Saskibaloia

Azu Muguruza: «Postuen arteko orekari esker, mugikortasun handiagoa daukagu jokoan»

Espainiako Ohorezko Mailako taldeek igaro dute jada denboraldiko lehen hilabetea. IDK-k gazitik eta gozotik dastatu du, eta taldearen egoera aztertu du Azu Muguruza teknikariak.

Azu Muguruza hutsarte batean, jokalariei hizketan. FLICKR BALONCESTO ESPAÑA
Azu Muguruza hutsarte batean, jokalariei hizketan. FLICKR BALONCESTO ESPAÑA
Beñat Mujika Telleria.
2024ko azaroaren 12a
05:05
Entzun

Astebeteko etena izan dute Espainiako Ohorezko Ligako taldeek, baina jada entrenamenduetara itzuli dira denak. Baita IDK ere. Azu Muguruzaren taldea ezin hobeto hasi da Europan: partida guztiak irabazi ditu. Ligan, ordea, bakarra irabazi du, eta hiru aldiz egin du porrot. Azu Muguruza (Donostia, 1968) «pozik» dago taldeak orain arte erakutsi duenarekin, baina aitortu du aurrerantzean «arreta berezia» jarri behar diotela ligari. Beti bezain argi mintzatu da, ahobizarrik gabe.

Hainbeste partida eta bidaiaren ostean, on egingo zizuen etenak, ezta?

Bai, batez ere bidaiengatik, etxetik kanpo tokatu baitzaizkigu partida gehienak. Azken hiru asteak zoratzeko modukoak izan dira. Gelditzeak on egingo digu, partiden gurpilean sartzen zarenean ez baitizu denborarik ematen gelditzeko eta hausnartzeko.

Emaitzak oso desberdinak izan dira ligan eta Europan. Baina hainbeste aldatu da taldearen jokoa lehiaketa batetik bestera?

Taldearen jokoa ez da aldatzen; lehiaketaren maila da aldaketa nabarmenena. Gaur egun, Espainiako Ohorezko Liga oso lehiaketa gogorra da. Kiroletik kanpoko egoerek ere ez dute lagundu. Kanarietara bidaiatu behar izan dugu, eta oso kantxa zail batean jokatu genuen [jokalari asko kexatu ziren kantxa labainkor zegoelako]. Eta irabazi behar genuen partida bat galdu egin genuen. Ez da aitzakia, Vigon ere irabazi beharreko partida bat galdu baikenuen. Taldea ondo ari da jokatzen, baina jarraitutasuna falta zaigu baldintzak aldatzen direnean.

Aurten, duela bi urte baino prestatuago iritsi da kluba Europara?

Taldea ere aldatu egin da, eta bi lehiaketetan ahalik eta hobekien lehiatzeko asmoz eginda dago. Horretan hobera egin dugu duela bi urtekoarekin alderatuta. Baina egia da duela bi urteko multzoen fasean oso aurkari zailak egokitu zitzaizkigula. Aurten, askoz parekatuago dago multzoa.

Aurreko sasoikoarekin alderatuta, zer berezitasun dauzka aurtengo taldeak?

Talde orekatuagoa daukagu aurten. Ez dugu inoren menpekotasunik. Orain arte, azken urteetan, pibot postuan izan ditugu taldeko erreferentzia nagusiak; adibidez, Marian Coulibaly eta Dulcy Fankam oso menderatzaileak ziren. Aurten, postuen artean oreka handiagoa dago, eta jokoan mugikortasun handiagoa lortzen ari gara horrela. Iazkoarekin alderatuta, jaurtitzaile peto bat falta zaigu. Nastja Claessensek bete dezake hutsune hori, baina oraindik gaztea da, eta egokitzen ari da.

Orain Delicia Washington eskolta da erreferentzia erasoan. Nahita egindako hautua izan da?

Bai, Delicia bezalako jokalari bat nahi genuen. Jokalari desberdin bat, partida trabatzen denean buruz buruko jokaldi batekin bidea aurkitu dezakeena. Erabakigarria da, eta gustura sentitzen da rol horretan. Hala ere, oraindik ez dugu haren onena ikusi, lesioagatik ez baitabil hain eraginkor.

Azu Muguruza denboraldi honetako neurketa batean. FLICKR BALONCESTO ESPAÑA
Azu Muguruza, denboraldi honetako neurketa batean. FLICKR BALONCESTO ESPAÑA
Urte sasoi honetarako espero zenuenarekin alderatuta, nola dago taldea?

