Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Poza ematen du

Berriz ere ihesaldian sartu, eta etapa irabazteko zorian egon da Haimar Zubeldia, baina Nicolas Rochek aurrea hartu dio esprintean.Tom Dumoulin da lider oraindik

Poza ematen du.
unai zubeldia
2015eko irailaren 11
00:00
Entzun
«Hanka onak dauzkat; etapa batzuk geratzen dira oraindik, eta saiatuko gara berriz ere». Ez amorru keinurik, ez hitz itsusirik, ezta tristurarik ere. Kirol legea deitzen zaio horri; erabat barneratuta edukitzea norberak zer eman dezakeen eta zer ez. Etapa garaipenak esku artetik ihes eginda ere, Haimar Zubeldia (Trek) gozatzen ari da Espainiako Vueltan. «Nik eskatu diot taldeari parte hartzen uzteko». Usurbildarrak hala aitortu zion BERRIAri Marbella aldera joateko hegazkinera igo bezperan. Orain artean, sailkapen nagusiek eman diote sona, indarra eta motibazioa. Baina, koska bat behera eginda, etapa irabazteko lehian sartzen ikasi du. Frank Schleck zen Treken apustua, baina luxenburgotarraren ezinari etekina ateratzen asmatu du taldeak. Hiru garaipen eta Zubeldiaren ia-iako bat.

Porrota deituko diote batzuek Haimar Zubeldiaren atzoko esprintari; eta Nicolas Rocheren (Sky) parean jartzeko gaitasunik ez zuela izan azpimarratuko dute beste askok. Baina poza ematen du usurbildarra bizikleta gainean hain sendo ikusteak. Aspaldi ez bezala ari da barrua estutzen eta gozatzen. Etxekoak begira-begira zituela, bere kirol ibilbideko garaipenik handiena lortzeko zorian egon zen Trekeko txirrindularia, baina azken erritmo aldaketa falta izan zitzaion irlandarra mendean hartzeko. «Motibazioz gainezka nago, gogotsu». Eta seinale ona da hori. 38 urterekin, Vueltari etapa garaipen bat kentzeko moduan dagoela berretsi zuen atzo.

Hasiera ero-eroan —50,4 kilometro egin zituzten lehen ordubetean—, ederki kostata, baina 25 txirrindulariko taldetxo batean sartu ziren Zubeldia eta Roche. Tropelaren baimenarekin, sei minutu baino gehiagoren aldea ere izan zuen ihesaldiak, baina tentsioa sortu zen aurrean Astana lasterketa gogortzen hasi zenean. Faboritoen artean lehia handirik ez zela egongo zirudienean, taldekideei agindu argia eman zien Fabio Aruk (Astana). Erritmoa muturreraino eramanda, hiru minutura jaitsi zen aldea, eta Katuxak piztu zuen sua gero, Dani Morenoren erasoari Joaquim Rodriguezena gehituta.

Etapa garaipena airean, eta Tom Dumoulinen (Giant) lidergoa kinka larrian. Quesera lehen mailako mendatera bidean, Cyril Gautier (Europcar) saiatu zen gehien ihesaldian, baina Rochek jo zuen erasorik serioena, eta, indarrak dotore neurtuz, Zubeldia soilik izan zen gai irlandarraren parera iristeko. Hamahiru kilometroko jaitsiera eta esprinta. Buruz burukoa zeukan zain Vueltako 18. etapak, eta hortxe geratu zen itota usurbildarra, bi alabak begira-begira zituela. «Aupa, Haimar» irakur zitekeen elastikoak jantzita, podiumean goxatu ziren haiek, eta, etapa garaipenik gabe ere, bizikleta gainean berriz ere gozatzen ari dela ikusita Zubeldia bera.

Eta faboritoen artean, zer? Queseran behe-behetik erasoka hasi zen Aru, baina hiru egunotan egin beharrekoa ondo barneratuta dauka Dumoulinek. Italiarrari pega-pega eginda igo zuen Quesera, eta abisua bidali zuen helmugan: «Une bakar batean ere ez dut zalantzarik izan». Mugitu ziren Mikel Nieve (Sky), Alejandro Valverde, Nairo Quintana (Movistar) eta Rafal Majka ere (Tinkoff), baina den-denak elkarrekin iritsi ziren Riazara.

Avilako amaiera zaila gaur

Aldapa gogor samarra eta harbide zatia. Horixe dauka gordeta Avilako gaurko amaierak. Hiru segundoko tartean jarraitzen dute Dumoulinek eta Aruk —1.15era dago Rodriguez, hirugarren postuan—, eta italiarrak beste aukera bat izango du gaur. Medina del Campon hasiko da etapa, 13:00etan, eta 185,8 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek. Biharko azken leherketa ikusgarriaren atarikoa izango da gaurkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.