Sasoi ikaragarria betetzen ari da Tadej Pogacar, eta gaur izango du besoak altxatzeko beste aukera bat, Fleche Wallonnen. Josean Fernandez Matxin (Basauri, Bizkaia, 1970) pozik dago esloveniarraren lanarekin, eta aitortu du helburu bakarra irabaztea dela.
Ikusi gehiago: Izen asko, baina faborito handi bakarra dago gaur Fleche Wallonnen
Nola doa sasoiaren lehen erdia?
Oraingoz, ondo doa. Baikorrak gara. Denboraldia positiboa izaten ari da, garaipenak iristen ari direlako. Helburu handiak lortzen ari gara; ez guztiak, jakina, beti baitaude aurkari handiak. Oraindik lasterketa garrantzitsu asko geratzen dira, baina, oro har, denboraldi ona izaten ari da.
Taldean daukazun rola bera da, baina badaude aldaketa batzuk, ezta?
Nire lana bera da, baina orain ez naiz lehiaketa guztietara joaten, eta zuzendariek egiten dute lan hori. Orain, 360 graduko ikuspegia dut, baina ez joaten naizen lasterketetan soilik; joaten ez naizen lasterketa horietan ikuspegi orokor bat izan behar dut. Zuzendari bat edo bestea egoteak taldearen filosofia edo jarrera ez aldatzea da gure helburua. Garrantzitsuena nortasun edo filosofia propioa eraikitzea da, eta lasterketa guztietan mantentzea.
Eta nola lan egiten duzu lasterketan bertan ez zaudenean?
Ni egoten ez naizen lasterketan dei bat egiten zaio beti zuzendariari, txirrindularien taktika, teknika eta egoera planifikatzeko. Lehenik, entrenatzaileekin hitz egiten da, eta lehian daudela informazioa bidaltzen digute, medikuek bezala. Horrekin txirrindulari bakoitzaren egoeraz jabetzen gara, eta, egoera fisikoaren arabera, zuzendariekin bilera batean hitz egiten da, funtzionatzeko modua erabakitzeko.
Pogacarren denboraldia bikaina da. Nolakoa izan zen planifikazioa eta zer balorazio egiten duzu?
Plangintza erraza izan da. Programa antzekoa izan da, nahiz eta egutegia pixka bat aldatu den. Tirreno-Adriatikoaren ordez, Paris-Niza egin du, baina garai berean. Arabiar Emirerrietako Itzuliaren ordez, Espainiako lasterketa batzuk egin ditu, baina horiek ere garai berean. Hortaz, ez da asko aldatu. Aldatu den gauza bakarra da beste lasterketa batzuk aukeratu ditugula Tadejek berak beste anbizio bat izateko, edo erronka berriak izateko. Garrantzitsua iruditzen zait beti egutegi bera ez egitea, eta beste lasterketa batzuk ezagutzea.
Asko hitz egin da azken astean taldeak atseden hartzera behartuko zuela Pogacar, eta ez zela Fleche Wallonnen edo Lieja-Bastogne-Liejan ariko. Horrela izan da?
Ez dago horrelakorik. Taldeak ez dio mugarik ezarri, eta ez diogu inoiz inori hori adierazi. Egia den gauza bakarra da ez dugula nahi lehiaketa egun asko pilatuta iristea Frantziako Tourrera. Baina inoiz ez dugu esan ez duela Fleche Wallonne egingo.
Pogacarrek asko irabazi du sasoi honetan, eremu desberdinetan eta estrategia desberdinekin. Nola planifikatzen dituzue etapak harekin?
Ibilbidearen araberakoa izaten da askotan. Lasterketa asko daude indartsuena zarenean lasterketa gogorra egiten saiatu behar duzuna, eta lortzen duzunean, egoera hori buruz buruko egoeretan aprobetxatu. Hor ez dago talde lanik. Uste dugu onena dela, eta konbentzimendu horretatik etapa oldarkorragoa egiten dugu batzuetan, baina beti elkarren artean adostua da. Ezin baduzu hori lortu, eta txirrindulari asko badaude elkarrekin, taktika desberdina da. Aurkarien eta ibilbideen araberakoa da. Lasterketa bakoitza desberdina da.
Paris-Niza, Flandriako Tourra eta Amstel Gold Race irabazi ostean, Fleche Wallonne eta Lieja-Bastogne-Lieja irabaztea izango da helburu bakarra, ezta?
Bai, dudarik gabe. Tadejek lortu duena lortzen duzunean, ezin zara ezkutatu. Ez da hasi zenean bezala. Behin eta berriz esaten genuen Fabio Aru zela liderra, eta Tadejen bilakaera pixkanaka ikusiko genuela. Gaur-gaurkoz, taldeko lider nagusia da, eta lasterketa guztiei anbizioz eta irabazteko helburuarekin egiten diegu aurre.
Zer moduzkoa iruditzen zaizu ibilbidea, eta nola ikusten dituzu aurkariak?
Ibilbide klasikoa da. Ez da askorik aldatzen azken urteotan ikusi dugunaren aldean. Azken igoera erabakigarria izango da. Besteak ez dira hain gogorrak, baina ondorioak antzemango dira hanketan. Aurkariei dagokienez, txirrindulari on asko daude, baina nik neureari erreparatzen diot.
Izar asko ere badituzue, beste talde askotan taldeko liderrak izango liratekeenak: Joao Almeida izango da taldeburua Giroan, Pogacar Tourrean, eta Juan Ayuso Vueltan. Adam Yates, George Bennett, Jay Vine, Marc Soler... Zer eskaintzen die UAEk bertan gelditzeko?
Kontratuak sinatzean hitz egiten dugu. Argi eta garbi hitz egin behar dugu haiekin, eta bakoitzarengan ditugun itxaropenak esan. Txirrindulari guztiek gure asmoen berri izatea nahi dugu. Yatesekin hitz egiten duzunean, adibidez, lasterketa batzuetan garrantzitsua izango dela esaten diozu, eta Frantziako Tourrera joaten bada garrantzitsua izango dela, baina Tadejentzat. Protagonista izaten jakin behar dute banaka, baina baita taldean ere.
Jumbo-Vismak eta Ineosek talde osoa daukate. Hori presioa izango da zuen taldea indartzeko, ezta?
Ez dakit zer egiten duten gainerako taldeek, eta nik ere ezin dut horren arabera jokatu. Guk geure nortasuna dugu, eta ez dugu inorekin alderatu nahi. UAEk inoiz izan duen talderik onena daukagu, baina urtero aurrerapauso bat ematen jarraitu nahi dugu, eta alderdi guztietan hazi.
Josean Fernandez 'Matxin'. UAE Emirates taldeko zuzendaria
«Pogacarrekin ezin zara ezkutatu; irabazi nahi dugu»
Gaur jokatuko da Fleche Wallonne klasiko ospetsua, eta bertan ariko da Tadej Pogacar. Tropeleko izarraz eta sasoiak orain arte eman duenaz hitz egin du haren zuzendariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu