Euskal txirrindulariok maila badaukagu, baina taldeak falta zaizkigu orain. Atzerrira joan beste aukerarik ez dago». Masajea hartu berritan, umoretsu jaitsi dira Xabi Zandio (Iruñea, 1977) eta David Lopez (Barakaldo, Bizkaia, 1981) hoteleko harrerara. Hirugarrena falta da: Mikel Nieve (Leitza, Nafarroa, 1984). «Masajea amaitzen ari da, eta laster jaitsiko da». Lopezek lasaitu du kazetaria.
Orain gutxi, pentsaezina zen hiru euskal txirrindulari Skyren gisako talde handi batean ikustea. «Baina globalizatu egin da txirrindularitza, talde asko sortu dira atzerrian, eta, zorionez, bertan egotea egokitu zaigu guri». 38 urterekin, bosgarren urtea betetzen ari da Zandio Skyn. «Aurten amaituko zait kontratua, eta ikusiko dugu gerora zer erabakitzen dugun, baina oso gertu ikusten dut amaiera». Fisikoki «ondo» dagoela aitortu du nafarrak. «Baina buruari geroz eta gehiago kostatzen zaio txirrindularitzaren egunerokoari aurre egitea». Hirugarren urteari ekin berri dio Lopezek, eta bigarrenari Nievek.
Talde erraldoia, kalkulatzailea, hotza... Kanpotik begira, halakoa dirudi Skyk, baina hala al da? «Egitura sortu zenean, bazirudien dena desberdin egin nahi zutela, dena asmatu nahi zutela. Eta asmatu bakarrik ez, buruan zeukatena gauzatu eta denak egurtzea zen erronka», hasi du azalpena Lopezek. «Baina ez da batere talde hotza. Txirrindulariari lasaitasun handia ematen diote hemen, eta oso gertukoa da tratua», lagundu dio Zandiok. Taldekideengana gerturatuta, iruindarraren esana bere egin du Nievek. «Iritsi aurretik ere banekien talde handia zela, baina gertutasuna nabaritu dut. Haien esku dagoen guztia egiten dute txirrindulari bakoitza ondo zaintzeko».
«Sentsazioekin» lan egin zaleak ziren hirurak Skyra iritsi aurretik. «Baina den-dena zaintzen dute hemen. Horrek ez du bermatzen emaitzarik, ordea». Lopezek azpimarratu duenez, txirrindularitzan gauza asko dira kontrolaezinak. «Sasoia, gaixotasunak, errepideak, erorketak... Gauza asko hartu behar izaten dira kontuan». Baina Barakaldokokoak onartu du Sky dela egun tropelean dagoen talderik handienetakoa. «Beti saiatzen direlako gauzak pixka bat hobeto egiten, guztiari buelta bat gehiago ematen. Gainera, asmatu egiten dute ia beti».
Dena zaindu behar horretan, adibide argigarri batzuk jarri ditu Zandiok: «Elikadura, adibidez, asko zaintzen dute; ez nuke jakingo esaten zenbat dietista dauzkagun». Ohearen xehetasuna gehitu du Nievek. «Alergiaren aurkako koltxoiak jartzen dizkigute lo egiteko; Tourrean-eta koltxoi berbera erabitzen dugu egunero...». Erraldoi hitzaren esanahi guztiak biltzen ditu Skyk. «Argi dago xehetasun horiek ez dutela ziurtatzen errendimendu hoberik, baina lagundu, lagunduko dute, ziur». David Lopezek borobildu du bi taldekideen azalpena.
Ingelesarekin, komeriak
Sky: teknologia berriak eta ingelesa. «Tira, bai, niretzat hizkuntzarena izan zen, agian, errealitaterik zailena», onartu du Nievek. Eta Lopezek, aukera baliatuta, indar pixka bat gehiago eman dio leitzarraren esanari. «Egia da pixka bat kosta zitzaiola. Horregatik, berekin jarri ninduten logelan, taldera egokitzen laguntzeko. Lehen urtean garrantzitsua da nolabaiteko babesa izatea, eta ez hizkuntza kontuetan bakarrik. Ohitura desberdin asko daude».
Iaz elkarren ondoan nahikoa ikasi zutela iritzita-edo, banandu egingo dituzte aurten. «Giroa egingo du berak, eta Tourra nik, eta ia ez dugu izango lasterketarik batera», argitu du leitzarrak. «Jada ikasi du, badaki dena, eta bakarrik ibiltzen utziko diote orain», zirikatu du Lopezek. Xabier Artetxe zuzendariaren babesa dauka orain Nievek taldean. «Eta asko eskertzen ari naiz».
Zandio saiatu da hizkuntza kontuei izkin egiten. «Baina onartu beharra daukat baldar samarra naizela ingelesarekin». Rigoberto Uranekin iritsi zen iruindarra Skyra, 2011n. «Eta are larriago ibili zen bera», bota du, barrez. «Lehen urteetan eskaini zizkiguten eskolak-eta, behartu ez arren gustatzen zaielako guk ere ingelesez hitz egitea. Baina fundamentu handirik ez daukat kontu horietan». Urani eta biei laguntzaile bat jarri zieten. «Eta asko eskertu genuen, babes handia sentitu genuelako». Lopez eta Nieverentzat «samurragoa» izan zen Skyrako urratsa. «Ordurako ezagun asko zeudelako taldean».
Orain arteko momenturik onenari helduta, «2013ko Italiako Giroko taldekako erlojupekoko garaipena eta taldekako sailkapen nagusia irabazi izana» zerrendatu ditu Zandiok. «Iazko Dauphineko garaipena», aipatu du Nievek. «Eta Froomerekin Tourra irabazi izana», Lopezek. «Oso berezia izan zen. Nire lehen urtean azken unean sartu nintzen bederatzikoan, eta taldeak asko sufritu zuen Tour guztian. Oso garaiz hartu genuen liderraren maillota, sei txirrindularirekin iritsi ginen Parisera, kritika asko entzun genuen, eta tentsio handiko hiru aste izan ziren».
Gezurra badirudi ere, hirurek azpimarratu dute emaitzekin presio handirik ez dutela nabaritzen. «Irabazitakoan, ez da egiten ospakizun erraldoirik, eta irabazten ez denean ere ez da egoten lur jota geratzeko tarterik. Beste talde batzuetan baino giro lasaiagoa dago hemen; eta, tarte honetan,taldekideen artean ez dut ikusi liskar bakar bat ere». Bradley Wiggins eta Chris Froomeren artekoa mahai gainean jarrita, argi hitz egin du Lopezek. «Tentsioa izan zen, bai, baina ordutik elkarrekin ez egoten saiatzen dira, eta kito. Hala ere, ez dut uste hain harreman txarra daukatenik». Bi oilarren arteko talkari kanpotik «indar handiegia» eman zitzaiola uste du Zandiok ere. «Baina guk normal-normal bizi izan genuen dena».
Atzerrirako jauzia eginda, hirurak «gozatzen» ari dira «tropeleko talde erraldoietako batean». Ezkutuan gorde zuten hirurek Sergio Luis Henao, baina liderraren maillota defendatzea egokituko zaie gaur. Lanerako giro onean, poza entzuten da haien ahotsean.
Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: eguneko elkarrizketa
Poza entzuten da ahotsean
Itzuliko liderraren taldean gozatzen ari dira Mikel Nieve, Xabi Zandio eta David Lopez. Taldeko «lasaitasuna» eta «gertutasuna» goratu dituzte hiru euskal txirrindulariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu