Itsasoa izan zuen eskola patroitza ikasteko Xabier Eizagirrek (Getaria, Gipuzkoa, 1978). Famatzen dute haren arraunlari izandakoek Getarian eta Zumaian. Eta itsasoa du unibertsitate Unax Eizagirrek ere (Getaria, 1998). Segidan-segidan, trainerua uretan gozo joaten den bezala, beste patroi batzuk ere sortu dira 2016an Xabierrek utzi zuenetik. Bat, etxean bertan: Unax. Kadete mailan hasi zen, Xabier patroiaren azkeneko urteak gertu zirenean. Orain gaztea da nagusi, eta ezagun egiten ari da. Egingo ez da, ba, Getariako Esperantza traineru igo berria osatzen ari den sasoia osatuta: seigarren Eusko Label ligan, debutean.
Xabierrek segituan antzeman zion zerbait, askoz lehenagotik: «Hasi zenean begiratzen nion, eta egokia ikusten nuen. Orain, oso ona iruditzen zait. Ni baino hobea», bota du beteranoak, eta gaztearen algara atera. Biak daude elkarren parean eserita herriko arraun elkartearen goiko solairuan. «Posturetan eta ziabogetan ona iruditzen zait. Denborale betean nolakoa den ikustea falta zait», gehitu dio gazteari, erronkan. Bizi erantzun honek: «Orain ia ez da izaten horrelakorik, eta, dagoenean, bertan behera uzten dituzte estropadak».
Itsasoak herrian arraunlari eta patroi ikasteko ematen dien pagotxaz hasi dira hizketan. «Egunero itsasoan entrenatzeko aukera izatea asko da. Zailagoa da Kaikun patroiak ateratzea, konparazio batera. Guk ohitura beti itsasoan ibiltzeko, eta azkenean moldatzea da gauza. Ordu asko pasatzen ditugu, eta zer erremedio», azaldu du Unaxek. Xabier bat dator: «Eskola onena bertan daukagu. Bateletan ibiltzen ginenean ere, itsasoa bare bazegoen, hondartzara joan-etorria egiten genuen». Ibiliz ikasi, azkenean.
Zer ikasi. Unax hasi da; irakasle izan zituenak gogoratu ditu lehendabizi: Ander Basurto harrobikoen entrenatzailea, Etxabe anaiak, eta Ander Etxegoien, orain Orion dabilen patroi getariarra. «Patroiak zuzen eraman behar du trainerua; bestela, arraunlariek ez dute arraunean ondo egingo. Ondo eta zuzen eramanez gero, itsasoak berak jarriko du txalupa olatua hartzeko». Xabierrek beste helduleku bat atera du, berezkotik ere behar duela patroiak eduki izaera: «Umetan-eta behar da. Gu seniorrekin ibiltzen ginen, eta aditu egin behar batzuetan». Hara patroiaren eta arraunlarien arteko harremanaren soka. Unaxek gardentasunez onartu du berea: «Hasieran, uste nuen ez nintzela gai izango seniorrak firme edukitzeko, baina orain nahi gabe ateratzen zait birao bat».
Ez da ez isilik joaten diren horietakoa. Estropadetan eta entrenamenduetan buila betean, egiten ari dena bizitzen eta eskifaia biziarazten. Mugitu ere ikaragarri mugitzen da traineruaren txopan. «Ni baino gehiago mugitzen da; beste estilo batekoa da. Aranberriren tankera hartzen diot», bota dio Xabierrek.
Patroi handia da Urdaibaikoa. Eskarmentua nahi beste duena. Beste edozein ofizio bezalakoa da patroitza ere: arriskua zakur zaharra gaztea xaxatzen ibiltzeko. Baietz Unaxek: «Beheko ligan izan nituen politak Garmarekin [orduan Deustun, orain Kaikun], eta aurten, Zierbenako Borja Gomez ere saiatu izan da zerbaitetan Sestaoko estropadan, Ibaizabalen. Baina oso lasai joaten naiz, gehienbat nire kaletik noala jakitun nagoenean». Muturra okertu du Xabierrek: «Ba, ni ez! Onik ez zidan egiten besteren bat gure kalean sartzen bazen, eta traineru barruan sekulako alterazioa sortzen zen».
Irabaztea... eta Kontxa
Irabazten denean, beste era bateko zalaparta sortzen da traineruetan. Biek dakite zer den ur gazitan garaipenaren gozoa dastatzea, eta horixe omen patroitza lanaren onena, Xabierren ustez: «Bandera altxatzea bezalakorik ez dago».
Irabazi gabe ari da irabazten aurten Getaria. Unaxi begiak argitu zaizkio biharko etxeko estropada aipatuta: «Berezia izango da. Ea estropada perfektua egiten dugun, eta dena alde daukagun». Kontxarako sailkatzeko aukerarekin ere bizitu egin da: «Itsasoa badago, barruan gara seguru». Xabierrek errematea: «Hauek ez daude ea beste bik huts egiten duten eta. Hor dira». Eta negar egingo du ziurrenik, orain egiten duen bezala. Hala kontatu du, behintzat: «Sekulako poza ematen didate nola dabiltzan ikusita. Herria ere bizitzen ari da hauena. Negarra ateratzen zait».
Arrauna
Popako konfidentziak
Eizagirretik Eizagirrera dabil 'Esperantza' trainerua. Xabier izan zuen patroi lehen, eta, orain, Unax. Ez dira senide. Unax hasi zenean, Xabier azkeneko olatuak hartzen hasia zen. Beteranoak bedeinkatu egin du gaztea: «Ona da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu