Amasako mendi duatloia aurtengo zirkuituko lehenengo proba zuen Jon Erguinek (Beasain, Gipuzkoa, 1980), eta argi utzi zuen oraindik ere zer esan handia emateko gai dela. Mendiko bizikletako denboraldian buru-belarri murgilduta egon eta gero, Mendi Duatloiko Euskal Herriko txapelketarekin bukatu du denboraldia. Laugarren txapela du aurtengoa, 2011n zirkuitua martxan jarri zenetik.
Aspaldiko partez, berriro ere mendi duatloi batean parte hartu duzu. Nola sentitu zinen itzuleran?
Oso gustura. Berriz ere lagun zahar batzuekin egoteko eta lehiatzeko aukera izan nuen, nahiz eta orain aurrean dabiltzanak ez diren lehen ibiltzen ziren berdinak. Polita izan zen Amasako ikusleak berriz ere ni animatzen entzutea. Egindako lasterketarekin oso gustura nago, eta, noski, Euskal Herriko txapela irabaztea beti da ilusioa egiten duen zerbait.
Aspalditik pentsatuta al zenuen txapelketa lehiatzea?
Ez. Orain mendi bizikletan zentratuta nago, eta hilabete baten faltan-edo erabaki nuen Amasan parte hartzea. Mendi bizikletako nire egutegiko azken lasterketa egin eta bi astera zen Amasako duatloia, eta urte askotan egin izan dudan lasterketa da, maitasun pixka bat ere badiot. Gainera, ikusita Euskal Herriko Txapelketa izan behar zuela, ba parte hartzea erabaki nuen.
Irabazteko esperantzarik ba al zenuen?
Egia esan, bai, aukerak banituela uste nuen, eta helburua hori zen. Nahiz eta orain ia korrikarik ez egin, mendi bizikletan indartsu nabil, urteetako esperientzia ere badut, eta garaipenaren bila irten nintzen.
Zer iruditu zaizu ibilbidea?
Asko gustatu zitzaidan. Asko aldatu da garai batean Amasan egiten zen ibilbidearekin alderatuta. Oraingoa politagoa eta teknikogoa da. Lokatzak dena zailago bihurtu zuen, baino ez zen arriskutsua.
Zein ikusten zenituen azken garaipenerako areriorik gogorrenak?
Banekien Eneko Gurrutxaga, Alain Santamaria eta Iñaki Isasi izango zirela. Agian Santamaria da indartsuena, baina Gurrutxaga oso trebea da jaitsieretan, eta jakinda zirkuitua teknikoa zela eta berak diseinatu zuela, ba bera jotzen nuen arerio zuzenena. Nire estrategia izan zen korrika lasterketa ez galtzea; bizikletan maldan gora dena ematea eta tartea zabaltzea: eta jatsierak seguru eta akatsik gabe egitea. Ondo atera zitzaidan, baina borroka estua izan genuen.
Jende gehiago espero al zenuen txapelketan?
Partaidetza jaitsi dela ikusi dut, eta orain batzuek errelebo lasterketan parte hartzen dute, lasterketa osoa egin beharrean. Guztia kontuan izanda partaidetza ona izan da, baina pena ematen dit lasterketa hauek indar gehiago ez izateak.
Zer falta zaio mendi duatloiko zirkuituari jende gehiago erakartzeko?
Falta ezer ez. Antolakuntza bikaina du, ibilbide egokiak eta giro aparta. Arrazoia zehazki ez dakit zein den, baina faktore ezberdinen batura dela esango nuke: batetik, gaur egungo lasterketa ezberdinen saturazioa, asteburuoro non aukeratu ahal izateko lasterketa ezberdin asko dago Euskal Herrian; bestetik, jendearen beldurra edo errespetua esango nuke, ez da erraza mendiko bi kirol ezberdin ondo uztartzea, eta jendeak barregarri gelditzeko beldurra duela esango nuke. Gainera, lasterketa motzak dira, eta horrek esan nahi du bizkor egin behar direla.
Zergatik alboratu dituzu mendi duatloiko lasterketak?
Zortzi urte inguru egin nituen duatloi, kros, neguko triatloi eta mendi duatloiak eginez. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua sortu aurretik ere mundu horretan nenbilen. Mendi bizikleta zen gehien gustatzen zitzaidana, eta ondoen moldatzen nintzela. Txipa pixka bat aldatzea eta mendi bizikletarekin hastea erabaki nuen. Erronka berriak nahi nituen, eta benetan ikusi nahi nuen ea zer moduz moldatu nintekeen mendi bizikletan.
Zer moduz daramazu mendiko bizikletako denboraldia?
Oso ondo. Denboraldia orain bukatu dut, eta oso ondo joan da. Lasterketa ugari irabazi ditut, eta esperientzia politak ere bizi izan ditut. Aipatzekoa da lehen aldiz Euskal Herriko Mendi Bizikletako Txapelketan parte hartu dudala eta garaipena lortu ere bai. Ilusio berezia egin zidan. Oso polita izan da urte berean mendi bizikletako eta mendi duatloiko Euskal Herriko txapelketak lortzea.
Denboraldia bukatu duzu edo beste lasterketaren bat egiteko asmoa duzu?
Amaitutzat ematen dut. Oraindik sasoian egonda, denboraldia luzatzeko tentazioa izan dut, baina Amasan bukatzea erabaki dut. Negua lasai hartuko dut, eta datorren denboraldian mendi bizikletarekin berriz indartsu itzultzen saiatuko naiz.
Jon Erguin. Mendiko txirrindularia
«Polita izan da mendi bizikletako eta mendi duatloiko txapelak lortzea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu