Getxo errugbi taldeko jokalaria

Itsaso Reina: «Posible ikusten dut jaisteko kanporaketa ez jokatzea»

Igandean ekingo dio berriro ligari Getxok, Bartzelonaren aurka. Jokatu dituzten sei neurketetatik bakarra irabazi arren, Reina baikor da.

Itsaso Reina
Itsaso Reina / FOKU
ainara arratibel gascon
2025eko urtarrilaren 16a
05:05
Entzun

Itsaso Reinak (Getxo, Bizkaia, 2000) ametsa bete zuen Getxo errugbi taldearekin Ohorezko Mailara igota, eta orain horretaz gozatzen ari da. Ziurra da Bizkaiko taldeak jaisteko fasea jokatuko duela, baina taldeak baloiarekin eman dituen aurrerapausoak nabarmendu ditu, eta zaleek gero eta babes handiagoa ematen dietela. 

Igandean itzuliko zarete lehiara, hilabeteko etenaren ostean. Nola igaro dituzue aste hauek?

Egia esan, luze joan da, eta gogotsu gaude, berriro lehiatzen hasteko prest. Gabonetako oporrak tarteko, hainbat taldekide etxera itzuli ziren, eta egun batzuk eman genituen entrenatu gabe. Bueltan, izan ditugun gabeziei aurre egiteko lanean aritu gara. Aurretik, beharbada, gehiago erreparatu genien aurkariei, eta azken astean arreta gugan jarri dugu.

Zeintzuk izan dira antzeman dituzuen arazo edo gabezia horiek?

Erasoan antzeman ditugu batez ere arazoak. Jokaldi asko ditugu, baina ez ditugu behar bezala amaitzen, kosta egiten baitzaigu baloia aurrera eramatea. Igo berriak izanda, aurkariak aurreko sasoiak baino gogorragoak eta indartsuagoak dira, eta nabaritzen da. Baina Galizian CRATi irabazita, kolpea jo genuen mahaian. Konfiantza handia eman zigun.

Gabezia horien arrazoia zein da: fisikoa edo teknikoa?

Nik uste dut biak batzen direla. Batetik, kategoria honetan taldeak fisikoki itzelak dira. Jokalariak handiak eta pisutsuak dira, baina oso azkar mugitzen dira. Horren ondorioz, gehiago kostatzen zaigu baloiarekin aurrera egitea. Bestalde, teknikari dagokionez, zehatzagoa eta bizkorragoa izan behar duzu paseak emateko orduan. Pixkanaka ohitzen ari gara.

Espero zenuen halako maila egotea?

Bai, espero nuen. Partidak ikusi ditut, bertan lehiatzen edo lehiatu diren jokalariak ezagutzen ditut, eta banekien oso liga gogorra zela. Gainera, gero eta profesionalizatuagoa da. Badira taldeak, non multzoaren parte handi bat profesionalak diren, eta hori antzematen da. Gure kasuan hiru profesional ditugu: espainiar bat eta hiru argentinar. Horiek dira gure jokalari garrantzitsuenak. Gainontzekoek lana edo ikasketak uztartzen ditugu errugbiarekin.

Eta profesionalizaziorako bidean urratsik antzeman duzue?

Aurreko denboralditik, agian, ez asko. Baina bai azken urteetan. Ni hasi nintzenetik, asko. Adibidez, bidaia luzeren bat egin behar dugunean, saiatzen dira hegazkinean izatea; entrenatzaile multzoa indartu dute... Borrokan jarraitzen dugu, ez dugulako oraindik berdintasunik sumatzen gizonekin alderatuta.

Galizian lortu zenuten garaipena aipatu duzu. 15-25 hartu zenuten mendean CRAT. Funtsezko garaipena zuzenean ez jaisteko borroka horretan, ezta?

Guretzat final baten parekoa zen; izan ere, bi taldeak zuloan geunden, irabazi ezinik, eta galtzen zuena are egoera okerragoan geratuko zen. Izan ere, aurkariak goraka ari ziren. Taldea urduri zegoen, baina oso partida ona egin zuen, eta, irabazi ondoren, taldea lasaiago dago. Hori garrantzitsua da, aurrera begira datorkigunari heltzeko. 

Datorkizuena ligako lehen fasearen azken bi partidak dira. Bi aurkari zuzenen kontra jokatu behar duzue: Bartzelonaren eta Cisnerosen kontra. Nola ikusten dituzu bi lehia horiek?

Funtsezko partidak dira, erabakigarriak, ondoren jokatuko dugun jaisteko fasera ondo iristeko sentipen zein puntu aldetik. Gure lehen helburua zuzenean ez jaistea da, eta handia litzateke ere jaisteko kanporaketa jokatu behar ez izatea. Bartzelonako jokalariak oso gogorrak dira, eta aurrelariok lan handia izango dugu. Ea zuloak topatzea lortzen dugun. Etxean jokatzen dugu, eta ea baliatzen dugun. Denboraldi honetan jende gehiago etortzen ari da gure partidak ikustera, eta horrek indar handia ematen digu. Cisneros, berriz, talde indartsua da defentsan, jokalari bizkorrak dituelako. Bi taldeak onak dira, esperientzia handiko jokalariak dituzte, baina konfiantza handia dut gugan, eta posible ikusten dut jaisteko kanporaketa ez jokatzea.

Taldeari dagokionez, zertan duzu konfiantzarik handiena?

Baloiarekin gero eta ziurtasun handiagoz ari garela. Hori da sasoi hasieratik antzeman dudan alderik handiena. Pazientzia handiagoz ari gara, ez dugu berehala entsegua bilatzen, baizik eta jokaldiak gehiago lantzen ari gara, eta pase gehiago egiten ditugu. Hori dela eta, erabaki txar gutxiago hartzen ditugu. Urrats gehiago egiten baditugu horretan, helburuak lortuko ditugu. Izan ere, uste dut defentsako lanean ondo ari garela, nahiz eta oraindik ere sendoago aritu gaitezkeen atzipenetan.

«Sasoi aldetik ondo ikusten dut neure burua. Jasotzen dituzun kolpeak gogorragoak dira gorenean, baina hobeto prestatuta zaude»

Eta zu nola ari zara bizitzen denboraldia?

Oso pozik; asko gozatzen ari naiz. Ni iritsi nintzen urtean jaitsi zen kategoriaz Getxo, eta beti izan dut buruan berriro ere taldeak gorenera itzuli behar zuela. Gainera, kapitain izanda, are modu bereziagoan ari naiz bizitzen. Ohorea da. Bestalde, taldeak bezala, uste dut aurrerapauso bat eman dudala baloiarekin. Aurreko denboralditik garrantzi handiagoa hartzen ari naiz zelaian, eta gehiago disfrutatzen dut horri esker. Sasoi aldetik ere ondo ikusten dut neure burua. Jasotzen dituzun kolpeak gogorragoak dira gorenean, baina zu ere hobeto prestatuta zaude.

Saskibaloian ere aritzen zinen. Zergatik aukeratu zenuen errugbia?

Saskibaloi taldeko entrenatzaile batekin haserretu nintzen, eta lagun batek esan zidan errugbia probatzeko. Kateatuta geratu nintzen; hasieratik gustatu zitzaidan. Iritsi nintzenean, taldeko gaztetxoenetakoa nintzen; orain, berriz, helduenetakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.