Pilota. Buruz Buruko Txapelketako finala. Jokin Altuna. Aspeko pilotaria

«Polita da Eriken aurka aritzea, baina desatsegina berak galtzea nahi izatea»

Urteroko ohitura beteko du Altunak, azken bost urteetan jokatu baitu final bat gutxienez. «Oso pozik» dago Jaka, haren lagun handia, «lan gogor eta onaren fruitua» jasotzen ari delako. Baina buruz buruko bigarren txapela janztea baino ez du buruan.

JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Jokin Altunak (Amezketa, Gipuzkoa, 1996) aspaldi erabaki zuen koronabirusak eragindako osasun egoera kezkagarriaren aurrean bere burua «ahalik eta gehien zaintzea eta babestea». «Entrenatu, jokatu, etxe azpiko dendan erosketak egin, eta etxera; horra nire egunerokoa aspaldian», aitortu du. Bi hilabete daramatza kuadrillarekin mahai baten bueltan eseri gabe. Segurtasun neurri horiek guztiak muturrera eramango ditu aste honetan. Ez du nahi ezerk eragoztea Buruz Buruko Txapelketako finala jokatzea. «Sekulako faena litzateke finalaren astean gaixotzea». Bigarren finala du buruz burukoan. 2018an jokatu zuen aurrenekoa, igandeko toki berberean, Bilbon, eta txapela jantzi zuen, Aimar Olaizolari 22-14 irabazita. Igandean, «lagun handi baten» aurka ariko da: Erik Jakaren kontra.

Zailena ez da gora iristea, bertan irautea baizik. Eta zu ari zara irauten. Larunbatean beteko dira lau urte lehen mailako aurreneko finala jokatu zenuenetik: lau eta erdikoa, Oinatz Bengoetxearen aurka galdutakoa, hain zuzen. Ordutik, urtero jokatu duzu gutxienez final bat. Seigarrena izango duzu igandekoa. Jakitun zara meritu itzela duela egiten ari zarenak?

Bai, noski, eta oso pozik nago egiten ari naizenagatik. 2014an egin nuen debuta, eta 2016an jada lehen finala jokatu nuen, lau eta erdikoa. 2017an eta 2018an, berriz, bi txapel irabazi nituen: lau eta erdikoa eta buruz burukoa. Iaz, beste final bat jokatu nuen, eta aurten, beste batean ariko naiz. Oso polita litzateke urtea txapela irabazita bukatzea. Ea lor dezakedan.

Ezohiko txapelketa izan da buruz buruko hau: koronabirusagatik lehenbizi, eta Baikoko pilotarien lan gatazkagatik ondoren, ohi baino askoz beranduago jokatu da, eta horregatik ere askoz laburragoa izan da; prestaketa ere hala moduzkoa izan zen. Hala ere, finalean zaude, eta beste txapel bat irabazteko aukera duzu. Testuinguruak meritu handiagoa ematen dio horri?

Bai, ez delako erraza izan. Hasteko, txapelketa hasi baino bi aste lehenago, ez genekien jokatuko zenik ere. Bete-betean zegoen Baikoko pilotarien gatazka. Zorionez, konpondu egin zen, eta aukera izan genuen buruz burukoa jokatzeko. Jokatu bai, baina hilabete eskasean. Zaila izan da horrela jokatzea, fisikoki zein psikologikoki, baina amaitzear gaude. Ea bukaera ona eman diezaiokegun.

Argi zegoen aurretik gertatutako guztiagatik ezohiko txapelketa izango zela. Eta hala izan da: ezusteak egon dira. Zerrendaburu bakar bat ere ez da ariko finalean.

Hala da. Ezusteak egon dira, baina egon dira irabazi duten pilotariek ikaragarri jokatu dutelako. Gero eta parekotasun handiagoa dago pilotan, gero eta alde txikiagoak daude, eta edonork irabaz dezake txapela.

Txapela irabazteko faboritoen artean zu zara huts egin ez duen bakarra. Inor ez da zu ustekabean harrapatzeko gai izan.

Hori hala da, baina partida guztiak izan dira gogorrak. Hemen inork ez du ezer oparitzen.

Nola ikusi duzu zeure burua hiru partidetan?

Aurreneko partidan dena ondo irten zitzaidan. Jon Ander [Peña] lesionatuta egon zen, eta ezin izan zuen bere onena eman. Baina beste bi partidak, Josebaren [Ezkurdia] eta Darioren [Gomez] aurkakoak oso gogorrak izan ziren. Biek lan handia eman zidaten, baina lortu nuen partidak aurrera ateratzea. Horrek asko bete ninduen.

Bi partida horietan, zein izan zen gogorrena? Noren aurka ikusi zenuen zeure burua arriskuan?

Bi partidetan sufritu nuen ikaragarri. Neurketan zeharreko emaitza kontuan hartuta, Darioren aurka ikusi nuen larriago neure burua. Josebaren kontra, ni nindoan aurretik, baina Darioren aurka, bera: 10-7 eta 15-14. Horrek zailtasuna handitzen du, atzetik joan behar izan nuelako. Kostatu egin zitzaidan buelta ematea, baina lortu nuen, eta sekulako poza hartu nuen.

Larri ikusi zenuen zeure burua Darioren aurkako finalerdian, baina burua hotz izan zenuen, eta estrategia aldatuta, atzera joz, lortu zenuen behetik gora egitea. Halako une zailetan erabakigarria da eskarmentua?

Bai, noski. Finalerdia amaitutakoan esan nuen partidan zehar ere ikasi egiten dela. Ondo dago entrenatzea, baina asko ikasten da lehiatuz, partidak jokatuz. Lehiak ematen dizu eskarmentua, eta halako momentu zailetan izugarri eskertzen da, burua ahalik eta hotzen mantentzeko eta patxadaz aritzeko. Nik beti diot garaipen handietatik bezainbeste ikasten dela porrot handietatik.

Jaka laguna izango duzu aurkari igandean, finalean. Zer esaten dizu gorputzak?

Oso final berezia dela. Oso pozik nago finalera iritsi naizelako, baina baita Erikek beste horrenbeste egin duelako ere. Merezi du, oso pertsona saiatua delako. Oso zoriontsu naiz Erikek txapel bat irabazteko aukera duelako. Baina orain, bakoitzak berea egin behar du.

Sentipen ederra izan behar du final bat jokatzeak. Lagun handi baten aurka izateak ederragoa egiten du? Badago sentipen hoberik?

Ederra da Eriken aurka aritzea, baina dena ez da polita. Zuk beti nahi izaten duzu lagun handi batek irabaztea, baina aste honetan ez duzu hori gertatzerik nahi. Galtzea nahi duzu, eta desatsegina da hori nahi izatea. Ingururako, eta batez ere Tolosalderako, egun oso polita izango da, baina txapel bat dago jokoan, eta bai Erikek, bai nik tentsioarekin bizituko dugu.

Lagun handiak zarete.

Handiak, bai, eta aspaldikoak. Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, Erik Amezketara, Zazpi Iturri klubera entrenatzera etorri zenetik. Nik 9 urte nituen, eta berak 11. Mutil handia zen, eta asko jokatzen zuen pilotan. Pixkanaka-pixkanaka harremana egiten hasi ginen, nola ez, beti pareta baten inguruan, pilota joz. Hasieratik oso ondo moldatu ginen. Gure gurasoak ere berehala adiskidetu ziren.Oso polita da gure artekoa.

Segituan moldatu zineten oso ondo elkarrekin. Zergatik?

Bada, bioi izugarri gustatzen zaigulako pilota, eta orduko hartan, ordu pila sartzen genituelako frontoian.

Hura zu baino bi urte zaharragoa da [26 urte ditu Jakak, eta 24 Altunak], beraz, afizionatuetan gutxitan jokatuko zenuten elkarren aurka.

Oso gutxitan. Hark maila bat gorago jokatzen zuen. Horregatik ere oso gutxitan aritu izan ginen elkarrekin. Torneo bat gogoratzen dugu bereziki. Errenterian [Gipuzkoa] aritu ginen biok, bera atzelari eta ni aurrelari, eta irabazi egin genuen. Oso polita izan zen.

2013ko San Joan egunean egin zuen debuta Jakak profesionaletan, Eibarren [Gipuzkoa]. Han izan zinen?

Noski, baietz! Oso ondo akordatzen naiz: nik 17 urte nituen, eta Erikek 19. Oso egun polita izan zen. Gero, justu urtebete geroago egin nuen nik debuta, eta Erikek eraman ninduen autoan Eibarrera. Bi egun horien oso oroitzapen politak ditut.

Orain, osasun egoeragatik ez balitz, elkarrekin joango zinatekeen autoan pilota aukeraketara eta finalera?

Ez. Bakoitza bere kasa joango ginateke. Asko ari gara jokatzen, eta bakoitzak bere estrategiak prestatu behar ditu. Asteazkenean [atzo] bai entrenatuko gara elkarrekin, eta ziur giro onean ariko garela, baina ostegunetik aurrera bakoitza berera joango da.

Nola ikusi duzu haren garapena azken urteetan?

Kolpe batez egin beharrean, pausoz pauso egin du gora. Lan handia egin du, bere buruarengan konfiantza handia izan du, eta merezita iritsi da dagoen tokira. Lan gogor eta on horren fruitua jasotzen ari da orain. Oso zoriontsu naiz ikusita gauzak ondo ateratzen ari zaizkiola. Une txarrak pasatu ditugu biok, eta beti saiatu gara elkarri laguntzen. Harro nago Erik horrela ikusteaz.

Ezustekoa izan da hura finalerako sailkatzea?

Nik gai ikusten nuen. Partida zailak zituen, baina ni sinetsita nengoen berea eginez gero, aukera izango zuela urrutira iristeko. Min handia egin die aurkari guztiei haren berezko estiloarekin.

Zein da haren estiloa?

Oso oldarkorra da. Erritmo bizian jokatzea gustatzen zaio, eta aukera txikiena duenean erraz bukatzen du tantoa. Fisikoki ere oso indartsua da. Oso gogorra da haren aurka jokatzea.

Horren ondo ezagututa, sekretu gutxi izango duzue ezkutatzeko, ezta?

Pilotan sekretu gutxi dago. Pilotari guztiok oso ondo ezagutzen dugu elkar.

Sakearekin min handia ari da egiten.

Asko ari da sakatzen, baina beste hainbat gauza ari da oso ondo egiten ere. Oso pilotari konpletoa da, eta sasoi betean dago.

Erritmo biziko finala izango da?

Baietz uste dut. Bizi jokatzea gustatzen zaigu bioi. Hala ere, jokatu aurretik ezin da jakin.

Non egon daiteke gakoa?

Ez dut arrastorik ere ez. Nire lana ondo egin behar dudala da dakidan gauza bakarra.

Hiru aste daramatzazue osasun egoeragatik ikuslerik gabe jokatzen. Baina benetan oso arraroa izango da final bat harmailak hutsik egonda jokatzea, ezta?

Oso arraroa izango da, baina ohitzen hasi behar dugu, egoera den bezalakoa delako.

Imajina ezazu: txapela buruan, eta inor ez harmailan. Ezta ospakizun handirik etxera itzultzean ere.

Oso arraroa da dena, zalantzarik gabe, baina dagoena dago. Gainera, egia esan, berdin dit nola irabazi, nik txapela jantzi nahi dut buruan, kosta ahala kosta. Ea lor dezakedan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.