Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Poliziak euskal festa bertan behera uztera behartu du Esait

Erredakzioa
2014ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
ESAIT Euskal Selekzioen aldeko Iritzi taldeak antolaturiko euskal festa bertan behera gelditu zen atzo, Frantziako Poliziak Saint Laryn jarritako karpa desmuntatzera behartu zuelako. Iritzi taldeak onartzen du euren gunea eta taberna nolabaiteko hutsune legal batean muntatua izan dela, baina 14 urtetan Poliziak halako neurri bat hartzen duen lehen aldia da. Halere, ez dute inolako trabarik izango gaurko antolatua zuten bizikleta martxa egiteko.

ESAITek euskal festa atzoko arratsaldeko zortziak arte iraun zuen, baina gauerako antolaturiko ekitaldiak bertan behera gelditu ziren. Poliziek ondo ezagutzen dute euskal festa nola garatzen den, eta ingurunea errespetatzen duela, baina ez zuten baimendu. Esaiteko kideei karpa eta bestelakoak bildu beste erremediorik ez zitzaien gelditu. Honen ondoren Pirinioetara itzuli edo ez hausnartu beharko dute.

Festa ez, baina martxa bai. Frantziako Poliziak ez baitio trabarik jarri Esaitek gaurko antolatua duen bizikleta irteerari. Urtero legez euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatuko dute maldan gora. Halere, baliteke ez elkartzea aurrekoetan adina parte hartzaile, aurten beste urte batzuetan baina euskal zale gutxiago bildu direla iruditu zaielako. Nonbait nabaritu da Euskaltelen hutsunea.

Gaur, motza eta gogorra

Gaurko etapak 124 kilometro pasa izango ditu, eta txirrindulariek lau mendate gainditu beharko dituzte: lehen mailako hiru eta maila bereziko bat. Tourreko motzenetakoa izango da, baina gogorrenetakoa ere bai. Saint-Gaudensetik abiatuko dira txirrindulariak, eta Saint-Laryra bitarte izango dute nahiko lan. Lehen 48 kilometroak ordekan egingo dituzte, eta ondoren hasiko dira mendateak. Lehenik, Portillon igoko dute; ondoren, Col de Peyresourde; gero, Col de Val Louron-Azet, eta azkenik, Saint-Lary. Mendate bat jaitsi orduko beste bat igotzen hastea tokatuko zaie ziklistei, eta horrek hanketako mina eragingo du. Hortaz, ikusi egin beharko da nor dagoen pedal kolpe onenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.