du Mugarzak.

Gola sartu, eta epaileak amaitutzat eman zuen Albaceteren aurkako partida. Bigarren garaipena izan zen oiartzuarrentzat ligan (2-1), eta zulotik ateratzeko balio izan zien. Azken-hirugarren dira, jaitsieratik kanpo, eta bigarren itzuliko bi partida baino ez dituzte jokatu oraindik. Zazpi puntu ateratzeko gai izan dira azkeneko hiru partidetan, eta hasi da eguzkia ateratzen Oiartzunen. «Sekulako laguntza eman dio buruari azkeneko garaipenak, eta talde osoari asko eman digu. Ederki antzeman genuen hurrengo asteko entrenamenduetan: ezberdina zen giro hura», azaldu du Peñak.

Kolpe gogorrak hartu ditu Oiartzunek denboraldi honetan, eta denak berdinak: makina bat puntu eta partida galdu ditu azkeneko minutuetan. Datu oso adierazgarria eman du Peñak: «Bigarren zatiak jokatuko ez balira, lehen zortzi postuetan geundeke sailkapenean». Egoera bera hainbestetan gertatu izana ez zen zorte kontua izan, eta taldekideen artean gaia plazaratu behar izan zuten uneren batean, Mugarzak kontatu duenez: «Denbora asko pasatu dugu horretaz hizketan, eta, batez ere, buruko lana izan da egoera horien eragilea. Behin galtzen duzunean azkeneko unean, hurrengoetan baldintzatu egiten dizu pentsamendua». Arazoaren muina barrutik atera, eta konponbideak etorri ziren gero: «Ordutik hasi gara puntuak ateratzen, taldeak sinetsi egin behar baitzuen gehiago egin zezakeela, eta hori gertatu da gero», biribildu du azalpena Mugarzak.

Garaiz atzeman dute gaitza, eta nahikoa denbora daukate oraindik denboraldiko helburu nagusia lortzeko: mailari eustea. Aurrera begira jarrita dago taldea, eta Peñaren baieztapen honek ederki azaltzen du hori: «Aurreko hiru partidetan lortu behar genuen gure gainetik daudenak harrapatzea edo, gutxienik, ez urrutiratzea gugandik, eta, hori eginda, orain atzean utzi behar ditugu. Oso partida garrantzitsuak ditugu datozen asteetan». Huelvan (Espainia) ariko dira igande honetan (12:00), Tacuense azken sailkatua datorkie gero Oiartzunera, eta Betisen zelaira joango dira ondoren. «Bizirik jarraitu behar dugu», dio Mugarzak; «izan ere, bestela, taldea itzali egiten da helburua gauzatzerik ez bada, edozein izanik ere asmo hori».

Datozen hiru partida horietan ez dute uste dena erabakiko denik: «Asko faltako da gero ere, etaerabakigarria ez da izango, baina bai argigarria. Lortu behar dugu beste talderen bat ere ez jaisteko lehian sartzea», esan du Mugarzak, buruan Albacete duela.

Dena dela, kontuak egitea da hori, eta ez dute burua aterarazi nahi benetako pentsamendutik: Huelvako partida, igande honetan. Hori prestatzen egon dira azkeneko bi asteetan, aurreko asteburuan ligak etena izan baitzuen. Berezia izango da partida, Colombino zelai historikoan jokatuko dutelako; 21.670 ikuslerentzat dauka lekua. «Pozik entzun nuen bertan jokatu behar genuela jakitea, beste zelaia ez baita guretzat egokia. Nahiago belarretan eta zelai handietan jokatu». Peñaren hitzei Mugarzarenak gehitu zaizkie: «Oso jende beroa joaten da Huelvako beste zelaira, eta euskaldunak izateagatik sekulakoak eta bi esaten dizkigute».

Autobuseko bidaia luzean, hobe beste zerbaitetan pentsatzea. Adibidez, mila bider ikusi duten Albaceteren aurkako golean, negar malkoetan, pozean... Bidea egiteko laguntzeko, errepidean eta liga honetan.

Emakumeen futbola: geroa

Huelvako giroaren berri izateko, hara joan behar behin baino gehiagotan, eta, horretarako, urteak ibili behar futbolean. Hala dabiltza Peña eta Mugarza, eta badakite zerbait emakumeen futbolaren geroaz hausnarketa egiteko. «Zazpigarren urtea dut hau elitean, eta ez nuen uste honaino helduko ginenik, ezta pentsatu ere. Telebistaz ematen partidak eta abar...», dio Peñak. Mugarzak eman dio amaiera: «Pauso asko eman dira, baina asko daude emateko, geroko belaunaldiek beste amets batzuk bete ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.