Kontxako Banderaren antolakuntzak errotik eten du azken egunetan arraunean piztu den polemika. «Jakin dugu bi traineruk erabili egin dutela nabigazioan laguntzeko ehun berezi bat, eta horren erabilera debekatuta geratzen da sailkatze estropadan eta banderaren lehiako bi estropadetan. Harrapatzen dugunari zigor ekonomikoa ezarriko zaio, eta kaleratua izango da».
Agirian aipatzen ez dituen bi klub horiek Urdaibai eta Hondarribia dira. Sua Galizian piztu zen, aurreko asteburuan, Eusko Label ligako bi estropadatan. Bi traineruek bi egunetan jarri zuten traineruaren azpialdean ehun bereziz egindako pegatina. Beste taldeetakoak kezkatu eta harritu egin ziren ikusita nolako aldeak atera zizkieten bi talde horiek besteei lehian hasi orduko, klub batzuetan besteetan baino gehiago. Klub horien ustez, liga osoan gertatu ez dena izanda hori. Jakin zuten pegatinarena, eta kontua zabaltzen hasi ziren. Gehien mugitu direnak Donostiarra eta Orio izan dira.
Kontxa gain-gainean zela, ezin zuten onartu bi taldek bakarrik besteekiko abantaila teknologiko hori izatea, eta esamesa kutsua zuena albiste bihurtzea erabaki zuten. Euskadi Irratiko Tostartean saioan aurreratu zuten albistea astelehen gauean. Kontxako antolakuntza jakinaren gainean jarri nahi zuten, eta presioa egin, neurriren bat har zezan.
Baina zer dio araudiak? Legezkoa al da abantaila teknologiko hori erabiltzea? Traineruen Kluben Elkarteko araudiak ez du aipatzen erabili ezin daitekeenik, baina ezta erabil daitekeenik ere. Horri heldu diote erabiltzaileek. Beste horrenbeste dio Euskadiko Arraun Federazioren araudiak. Kontxako Bandera azkeneko arau sorta horren arabera epaitzen da. Horrelakoak erabiltzea debekatzen duena Nazioarteko Arraun Federazioa da, eta, ondorioz, Espainiako Federazioa. Pegatina erabili dutenen ustez, aulki mugikorraz ari da debekua, ez tostako arraunaz. Besteen ustez, berriz, Nazioartekoak ez ditu bereizten aulki mugikorra eta tostakoa.
Legezkoa izan edo ez izan, kaltetuak sentitu direnen artean bada beste oinarri bat: pegatina erabiltzeak aldea ematen die bi erabiltzaileei, eta lehian ez da bermatzen berdintasuna. Edo denek edo inork ez. Ez daude arraunean teknologia berriak erabiltzearen aurka, baina guztiek baldintza berberak izatea nahi dute. Eta hori ez da betetzen kasu honetan, haien iritzian. Beste kirol batzuetako adibideari ere heldu diote. Igeriketan, adibidez, nazioarteko federazioak debekatu egin zituen neoprenozko bainujantzietan material berezi bat jartzea. Bere garaian, marrazoaren azalaren antzekoarekin hasi ziren egiten bainujantziak, eta munduko marka asko hobetu zituzten.
Azkenean, debekuaren alde egin du antolakuntzak. Batez ere, honengatik: kezka zuen pegatinak erabiltzekoak ez ziren taldeek helegiteak jarriko ote zituzten itsasgarri horiek baimenduz gero. Kontxan sarri samar izaten den eztabaida uxatu nahi izan du.
Horretarako, atzo goizean mugimendu hau egin zuen: Urdaibairi eta Hondarribiari eskatu zien ez erabiltzeko pegatinak. Aldi berean ez, baina biek onartu zuten azkenean eskaria, eta antolakuntzaren agirian badator horrela izan zela; alegia: biek ameto egin dutela.
Nondik dator, baina, pegatinarena? Ez da aurtengo kontua. Iazko traineru denboraldiaren amaieran du sorburua. Santurtzik erabili zuen, Kontxako Banderaren aurreko bi estropadetan. Aurten bezala, Eusko Label ligakoak izan ziren, eta biak Galizian orduan ere. Kontxan ere jarri zion Sotera traineruari, baita ligako azkeneko bi estropadetan ere, Bermeon eta Portugaleten. Kontxakoa publikoa da, pegatina egiten duen enpresak (Bionic Surface) bere webgunean egiten duelako kontakizuna. Izenburua esanguratsua da: Aldaketa txikiak, inpaktu handia.
Joan zen denboraldia, eta inor ez zen jabetu Santurtziren estrategiaz. Abendu aldera arte. Orduan jakin zuen Hondarribiak. Handik edo hemendik jakin du aurten Urdaibaik iaz Santurtzik egin zuen gauza bera egin behar zuela: Galiziako bi estropadatan, Kontxan eta ligako azkeneko bi jardunaldietan pegatina erabili, eta orduan erabaki zuten gipuzkoarrek ere pegatina erabiltzea.
Traineruaren popatik brankara doan punturik baxuenean jartzen da itsasgarria, alderik alde; ontziaren urpeko aldean, alegia. Nabigazioan laguntzen dio traineruari. Erabili dutenen ustez, ez du hainbesteko abantaila ematen, eta ezin da neurtu segundotan zenbatekoa den alde hori. Baina besteen ustez, aldea sekulakoa da, eta erabakigarria izan da, adibidez, Galiziako estropadetan.