Postuz atzera, urratsez aurrera

Sasoia hasi besterik ez den arren, partida guztiak oso-osorik jokatu dituen bakarra da Gorka Elustondo, Iñigo Martinezekin batera. Zelai erditik defentsara igaro du Jagoba Arrasatek, eta orain arte bikain ari da.

Gorka Elustondo, luzatze ariketak egiten, entrenamendu batean, Zubietan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2014ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Arrakasta eta porrota bereizten dituen marra oso fina izan ohi da futbolean, eta, azken urte luzeetan, txanponak ia beti erakutsi izan dio gurutzea Gorka Elustondori. Orain zortzi urte Realeko lehen taldearekin debuta egin geroztik, harengan itxaropen handia azaldu izan dute Donostian, baina lesioek eta antzeko ezustekoek eraginda, bere onena erakutsi ezinda ibili da beasaindarra. Txistu hotsak entzutea ere tokatu izan zaio, eta jakina da gainerako jokalariek baino zerbait gehiago egin beharra daukala zaleen babesa lortzeko. Bada, denboraldi honetan bide onean doa. Sasoia hasi besterik ez den arren, partida guztiak oso-osorik jokatu dituen jokalari bakarra baita, Iñigo Martinezekin batera. Ondo bidean, bihar ere hasieratik ariko da Balaidosen, Celtaren aurka.

Hain justu, zelai horretan egin zuen debuta 2006ko abenduan, Miguel Angel Lotinaren eskutik. Zehazki, Gerard Pique, Juan Mata, Esteban Granero eta enparauekin batera Espainiako 19 urtez azpiko selekzioarekin Europako Txapelketa irabazi berritan. Lotinak laudorioak izan zituen jokalariarentzat; besteak beste, Xabi Alonsoren pare jarri zuen. «Dohain apartak ditu, eta etorkizunean zeresana emango du Realean». Etxekalte aritu zen, ordea. Piztu zuen ilusio hark oraindik ez baitu erantzunik izan. Realaren sasoi ilun hartan sei partida jokatu zituen Elustondok.

Chris Coleman izan zen harenganako hautua serioski egiten lehena, 2007-2008 sasoi hasieran. Taldeak bezala, jokalariak ere behetik gorako bidea hartu eta lehen taldean tokia izan zezakeela erakutsi zuen. Ordea, zurrunbilo batean sarturik zegoen kluba, eta Iñaki Badiolak Pep Marti eta Fran Merida fitxatu zituen zelai erdia indartzeko, beasaindarraren kaltean. Hemeretzi partida jokatu zituen Elustondok, eta Reala ez zen Lehen Mailara igo, Mendizorrotzan Realeko zaleek inoiz ahaztuko ez duten hondamendia jasan ostean.

Hurrengo denboraldi hasiera bikaina izan zen jokalariarentzat. Juanma Lillok taldearen gidaritza eman zion, eta bikain erantzun zuen hark, bat baino gehiago txundituta uzteraino. Ordea, irail bukaeran, lesio larria izan zuen orkatilan, eta agur esan behar izan zion sasoiari. Azken partida jokatzea lortu zuen, baina eten egin zen haren garapena.

Realak 2009-2010ean lortu zuen Lehen Mailara igotzea, eta, orduz geroztik ere, nekez ezagutu du giro atsegin eta lasairik jokalariak. 2010-2011 eta 2011-2012 denboraldi osoak, esate batera, belauneko bihurritu zein zuntz-hausturaren batekin igaro zituen. Partida batzuk jokatu zituen, baina segidarik gabe. 2012-2013ko denboraldi-aurrean, berriz, min hartu zuen oinazpian, eta sufrikario ugari pasatu behar izan zituen. Ligan zortzi neurketa baino ez zituen jokatu.

Lesioei dagokienez, iragan sasoian ibili zen ondoen beasaindarra. Hogei partida jokatzera heldu zen, baina txistu hots dezente entzutea egokitu zitzaion. Espainiako Kopako finalerdien joanekoan akats larri samarra egin zuen Bartzelonaren aurka, eta, itzulerako neurketan, ez zion barkatu Anoetaren zati handi batek. Une zailak pasatu izan zituen. «Gaizki pasatzen ari naiz, baina taldekideen laguntzari esker aurrera ateratzea lortuko dut», aitortu zuen.

Defentsa postuan, «eroso»

Bada, oraingoz behintzat, tunelaren amaieran argia ikusten ari dela ematen du. Zelai erditik atzera egin, eta Arrasaterentzat defentsako pieza garrantzitsua bihurtu da, Mik Gonzalezen eta Ion Ansotegiren aurretik. Baloia atzetik ateratzeko garaian kide egokia da Iñigo Martinezentzat, eta, horrez gain, pase luzeak emateko orduan edota kornerrak errematatzen ongi moldatzen da. «Defentsa postuan jokatzea ez da berria niretzat, eta eroso sentitzen naiz. Konfiantzaz eta buruz aspaldiko ondoen nago», esan du asteon.

Hiru hilabete barru, zortzi urte beteko dira Balaidosen Lehen Mailarako jauzia eman zuela. Betiko itxaropena izateari utzi eta dohainak praktikan jartzeko garaia iritsi zaio beasaindarrari. Lesiorik izan ez eta jarraitutasuna lortzen badu, Realak jokalari on bat izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.