Gustura egin zuten Galiziatik Pasaiarako bidaia San Pedroko arraunlariek. Larunbatean Kaiku aurkari zuzenaren atzetik gelditu arren, igandean arrantza bikaina egin zuten Boiroko uretan. Hamar punturena zen aldea zortzira murriztu dute, bizkaitarrek ziaboga batean egindako hutsa baliatuta. Geroz eta hobeto ari da Libia gorengo mailara itzuli den urtean, eta Gorka Toledo patroia (Tolosa, Gipuzkoa, 1995) sinetsita dago eskifaiak baduela aukerarik.
Sanpedrotarrek ez zuten asteburua nahi bezala hasi. Larunbatean 11. postuan sailkatu ziren, eta Hondarribia sartu zen Kaiku aurkari zuzenaren eta haien artean. Sei ehunenen aldea izan zen Ama Guadalupekoaren eta Libiaren artean. «Alde handi samarrak ikusten direnean beldurra egoten da, ontziak tartean sar daitezkeelako. Baina ez duzu espero Ohorezko Txandako talde bat sartzea tartean, eta are gutxiago zu baino ehunen batzuk aurrerago gelditzea», adierazi du Toledok.
Egiari zor, ordura arteko estropadarik onena egin zuen San Pedrok, igandean. Zortzigarren amaitu zuen, eta hiru ontzi sartu ziren moreen eta Kaikuren artean. Toledoren hitzetan, haien txandakideekin «buruz buru aritzeko gai» direla ikusi zuten bertan: «Larunbatean jasotako emaitzaren ostean taldea ez zen desanimatu. Taldeak aurrerapausoa ematen jakin zuen, inork inori ezer leporatu gabe. Gure onena ateratzeko mezua transmititzen jakin genuen, eta horregatik atera zen igandeko estropada».
Kaikuren maniobra txar bat izan zen, zalantzarik gabe, sanpedrotarrek aldea murriztu izanaren erantzule nagusia. Ordura arte bikain ari zen Libia, baina Kaikuk istriborretik hartu zuen ziaboga, eta horrek «piztu» egin zituela aitortu du Toledok: «Ni nire ziaboga bukatzen ari nintzen, eta ez nintzen ohartu. Baina arraunlari batek eman zigun abisua, garrasika. Momentu horretan burua hotz mantentzea izan zen garrantzitsuena. Halakoetan korrika eta presaka has zaitezkeelako, eta arraunketa galdu. Ni arraunlariei transmititzen saiatu nintzen erlojupean aritu behar ginela, bigarren txandakoekin lehiatzeko».
Pozik itzuli diren arren, amorrua ere sentitu dute Libian. Bi puntu galdu baitituzte asteburuan, ehunenak tarteko. Larunbatean bat —Hondarribiak sei ehunenen aldearekin aurreratu zituen—, eta igandean beste bat —Cabok lau ehunenen aldearekin aurreratu zituen—. Alde horretatik, zorte gutxirekin ari da Libia, lehen jardunaldian ere ehunen gutxi batzuen aldearengatik galdu baitzuten puntu bat.
Minduta, bai, baina egindako lanarekin pozik dago Toledo: «Horrek mintzen zaitu gehien, berriro ere ehun batzuengatik izateak. Baina ikusita denboraldi hasieran non geunden, eta orain non gauden, alderdi positiboari begiratu behar diogu. Puntu garrantzitsuak joan zaizkigu, bai, baina lehen bi txandetako ontzietatik gertuago gaude. Geroz eta gehiago, gainera».
Hala ere, zintzo mintzatu da Libia ontziaren patroia, eta ez du zortearen aitzakiarik erabili nahi izan: «Ez nuke esango zortea kontra daukagunik. Ez gara zorte gehiegi izaten ari kale zozketetan, baina horiek ez dira gure esku dauden faktoreak. Gu gure lanarekin pozik egon behar gara. Asteburutik asteburura San Pedroren bertsio hobe bat ikusten ari gara, eta horrek hauspotu egin behar gaitu». Toledo ez da horrekin konformatzen, baina: «Gure helburua Kaiku harrapatzea da, eta ahal izanez gero kanporaketak ekiditea. Gure arraunketa egiten dugunean, lehen bi txandetako edonori aurre egiteko moduan gaude».