Pogacarren erakustaldia erlojuaren aurka

Esloveniarrak azken unean hobetu du Gannaren denbora, eta alde handia atera die sailkapen nagusiko aurkari guztiei. Hala, nabarmen sendotu du lasterketako lidergoa. Thomasek ondo eutsi dio hasieran, baina bi minutu galdu ditu azkenerako.

(ID_17153582868155) Tadej Pogacar.
Tadej Pogacar (UAE), ahalegin betean Giroko erlojupekoan. ITALIAKO GIROA
enaut agirrebengoa
2024ko maiatzaren 10a
18:45
Entzun

Zazpi etapa besterik ez da jokatu, baina Italiako Giroa dagoeneko oinpean dauka Tadej Pogacarrek (UAE). Bigarren egunean lortu zuen lidergoa, Oropan aise gailenduta, eta gaur erakustaldi handia egin du arrosaz jantzita, erlojuaren aurka. Bi helburu zituen gaur: denborarik onena egin, eta, era berean, Giroko beste faboritoak nabarmen atzeratzea. Bada, bitik bi. Etapa garaipena zail jarri dio Filippo Gannak (Ineos), baina, bukaeran estutu, eta hamazazpi segundo hobetu du italiarraren denbora. Geraint Thomasi (Ineos), berriz, bi minutu atera dizkio. Sailkapen nagusiko bigarren postua galdu du galestarrak, Daniel Felipe Martinezen (Bora) mesedetan.

Txirrindulariek 40,6 kilometroko lana osatu dute. Azken bederatzi urteetan Giroan jokatu den erlojupekorik luzeena izan da. Lauak ziren lehen 34 kilometroak, aukerakoak espezialistentzat. Ordea, kilometro pasako horma tentea zegoen gero, eta sasi-ordekan egin behar zen hortik helmugarainokoa. Hortxe apurtu du lasterketa Pogacarrek. Gannaren atzetik izan da ordekan, baina maldan gora txikitu egin ditu aurkari guztiak. Helmugan, Martinez eta Antonio Tiberi (Bahrain) izan dira bi minutu baino gutxiago galdu duten hautagai bakarrak: 1.49 galdu du batak, eta 1.21 besteak. Sekulako galera izan dute beste askok: Juanpe Lopezek (Lidl), adibidez, 4.17ra bukatu du.

Lorenzo Milesi (Movistar) izan da 54 minutuko langa apurtu duen lehena: 53.40. Marka hori hamasei segundoan hobetu du Mikkel Bjergek (UAE), baina hari ere gutxi iraun dio pozak, Ganna berandu gabe helmugaratu baita. Italiako txapeldunak hegan egin du ordekan, eta sekulako aldeak atera ditu tarteko bi mugarrietan. Baita helmugan ere, maldan gora ondo eutsi ondotik. Azkenean, 52.01eko denboran gelditu du kronometroa. Oraindik ziklista asko zeuden ateratzeko, baina oso gutxik jar zezaketen kolokan Gannaren garaipena.

Horien artean, italiarraren bi taldekide zeuden: Magnus Sheffield eta Thymen Arensman. 32 eta 43 segundora helmugaratu dira, hurrenez hurren. Mehatxu nagusia Pogacar zen, baina lehen mugarrian 44 segundo galdu ditu Gannarekin. Era berean, zortzi segundo baino ez dizkio atera Thomasi. Ordea, gora egin du esloveniarrak, batez ere errepideak gorantz egin duenean. Igoeran 47 segundoren aldea irauli dio Gannari. Thomas, ordea, gain behera joan da, eta latz sufritu du azken zatian.

Sailkapen nagusian, Pogacarrek 2.36ra utzi du Martinez, eta 2.46ra Thomas. Laugarren Ben O’Connor jarri da, saio txukuna egin ondotik. 3.33ko atzerapena du. Luke Plappek ere jauzi handia egin du, eta bosgarren dago orain, 3.42ra. Apal aritu da, ordea, Cian Uijtdebroeks (Visma), eta hiru postu galdu ditu sailkapenean: zazpigarren dago orain, 3.50era. Bihar, Prati di Tivon egongo da helmuga; aldeak are gehiago handitzeko aukera izango du Pogacarrek.

Giro 8.etapa

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.