ATHLETIC 0 - 0 GETAFE

Poza partida amaieran iritsi da

Aurrez, Athletic nahi eta ezin aritu da San Mamesen, Getaferen kontra. Amaieran, Oihan Sancetek zelai erditik jakinarazi du 2.032. urtera arte luzatu duela kontratua zuri-gorriekin

Jose Angel Iribar eta Oihan Sancet, atzo, San Mamesen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
haritz gallastegi
Bilbo
2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Athleticen eta Getaferen arteko lehia amaitu da. Jarraitzaile zuri-gorriak burumakur ari dira uzten San Mames. Athleticek hutsean berdindu du Getaferen kontra. Atzean sartu den kontrarioa estu hartu ezinik aritu da Ernesto Valverderen taldea ordu eta erdiz. Horma bat jo eta jo. Nahi eta ezin. Zaharrak berri. Haserre eta, era berean, kezkatuta dago zalea. Europa aldentzen ari da, eta, gainera, berri txarrak dira etziko partida erabakigarriari begira. «Nola sartuko dizkio taldeak bi gol Osasunari?», galdetu diote elkarri hainbat zalek. Sentipen eskas horrekin utzi zuten harmaila presaka ari zirenek. Beste askok, aldiz, bertan jarraitu zuten. Klubak, bideo markagailuetatik, neurketa amaieran apur bat itxaroteko eskatu zien. Zuzendaritzak zerbait zeukan prestatuta. Halako batean, Oihan Sancetek hartu zuen hitza. Ez da kapitaina, ez eta jende aurrean errazen hitz egiten duen futbolaria ere. Harritu da San Mamesen jarraitzen duena. «Athleticekin kontratua berritu dut», esan zuen erdilariak. Ezustean harrapatu zituen zaleak. Eta sorpresaren ostean poza nagusitu zen. Athleticeko harribitxietako batek elastiko zuri-gorria defendatzen jarraitzea erabaki du. Jokalariaren eta klubaren arteko akordioa luzea da, 2032. urtera artekoa —bere sasoian Iñaki Williamsek sinatu zuenaren antzekoa—. «Pozik nago klubak nire alde egin duen apustuagatik. Ardurak hartzeko prest nago», adierazi zuen Sancetek. Etete klausula dauka, baina ez dute jakinarazi zenbatekoa den.

Sancet lotzea oso albiste ona da Athleticentzat. Jokalari estrategikoa da. Ondo bidean, hura izango da taldearen iparrorratza hurrengo urteetan. Beraz, luzera begira albiste ezin hobea izan da. Baina futbolean, etorkizunak eta iraganak ez dute askorako balio. Eta, ildo horretan, Athleticek bere gabezia guztiak azaleratu zituen enegarrenez. Lehoiak ez dira kapaz atzean sartzen diren taldeen kontra zuloak aurkitzeko. Bizi-bizi jokatu eta aurkariaren area ingurura sarri iritsi arren, ez ziren kapaz izan aukera garbi bakar bat ere sortzeko. Yuri Bertxitxeren burukada bat izan zen azpimarratzeko moduko erremate bakarra. Getafek nahikoa izan zuen zain egotea ontzat eman zuen puntua irabazteko. Gainera, geldikako jokaldiak baliatu zituen Julen Agirrezabala estu hartzeko. Jokalaririk onena De Marcos izan zen. Guardiakoa nekaezin aritu zen eskuin hegaletik. Athleticek askoz gehiago egin beharko du Kopako finalerako sailkatzeko.

Atzetik datorrena uxatzera

Realak aukera paregabea dauka gaur Txapeldunen Ligako postuetan finkatzeko. Txuri-urdinak Vila-realen arituko dira (18:30, DAZN), La Ceramican. Bestalde, gaur jokatuko dute euskal derbia Realak eta Athleticek, Anoetan (12:00, ETB1). Natalia Arroyorenak sailkapenaren erdialdean daude, eta Iraia Iturregirenek, berriz, azken postuetatik urrundu nahi dute. Alavesek, berriz, 4-2 galdu zuen Sevillan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.