Eskubaloia

Porlanezko horma

Bihar hogei urte beteko dira Portland San Antoniok Europako Kopa irabazi zuenetik. Orduko bizipenak kontatu dituzte 'Zupo' Ekisoain entrenatzaile ohiak eta Alvaro Jauregi eta Alberto Martin jokalari ohiek.

BERRIA.
Julen Etxeberria.
2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun

San Antonio Iruñeko eskubaloi klubak horma bat eraiki zuen Europan duela hogei urte. Porlanezkoa zen, haren babesle nagusi Portlandi ohore eginez. Zulaezina bilakatu zen aurkari guztientzat. Horrenbeste, ezen historia egin baitzuen talde hark: Europako Kopa irabazi zuen lehen aldiz, Bartzelona ahalguztiduna, Dream Team-a mendean hartuta (Ametsetako Taldea). Bihar hogei urte beteko dira balentria horretatik.

Iritzia:Xabier Mikel Errekondo: Iruñetik mundura, galanta egin genuen!

Francisco Javier Ekisoain Zupo (Iruñea, 1962) zen talde handi haren entrenatzailea; Alvaro Jauregi (Iruñea, 1968), kapitaina, eta Alberto Martin (Iruñea, 1970), taldekidea. Ekisoainek bakarrik zuen gogoan bihar zela 20. urteurrena. «Hori ez da ahazten», dio. «Oso txarra naiz datekin. Hogei urte pasatu dira jada? Ufa!»; erantzun bera izan dute beste biek.

Baina berehala hasi dira borborka orduko oroitzapenak. «Sekulakoa egin genuen. Europako txapeldun izan ginen, finalean inoizko talderik onenari irabazita. Mugarri bat jarri genuen, eta oso zoriontsu egin genuen Nafarroa osoa. Nolabait, Miguel Induraini hartu genion lekukoa. Ez dago zure betiko taldearekin Europako Kopa irabaztea baino ezer handiagorik», esan du Ekisoainek. Jauregik eta Martinek ere etxeko taldearekin irabazi izanari eman diote garrantzia: «Aurretik garai zailak bizi izan genituenentzat oso polita eta berezia izan zen barrunbeetatik hasitako kirol proiektu bat gailurrera iristen ikustea. Jende askok lan pila egin zuen klubean, eta lan nekaezin horrek sari ezin ederragoa izan zuen», azaldu du Martinek. «Lorpen hark bultzada handia eman zion klubari, eta horri esker iritsi ziren beste hainbat titulu», esan du Jauregik.

Hiruak bat datoz arrakasta horren gakoak azpimarratzeko orduan: «Batetik, babesle sendo bat genuen, Portland, eta, haren laguntzari esker, aukera genuen jokalari bikainak fitxatzeko. Bestetik, talde indartsua genuen, eskarmentu handikoa eta erronkak oso gustuko zituena; munduko eta olinpiar txapeldun izandako jokalariak genituen. Azkenik, jokalari bikain horiek guztiek elkarrekin gustura jokatzea lortu genuen; oso giro ona genuen, eta taldea oso batua zegoen. Batasun horrek egiten gintuen horren indartsu».

Richardsonekin, jauzia

Portlandek Europako Kopa irabazi zuen 2001ean, baina ordurako hasia zen garaipen zerrenda ederra osatzen: 1999an, Espainiako Kopa irabazi zuen, eta 2000n, Europako Errekopa eta Superkopa. «Kopa eta Superkopa Bartzelonari irabazi genion. Aldea jan eta jan ari gintzaizkion. Baina oraindik gu baino koska bat gorago zegoen», dio Jauregik.

2000ko uda hartan Iruñeko taldeak Jackson Richardson fitxatu izanak eman zien behar zuten bultzada. Reunion Uharteko erdikoa orduko jokalaririk onena zen, super-izar bat. «Jacksonek den-dena aldatu zuen», dio Jauregik. «Klubak esan zigunean hura fitxatu zuela, geure buruari esan genion: 'Mutilak, hau serio doa'. Eta hala izan zen», esan du Martinek.

Eta nola egiten da Richardson bezalako super-izar bat fitxatzeko? «Bada, ekinaren ekinez, eta hura ahal den gehien limurtzen», azaldu du Ekisoainek. Gogoan ditu negoziazioak: «Lehenbizi, haren herrikide Patrick Cazalekin hitz egin genuen. Hura Bidasoan ari zen, eta Jacksonen gertukoa zen. Hark jarri gintuen Jacksonekin harremanetan. Lehen kontaktua eginda, Ferminek eta biok bilera bat egin genuen harekin, Parisen, Adidasen egoitzan [Tajadura, presidentea; 2004an hil zen]. Gogoratzen dut hara iritsi eta sekulako kartel bat zegoela, eta han ageri zela Jackson, Zidanerekin. Horrek agerian uzten zuen zer-nolako ospea zuen. Jokalari bikainez osatutako talde batean jokatzeko aukera eskaini genion: Iakimovitx, Buligan, Mateo [Garralda]... Gustatu zitzaion ideia, eta esan nion harekin Europako txapeldun izango ginela: horrek konbentzitu zuen. Frantziarekin munduko eta Europako txapeldun izandakoa zen, baina klub mailan ez zuen halakorik lortu. Eta horrek erakarri egin zuen». Askoz gehiago kostatu zitzaien haren taldea konbentzitzea: Alemaniako Grosswallstadt. «Alemanian bildu ginen, aireportu batean, eta ez zuten onartu gure eskaintza. Baina itzultzen ari ginela fax bat iritsi zen klubera, gure eskaintza onartu zutela esanez. Sekulako poza hartu genuen. Onena zen. Sinetsita geunden harekin jauzia emango genuela».

Hiruek azpimarratu dute jokalari gisa Richardson «hamar bat» baldin bazen, pertsona moduan «are hobeagoa» zela. «Fitxaketak egiteko orduan asko erreparatzen genion jokalarien izateko erari, ea ondo egokituko zen taldera. Jacksonez denek hitz egin ziguten ondo, eta gurekin egon zen urteetan izugarri ondo portatu zen», azaldu du Ekisoainek. «Pertsona ezin umilagoa zen. Lehen egunetik izugarri ondo egokitu zen taldera. Txantxak egiten zituen, baina baita onartu ere. Logelakide ginen bidaietan, eta inoiz ez nion entzun kexa bakar bat ere. Jokalari gisa hamar bat baldin bazen, pertsona gisa 11 bat zen», dio Martinek. «Izar berekoiaren guztiz kontrakoa zen: umila, langilea eta eskuzabala», zehaztu du Jauregik. Bat datoz hiruak: «Luxua izan zen hura taldekide izatea».

Palauko tentsioa

Portlandek azaroan ekin zion sasoi horretako Txapeldunen Ligari. Montenegroko Lovcen Cetinje, Norvegiako Runar Sandefjord eta Txekiar Errepublikako Banik Karvina izan zituen aurkari ligaxkan. Bigarren sailkatu zen, Lovcen Cetinjeren atzetik: lau partida irabazi zituen, eta bi galdu. Jarraian, Portugalgo Bragaren aurka jokatu zuen final-laurdenetan. Nagusitasunez hartu zuen mendean, bi partidak irabazita. Beste horrenbeste egin zuen finalerdietan, Esloveniako Celjeren kontra. Eta horrela iritsi zen lehen aldiz finalera.

Bartzelona ahalguztiduna zuen zain. Svensson, Barrufet, Nagy, Xepkin, Ortega, Lozano, O'Callaghan, Guijosa... Eta haiek guztiak zuzentzen, Valero Rivera. «Taldetzarra zuten, eta horren erakusle zen azken bost Europako Kopak irabazi zituztela», nabarmendu du Martinek. Besteren bat kikildu egingo zen, baina ez orduko Portland. «Ez ginen inoiz urduritzen. Aitzitik, halako erronka zailek are gehiago motibatzen gintuzten. Horri esker, gogor eman genion Bartzelonari», esan du Jauregik.