Nahiko genukeenetik oso gertu gaude. Entrenatzaileok inkonformistak gara, eta beti nahi dugu gehiago. Baina jokalarien larruan jarrita, aldaketak ez dira errazak izaten. Adibidez, Roso Buchek lau urte bikain egin ditu Gernikan, baina hark ere esan dit: «Azu, niri aldaketak kostatzen zaizkit». Eta normala da. Beteranoa izan arren, ezin diogu eskatu orain arteko jokalari bera izateko, klub baten lan egiteko erara eta estilora ohituta baitzegoen. Prozesu horretan gaude: jokalari berriak klubera eta entrenatzailearen ideietara egokitzen ari dira.

«Saskibaloian, akatsa jokoaren parte da, asmatzea den bezalaxe. Akatsetatik datorren frustrazioak ezin du eraginik izan jokalariengan, hori ere jokoaren parte baita»

Zertan hobetu behar du taldeak? Zer azpimarratzen diezu behin eta berriro?

Gauza asko, hori da txarrena [barrez]. Defentsan talde lan hobea egitea gustatuko litzaidake; alegia, pitzadurarik ez edukitzea. Eta erasoan, ausartagoak izatea. Zalantzarik ez izatea erabakiak hartzerakoan. Saskibaloian, akatsa jokoaren parte da, asmatzea den bezelaxe. Akatsetatik datorren frustrazioak ezin du eraginik izan jokalariengan, hori ere jokoaren parte baita. Partida bakoitzera egokitzen ere ikasi beharra daukagu. Neurketa berean partida asko jokatzen dira, epailearen irizpidea aldatu egiten da, aurkariaren jokoa ere bai... Egokitu egin beharra dago.

Abantailen kudeaketan ere badu zer hobetua taldeak, ezta? Estudiantesek, Izar Gorriak eta Celtak hamar edo hamabost puntu ingururen aldea irauli zizueten.

Bai, noski. Jokoa ulertu beharra dago. Jokalari batzuei berdin zaie hamabi puntuz irabazten ari bagara: berdin-berdin botako dute hiruko bat lehen segundoetan, jaurtitzaile petoak izan gabe. Une bakoitzean zer komeni zaigun jakitea ezinbestekoa da. Azkar jokatzea gustatzen zaigu, askatasuna daukate erasora iristerakoan, baina partidaren irakurketa egin behar da une oro. Hor ere hobetu beharra daukagu, noski, baina aipatu behar dut kontrara ere gertatu dela; Izar Gorriari hamabost puntu ingururen aldea irauli genion, adibidez.

Iaz jokalari erabakigarria izan zen Iris Mbulito, eta haren hutsunea izan duzue orain arte, lesioak tarteko. Noiz izango da bueltan?

Irisena beste drama bat izan da. Ezin izan dugu haren laguntza jaso. Denboraldiaurreko lehen entrenamenduan hartu zuen min, eta, minutu gutxi batzuk jokatu duen arren, bederatzi jokalari izan ditugu, eta ez hamar. Hegaleko titularra da, eta ezinbestekoa taldearentzat. Espero dut etenaren ostean taldearekin batera entrenatzeko gai izango dela. Baina, hala ere, jokatu baino lehen, sasoian jarri beharko du.

Haren lesioak eragin zuzena izan du Nastja Claessensen minutu kopuruan. Nola ikusi duzu belgikar gaztea orain arte?

Oso jokalari ona da. Egia da puntu asko sartzera ohituta egon dela orain arte, eta orain ligara ohitu behar du, beste zailtasun bateko liga baita gurea. Defentsan oso ondo egokitu da, nahiz eta epaileek faltekin asko zigortzen duten. Erasoan askeago aritu behar du, oraindik estresatuta jokatzen baitu.

Ligan jarri behar duzue arreta orain, baina Europa ahaztu gabe, sailkapenak garrantzi handia baitauka kanporaketei begira.

Hala da. Europan oso garrantzitsua da ahalik eta goren sailkatzea, kanporaketetako kontrarioaren maila asko aldatzen baita. Baina, minutuak ere oso orekatuta daude, eta ez dugu aldaketa askorik egin behar. Berdin jarraitu behar dugu, baina, noski, ligari arreta berezia jarriz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.