Poz betearen bila doaz orain

Getariako eta Zumaiako entrenatzaileak gustura daude KAE 1 ligan helburuak bete dituztelako, eta Gorka Etxeberria eta Patxi Frances hasi dira lanean, dagoeneko, igotzeko kanporaketara begira.

Getariako arraunlariak, ahalegin betean, ekainaren 20an, KAE 1 ligako lehen jardunaldian, Zarautzen. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2015eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Urtebete atzera eginez gero, oraingo aldarte berean ziren Gorka Etxeberria eta Patxi Frances, Getariako eta Zumaiako entrenatzaileak, hurrenez hurren. KAE 1 liga irabazia zen Getaria, eta Zumaiak amaitu zuen bigarren. Urtea joan da, eta gauzak ez dira aldatu. Getariak bigarren urtez segidan irabazi du liga, eta Zumaiak bigarren egin du berriz. Iraileko hirugarren asteburuan, aurreko urteko leku berean egongo dira biak: San Miguel ligara igotzeko kanporaketan.

Urruti daude, baina, bi estropada horiek, ia hilabete igaro behar delako. Kexu dira biak horrekin: «Denbora asko egon behar dugu zain, eta luzeegi egingo zaigu», esan du Etxeberriak. Francesen ustez, «akatsa» izan da aurten KAE 1 liga iaz baino astebete lehenago amaitzea. Getariako entrenatzaileak gogoeta egin du etorkizunera begira: «KAE 1 liga irabazten duenak sari txikia jasotzen du. Zuzenean igo beharko litzateke San Miguel ligara».

Kexak kexa, jakitun dira zer egin behar duten kanporaketa iritsi bitartean: «Lanean segitu behar dugu, eta funtsezkoa izango da arraunlarien motibazioari eustea. Egunak mozten hasiak daude, erdi ilunpetan egin behar entrenamenduak... Garai tristea izaten da, baina horretara moldatu beharrean gara», esan dute biek.

Ondo prestatzeko astia izango dute, behintzat, eta, iazkoaren aldean, badabil bueltaka uste bat arraun munduan: Getaria eta Zumaia igotzeko hautagaiak dira. Francesen iritzia: «Getaria gu baino talde eginagoa da, gurea oso gaztea delako. Guk gure lana egiten badugu, badakit oso zail jarriko dizkiegula gauzak besteei». Etxeberriak erantzun du: «Portzentaia handiagoa daukagu, birentzat izango delako saria, eta ez batentzat, iaz bezala. Baina ikusi egin beharko da nola gabiltzan».

Kanporaketaren aurretik, estropada bakarra jokatu behar lukete biek: Kontxako sailkatzea. Eta bakarra behar luke izan, oso-oso zail dutelako sailkapena lortzea. Etxeberriak test bezala erabiliko du: «Ondo etorriko zaigu lehiatzea, eta estropada gehiago izanez gero, askoz hobe». Francesi ez zaio gustatzen testarena: «Mutilak animatuta daude lan ona egiteko, eta ez dugu kanporaketan pentsatuko. Kontxan bakarrik zentratuko gara egun horretan. Gainera, Donostian poparean ibiltzeko aukera dago, baina Bermeon ez, kanporaketako lehen jardunaldian, albotik jotzen duelako olatuak. Ez dira baldintzaberak».

Ligan, helburuak beteta

Orain kanporaketa hitzetik hortzera ibili ahal izateko, ezinbestean egin behar lan ona aurretik, ligan. Egin dute, bai, eta nola gainera. Launa bandera irabazi dituzte, eta Getariak bost estropada, Zarauzko lehenengoak ez baitzuen banderarik ematen. Etxeberriak balio handia eman dio liga bi aldiz erreskadan irabazteari: «Getaria bezalako talde batentzat, sekulako marka da hori». Francesek ere jarri nahi izan dio neurria bere taldearen lanari: «Ohorezko txandan ibiltzea zen gure helburua, eta gero kanporaketan aritzea. Bete ditugu biak».

Getaria erregularra izan da, eta hori nabarmendu du entrenatzaileak: «Gu izan gara gorabeherarik gabe ibili garenak, eta, azkenean, hori saritzen dute ligek». Zumaia gora eta behera ibili da, hasieran batez ere: «Ez ginen ondo hasi, esperientzia falta zitzaielako arraunlari gazteei, baina, neurria hartu diotenean eta lesionatu ziren bi arraunlari beterano osatzean, gora egin dugu, eta oso ondo amaitu dugu lehiaketa».

Pozik dira biak. Poz hori laguntza ederra izaten da lanean segitzeko, egun ilunagoei, motzagoei eta garai tristeei indartsu aurre egiteko. Orain egindakoak emango die, ematekotan, sari potoloa iraila erdialdean. Iaz burumakur amaitu zuten, eta aurten batek daki nola bukatuko duten. Baina badoaz poz handi horren bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.