Sei golez irabazi zuten joanekoa, etxean: 30-24. «Oso partida ona egin genuen, eta zortzi golen aldea ere izan genuen. Baina, azkenean, sei golengatik irabazi genuen. Horregatik, irabazi arren, sentipena genuen agian tituluak ihes egin zigula», kontatu du Martinek. Zergatik? «Bartzelonak sekulakoak eginda zituen etxean. Ohituta zegoen kanporaketak iraultzen. Sei gol ez ziren ezer», azaldu du Ekisoainek. «Kezka genuen, eta argi genuen sufritu egingo genuela. Baina konfiantzaz gainezka ginen baita ere», zehaztu du Jauregik.

Eta bai, sufritu zuten Palaun, inoiz ez bezala. «Inoiz ez dut bizi halako tentsioko partidarik», dio Martinek. Min hartuta zeuden bera eta Jauregi, eta aulkitik ikusi behar izan zuten lehia: «Alvarori besoa estutzen nion etengabe. Halako batean, esan zidan egoteko lasai, hautsi egingo niola besoa». Ekisoainek aitortu duenez, «larri» ikusi zuten euren burua zenbait momentutan, Bartzelonak bost goleko aldea izan baitzuen, baina «burua hotz» izanda eta Oscar Mainer zenaren bi jokaldiri esker itzali zuten sua. Hiru golen aldeaz galdu zuten azkenean: 25-22. Berdin zion. Sekulakoa egin zuten. Gainezka egin zuen pozak.

Jauregik altxatu zuen kopa. «Inoiz ez dut ahaztuko zein zoriontsu ginen denak». Gertu zuen Martin, «pozez gainezka». Ekisoainek, ordea, ez du gogoan non zegoen. «Eromena izan zen amaiera». Akordatzen da non zeuden denak txapeldun izan eta berehala: «Autobusean, etxerako bidean. Ogitarteko batzuk janez ospatu genuen. Hori da marka!».

Apal hasitako ospakizunak handituz joan ziren orduek aurrera egin ahala. Goizaldean iritsi arren, zain zituzten zaleak Iruñean. «Sekulakoa izan zen», diote hiruek. Baina onena iristeko zegoen: haiek, udaletxeko balkoian, eta milaka lagun, azpian. «Sanferminetako txupinazoa zirudien», aitortu du Ekisoainek. «Izugarria izan zen», Martinek. «Gozamena zen jendea gurekin disfrutatzen ikustea», Jauregik.

Gainbeherarekin, penatuta

Baina ezer ez da betiko, eta 2008ko krisiak gogor jo zuen San Antonio. 2009an, Portlandek ia ezerezean utzi zuen klubari ematen zion diru laguntza, eta horma erortzen hasi zen. Nafarroako Gobernuak lehenbizi eta Amaya Sport enpresak gero, klubari eutsi zioten. Baina 2012an hondoa jo zuen: uko egin zion Asobal ligan jokatzeari, maila nagusian hamazazpi urtez jarraian aritu ondoren. Urtebete geroago, berriz, desagertu egin zen —2017an sortu zuten berriro—.

Hiruretako inor ez zegoen orduan klubean: Jauregik eta Martinek erretiroa hartua zuten, eta Ekisoain Qatarren ari zen. «Pena handiz» bizi zuten guztiek haien talderik kutunenaren gainbehera. Jauregik orainetik hitz egiten du, egun hura baita San Antonioko entrenatzailea, Espainiako Lehen Mailan. «Kudeaketa txarraren ondorioz desagertu zen, eta jende askoren sakrifizioa ezerezean geratu zen». Ekisoainek jarri dio puntua: «Zorionez, beti geratuko da talde handi hark eginikoaren oroitzapena. Arrasto hori ezabaezina da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.